Eusko Legebiltzarra datorren asteartean osatuko da. Egun horretan, ganberako mahaia eratuko dute, osoko bilkuran. Legebiltzarreko Diputazio Iraunkorrak atzo adostu zuen legebiltzarra osatzeko eguna, eta Arantza Quiroga jarduneko presidenteak horren berri eman zien komunikabideei.75 legebiltzarkideek euren egiaztagiriak hartu dituztenez, legebiltzarraren osaketa «ez atzeratzea» erabaki dutela azaldu zuen Quirogak. Bere azken agerraldian, legebiltzarreko jarduneko presidenteak eskerrak eman zizkien alderdi guztietako ordezkariei, azken legealdian emandako «laguntzagatik».
Horiek hala, datorren asteartean aukeratuko dituzte Eusko Legebiltzarreko mahaia osatuko duten bost kideak. Okerrik ezean, Bakartxo Tejeria jeltzalea izango da legebiltzarreko presidente berria. Legebiltzarreko lehendakaria gehiengo osoz aukeratu behar da, eta inork ez badu lortzen, boto gehien dituzten bien artean aukeratuko da, gehiengo soilez. Nolanahi ere, EAJk ez du trabarik izango presidentetza lortzeko, ez eta mahaiko bigarren idazkari kargua izateko ere. Gainerako hiru karguak hauteskundeetan alderdiek lortu duten babesaren arabera banatuko dira, eta, beraz, EH Bilduk, PSE-EEk eta PPk ordezkari bana izango dute. UPDko kideak ez du, itxura batean, tokirik izango mahaian.
Mahaiko postuetarako nortzuk proposatuko dituzten ez dute ofizial egin oraindik, baina alderdi politikoetako iturriek zenbait izen iragarri dizkiete albiste agentziei. EAJtik, Iñigo Iturratek har dezake bigarren idazkaritza —aurreko legealdian bigarren presidenteordea izan da—. EH Bilduk, berriz, jakinarazi du Juanjo Agirrezabala proposatuko duela lehen presidenteorde posturako.PSE-EEk eta PPk ez dute iragarri zein legebiltzarkide proposatuko dituzten mahaiko kide izateko. Jakina den bakarra daPSE-EEko kide batek beteko duela bigarren presidenteordearen kargua,eta PPkoak lehen idazkariarena.
Legebiltzarreko mahaia eratzen denean, Bateraezintasunen Batzordeak osoko bilkurara deituko du, eta bertako kideek hogei eguneko epean aurkeztu beharko dute irizpena. Hurrengo urratsaJaurlaritzako lehendakariaren inbestidura saioa izango da.
Inbestidurarako, eperik ez
Ez dago epemugarik lehendakaria aukeratzeko osoko bilkurara deitzeko. Bilkuran, bere burua lehendakarigai aurkezten dutenen artean aukeratuko da. Iñigo Urkulluk bere hautagaitza aurkeztuko duela, horixe besterik ez da jakina, gainerako alderdiek ez baitute argitu euren hautagaiak aurkeztuko dituzten. Lehen bozketan aukeratua izateko gehiengo osoa beharko da, baina inork ez badu lortzen, hurrengo egunean errepikatuko da bozketa, eta, orduan, boto gehien jaso dituen hautagaia izango da lehendakaria.
Eusko Legebiltzarra asteartean osatuko dute
Legebiltzarreko presidentea eta mahaiko beste lau ordezkariak aukeratuko dituzte, osoko bilkuran

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu