EAJ, EA eta Ezker Batuak “euskal erakundeen eta autogobernuaren alde” bihar Bilbon egingo den manifestaziorako dei egin diote euskal gizarteari. Baina epaileen aurka ez dela izango azpimarratu nahi izan dute.
Iñigo Urkullu EBBko buruak, Unai Ziarreta EAko presidenteak eta Javier Madrazo EBko koordinatzaile nagusiak Bilbon eginiko prentsaurrekoan egin dituzte adierazpenok.
Bihar egingo den manifestazioa Juan Mari Atutxa, Gorka Knörr eta Kontxi Bilbaoren aurkako sententziaren harira deitu dute, 18:00etan, Bilboko Jesusen Bihotzaren plazan.
Urkulluren arabera, Espainiako Auzitegi Gorenaren epaia “Legebiltzarrak hartutako erabaki baten aurkakoa” izan da, eta ez pertsona baten erabakiaren kontrakoa. Haren iritziz, “Eusko Legebiltzarraren botere judiziala oztopatu nahi izan da” erabaki horrekin, “mendekotasun efektu bat” sorraraziz.
Biharko manifestazioa orduan Legebiltzarrean zeudenen eta oraingoen duintasunaren aldekoa izango da, Urkulluk adierazi duenez. Bestetik, hainbat epaile eta majistraturen aldeko adierazpenak egin ditu EBBko buruak, haien lana “modu eraginkor, duin eta profesionalean” egiteagatik. Baina Auzitegi Goreneko batzuk hala egin ez izana kritikatu du.
Ziarretak Gorenaren epaia euskal autogobernuaren aurka egiten ari diren erasoaldiaren beste katebegi bat dela adierazi du, “Ibarretxeren auzia buruan baitaukate”. Euskal sistema judizialaren alde egin du EAko presidenteak.
Madrazok Eusko Legebiltzarreko gainontzeko alderdiak kritikatu ditu manifestazioa ez babesteagatik, botereak banatuz gero, demokrazia eta zuzenbide estatua jokoan baitaude haren ustez.
'Atutxa auzia'
Eusko Legebiltzarra “mendean” hartzeko saioa gaitzetsiko dute bihar EAJ, EA eta Ezker Batuak Bilbon
Atuxa kasuko epaiaren harira deitu dute manifestazioa bihar, 18:00etan, Bilboko Jesusen Bihotzaren plazan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu