Aurrekontuak. Eusko Jaurlaritza

Jaurlaritzak eta EPk 88,9 milioiren diru sailak adostu dituzte 2020rako

112,6 milioi euroren konpromiso kredituak hitzartu dituzte hurrengo urteetarako. Ostiral honetan sinatuko dute akordioa, baina aurretik Podemoseko eta Equoko militanteek onetsi beharko dute

Pedro Azpiazu, Lander Martinez agurtzen, joan den asteartean. JUANAN RUIZ / FOKU.
Edurne Begiristain - Irati Urdalleta Lete
Gasteiz - Donostia
2019ko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Ituna lortu dute Eusko Jaurlaritzak eta Elkarrekin Podemosek datorren urteko aurrekontuak aurrera ateratzeko. Azken asteotako «elkarrizketa eta negoziazio luzeen eta etengabeen» emaitza izan da akordioa, Pedro Azpiazu Jaurlaritzako Ogasun sailburuak eta Lander Martinez EPko bozeramaileak azaldu dutenez. Aurreko astean lortu zuten bi aldeek aurreakordioa; igandean itxi zuten behin betiko ituna, eta atzo eman zituzten horri buruzko xehetasunak. Akordioa 201,5 milioi eurokoa da, baina datorren urteko aurrekontuari dagokion kopurua 88,9 milioi euro baino ez da. Bestela esanda: 2020. urterako 88,9 milioi euroren diru sailak adostu dituzte, eta gainerako 112,6 milioiak konpromiso kredituetan gastatuko dituzte 2021 eta 2027 bitartean. Konpromiso kreditu horren zati nagusia (80 milioi euro) Jasangarritasun Energetikoaren Legea betetzeko erabiliko dute.

Ostiralean sinatuko dute aurrekontu akordioa. Aurretik, baina, Podemoseko eta Equoko militanteek oniritzia eman behar diote itunari, eta, horretarako, alderdietako oinarriak kontsultatuko dituzte gaur eta bihar. Haiek akordioa babestuz gero, ostiralean egingo dute sinadura ekitaldia, eta Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideak abstenitu egingo dira hilaren 27ko bozketan, Ezker Anitzako bi legebiltzarkideak salbu. Modu horretan, Jaurlaritzak legealdiko azken aurrekontuak aurrera ateratzea lortuko du, eta egonkortasuna bermatuko dio agintaldi amaieran.

Elkarrekin Podemosen abstentzioaren truke, 201,5 milioi euroren aldaketak egingo dituzte datozen urteetan. Hain justu, kopuru horren garrantzia nabarmendu du Martinezek: «Sekula ez da lortu halako diru kopuru handia mugitzea».

Aipagarria da, hala ere, diru kopururik handiena 2021etik aurrera inbertituko dela konpromiso kredituen bidez, baina Jaurlaritza legez ez dagoela behartuta horiek betetzera. Aurrekontu legearen 12. artikuluak zehazten du gobernuaren esku dagoela konpromiso kredituetan jasotako diru kopuruak moldatzea, egoerak hala eskatzen badu. EAEko hauteskundeak izango dira 2020an; legealdi berria hasiko da, eta indar korrelazioa alda daiteke, baina atzo Elkarrekin Podemoseko bozeramaileak adierazi zuen ziur dela gobernuak bete egingo duela adostutakoa.

Akordioaren kopuru nagusiei erreparatuta, honako hauek dira daturik esanguratsuenak: politika feministetarako eta biolentzia matxistaren aurka hogei milioi gehiago bideratuko dituzte; klima aldaketara egokitzeko, 9,5 milioi; gizarte babeserako politiketarako, 17 milioi; eta hezkuntza publikoa hobetzeko, 16,8 milioi euro. Enplegu eta garapen ekonomikoko sailak 29,8 milioi euro gehiagoko aurrekontua izango du, eta mendekotasunen aurkakoak, 6,4 milioi gehiagokoa.

Kopuru handi horiek xehetuta, badira arreta berezia merezi duten diru sailak. Besteak beste,hurrengo urtean DSBE diru sarrerak bermatzeko errenta %4 igotzea adostu dute. Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu proiektuak %2ko igoera jasotzen zuen, eta alderdi morearen hasierako eskaera % 8 zen. Azkenean, bi aldeak ados jarri dira %4ko igoeran. DSBEaren igoera hori bermatzeko, 16 milioi euroko inbertsioa egingo da. Elkarrekin Podemoseko eledunaren hitzetan, igoera horrek ez ditu arinduko murrizketa guztiak, baina hainbat familiak nabarituko dute «aurrerapauso txiki bat». Gaineratu du bere alderdiak lanean jarraituko duela laguntza hori handitzeko eta DSBEa arautzen duen legea hobetzeko.

Hezkuntzari dagokionez, egungo tarifak %10 murriztuko dituzte 0-3 urte arteko Haurreskolak patzuergoko eskoletan, bai2020an eta bai 2021ean. Halaber, errenta tarte berriak sartuko dituzte guraso bakarreko familiei laguntzeko. Haurreskolak patzuergoan «hiru edo lau» ikasgela berri irekitzeko konpromisoa ere hartu dute bi aldeek. Osasun arloan, berriz, hitzartu dute 2020-2022 bitartean lehen mailako arretan 92 plaza berri sortzea erizaintzan eta farmazialarien, fisioterapeuten eta administrazio laguntzaileen kategorietan.

«Eroso gaude»

Akordioarekin pozik azaldu dira bi aldeak. Atzo goizean egindako agerraldi banatan, gustura agertu ziren Ogasun sailburua eta Elkarrekin Podemoseko bozeramailea. «Bidean helburu batzuk alde batera utzi behar izan ditugu akordioa lortzeko, baina eroso gaude emaitzarekin», azaldu du Azpiazuk Lakuako egoitzan eginiko agerraldian. Ordubete lehenago, legebiltzarreko prentsa aretoan agertu ziren Elkarrekin Podemoseko ordezkariak, eta adostutakoaz bereziki harro mintzatu zen Martinez: «Azken legealdietako akordiorik handiena lortu dugu».

Akordioa lortzearen garrantzianabarmendu du Azpiazuk: «Egoera politiko honetan, ezberdinen arteko akordioa ez da egunero ikusten den zerbait». EPri erakutsitako «ikuspegi zabala» eskertu zion, eta nabarmendu zuen «benetako politikaren aldeko apustua» izan dela akordioa. Martinezek, berriz, azpimarratu zuen akordioak erakusten duela Elkarrekin Podemos alderdi «baliagarria» dela herritarrentzat eta gai dela euskal politika «baldintzatzeko».

Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak goraipatu egin du akordioa, eta EAJren, PSEren eta EPren «ardura eta jarrera eraikitzailea» azpimarratu. EH Bilduk, berriz, kritikatu egin du ituna, eta ohartarazi Podemosi «ondorioak» ekarriko dizkiola hauteskundeetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.