Eusko Legebiltzarrak atzera bota ditu oposizioko talde politikoek 2020ko aurrekontu proiektuari aurkeztutako zuzenketa partzialak, eta onartu egin ditu datorren urterako kontuak. 2018koak PPrekin adostu eta gero, Jaurlaritzak luzatu egin zituen iazkoak, EH Bildurekin ados jarri ezinda. Beste luzapen batek arriskuan jar zezakeen azken hilabeteetan sartua den legealdiaren egonkortasuna, baina aurrekontu berriek legealdia lasai amaitzeko aukera emango diote Iñigo Urkulluren gobernuari.
EAJren eta PSE-EEren botoak nahikoa izan dira gaur (36), Elkarrekin Podemoseko hamaika legebiltzarkideetatik bederatzi abstenitu baitira —beste biak, Ezker Anitzakoak, kontra agertu dira—. EH Bilduk, PPk eta Ezker Anitzako biek kontra bozkatu dute: 29 boto guztira. Abenduaren 16an, PPren eta EH Bilduren osoko zuzenketak atzera bota zituen Eusko Legebiltzarrak.
Jaurlaritzak 11.775 milioi euroko aurrekontua izango du datorren urterako: aurten baino %2,9 gehiago. Pedro Azpiazu Ogasun sailburuak azaldu duenez, hamar eurotik zortzi hezkuntzara, enplegura, osasungintzara eta gizarte politiketara bideratuko ditu Jaurlaritzak aurrekontuen bidez. Elkarrekin Podemosen eta Jaurlaritzaren arteko akordioa 201,5 milioi eurokoa da, baina datorren urteko aurrekontuari dagokion kopurua 88,9 milioi euro baino ez da. Bestela esanda: 2020. urterako 88,9 milioi euroren diru sailak adostu dituzte, eta gainerako 112,6 milioiak konpromiso kredituetan gastatuko dituzte 2021 eta 2027 bitartean.
"Euskadik behar dituen aurrekontuak dira, 2020an gobernu programan hartutako konpromisoak garatu ahal izateko eta herri honek bere ongizate estatua hazten eta indartzen jarrai dezan", adierazi du Mikel Arruabarrena EAJko legebiltzarkideak, eta gaineratu kontuen onarpenak "egonkortasun politiko eta instituzionala" sendotuko duela.
Arruabarrenak EH Bilduri eta PPri eskatu die alde batera uzteko "taktika politikoa eta Jaurlaritza eta EAJ higatzeko jarrera", eta "elkarrizketara eta akordiora" hurbiltzeko: "Guztiekin jarraituko dugu lanean. Gure eskua, beti zabalik".
Leire Pinedo EH Bilduko legebiltzarkidearen esanetan, EAJk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemosek "murrizketa sozialei segida ematea" adostu dute: "Ez dute beteko Diru Sarrerak Bermatzeko Legea, eta, ondorioz, onuradunek legez dagokien baino 230 euro gutxiago kobratuko dute hilero; 253 euro gutxiago pentsiodunen kasuan". Horrez gain, salatu du "akordioaren oinarrian estatu mailako interesak" nagusitu direla: "Tamalez, Madrilgo interes politikoak euskal herritarren beharrei gailendu zaizkie berriro".
Bestela mintzatu da Lander Martinez Elkarrekin Podemoseko bozeramailea: "Jendearengandik hurbilago dauden politikak egiteko jaio ginen, eta akordio honek balioko du Euskadik kontinuismoa gainditzeko eta norabide zuzenean lehen urratsa egiteko". Jaurlaritzarekin eginiko hitzarmenaren garrantzia azpimarratu du Martinezek: "Akordioa irakurtzen duen edonork ikus dezake akordioaren 201,5 milioi euroek Elkarrekin Podemosen aztarna daramatela". Halere, aitortu du ez dela nahikoa: "Ez gara konformatzen, eta ez dugu begi bistatik galtzen eraiki nahi dugun Euskadi: eragin zuzena dugu oposizio eraikitzaile baten bitartez".
Anton Danborenea PPko bozeramaileak, berriz, EAJ "sustatzen" ari den gizarte eredua kritikatu du: "Pertsona bati errentagarriagoa zaio DSBEaren laguntzatik bizitzea lanera joatea baino". Horretaz gaiera, Jaurlaritzari egotzi dio aurrekontuetan "gastu arruntak haztea eta pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga jaisteko aukera urte luzez galaraztea".