Eusko Legebiltzarrak 2024ko aurrekontuak onartu ditu, EAJren eta PSEren botoekin

Eusko Jaurlaritza osatzen duten bi alderdien gehiengoak aurrera atera ditu datorren urteko kontuak, eta atzera bota ditu oposizioaren zuzenketa partzial guztiak.

JAURLARITZAREN AURREKONTUAK
Idoia Mendia eta Iñigo Urkullu elkarri bostekoa ematen, Pedro Azpiazuren begiradapean. ADRIAN RUIZ DE HIERRO / EFE
xabier martin
2023ko abenduaren 22a
13:54
Entzun

Azken asteetan Eusko Legebiltzarreko talde politikoek idatzitako gidoiaren barruan onartu du Gasteizko ganberak 2024ko Aurrekontu Legea, Eusko Jaurlaritza osatzen duten alderdien gehiengoaren aldeko botoekin eta oposizio osoaren aurkakoarekin. EAJk eta PSE-EEk aurrera atera dute EH Bilduren eta Elkarrekin Podemos-IUren kritika gogorrak jaso dituen proiektua. Beraz, atzo sei lege onartzeko —Hezkuntza Legea eta Enplegu Legea, besteak beste— bidea eman duen ganberaren jarduera biziak segida izan du gaur, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen ostean eratuko den gobernu berriaren kudeaketari oinarria eta baldintza jarrita.

Legealdia azken txanpan da, baina Iñigo Urkullu lehendakariak oraindik ez du deitu hauteskundeetara. Aitzitik, urtarrilean ere lan egingo dute ganberan, nahiz eta ohikoa ez izan; hain zuzen, lanean arituko dira onartzeko dauden beste lege batzuk onar daitezen legaldia amaitu aurretik, ilbeltza tramiterako baliatuta. Hala, otsailean beste lege batzuk onartzea aurreikusten dute, besteak beste, trantsizio ekologikoarena eta haurtzaroarena.

Gaur, berriz, aspaldian alderdi politikoak egiten ari diren eredu politiko desberdinen arteko eztabaida izan da berriro ere legebiltzarrean, aurrekontuak onartzeko osoko bilkuran, eta ezusterik gabe amaitu da, EAJk eta PSE-EEk gehiengoaren alferra pasatu ondoren. Alaitz Zabala legebiltzarkide jeltzaleak azaldu du 15.000 milioi euroko aurrekontuak «pertsonak erdigunean» jartzen dituela, horietatik ia 11.000 milioi gizarte politikak egiteko direla, eta «egungo arazoei» erantzuten diela, baina geroa aintzat hartuz, hura «hipotekatu gabe».

«Ahuntzaren gauerdiko eztula»

EAJk eta PSEk Jaurlaritzaren aurrekontuei zazpi zuzenketa egitea adostu dute, baina oposizioaren beste guztiak atzera bota dituzte, «itxurakeriak egiteko» baitira, Zabalak berak EH Bilduko ordezkariei esan dienez. EAJko legebiltzarkidearen ustez, haien ezezkoak agerian uzten du koalizio abertzaleak ez duela ekarpenik egin nahi izan. Erantsi du «Osakidetzaren geroa» prestatzeko kontuak onartu direla, baliabideak ematen dituela, «makineria guztia berrituz». EH Bilduri leporatu dio legealdian helarazitako adostasun zehatzei uko egin diela aurrekontuei ezezkoa ematean; haren arabera, koalizioak aurrekontuen prozesua baliatu du «jakinda aurrera aterako zirela edozein diskurtso egiteko».

«EH Bildu aurrekontuekin ados dago edo espedientea betetzeko aurkeztu ditu zuzenketak». 

ALAITZ ZABALA. EAJ

EH Bilduk aurkeztu dituen zuzenketa partzialek 181 milioi euroko balioa dute, aurrekontuaren %1,2. Bada, Zabalarentzat, horrek erakusten du EH Bildu «ados» dagoela 2024ko Aurrekontu Legearekin, edo zuzenketak aurkeztu dituela «espedientea betetzeko». Bigarren txandan, ordezkari jeltzaleak esaera ezagun bat erabili du koalizio subiranistaren zuzenketei garrantzia kentzeko: «Ahuntzaren gauerdiko eztula dira».

EH Bilduko legebiltzarkide Leire Pinedok EAJko eta PSE-EEko ordezkariei esan die ez dutela «ezer ulertu». Azaldu du zuzenketen kopuruei «barre egitea» eta «ausardia gutxikoak» direla esatea «kontakizun faltsua» egitea dela. 2009an, EAJk aurrekontuen %1eko balioa zuten zuzenketak aurkeztu zituen, Patxi Lopez sozialista lehendakari zuen Jaurlaritzaren garaian, eta, orduan, zuzenketa horiek «salbatzaileak» zirela esan zuten jeltzaleek, Pinedok azpimarratu duenez. 

«Rankingak» aipatzeari uzteko eta «kaleko errealitateari» begiratzeko eskatu dio koalizio abertzaleko eledunak EAJri. Anbulatorioetara joateko esan die, medikuek esaten baitute sistemak «ezin duela gehiago eman». «Oposizioaren oposizioa» egin beharrean, «agian zerbait gaizki» egin dela onartzen hasteko eskatu die gobernuko alderdiei, «entzuten hasteko». Jeltzaleei eta sozialistei esan die «argumentu zatarrak» erabiltzeari uzteko. Nabarmendu du aurrekontuak garrantzitsuak direla «erronka handiei erantzuteko». «Zuzenketen bidez ez da eredua aldatuko, baina hartu behar den norabide aldaketa prestatzen hasi behar da», bukatu du. 

Pankartaren atzean

PSE-EEko Ekain Rico oso gogor aritu da oposizioaren aurka. Adierazi du gobernuko alderdiek «15.000 milioi euro mahaiaren gainean» jarri dituztela, eta oposizioa «pankartaren atzean» geratu dela. EH Bilduko ordezkariei aurpegiratu die aurrekontuen %1,2ko balioa duten zuzenketekin ez dela «herrialde eredu alternatiboa eraikitzen». Ricok erantsi du ez dituztela gutxiesten kopuru hori eta Elkarrekin-Podemos-IUk aurkeztutako zuzenketen balioa: «Zuzenketak beren kabuz dira barregarriak».

«Ez duzue ezer ulertu. Rankingak aipatzaeri utzi eta kaleko errealitateari begiratzen hasi». 

LEIRE PINEDO. EH Bildu

Horrekin batera, onartu du arazoak badirela, eta oposizioaren zuzenketa partzial batzuk «zentzudunak» direla, baina gehitu du alderdi horiek ez dutela ezer negoziatu nahi izan. Erantsi du EH Bilduk helarazten duen alternatiba «ipuin bat» dela, «zenbat eta okerrago, hobeto» estrategian ari omen baita: «Euskadiri lagundu beharrean, beren buruari laguntzen ari dira».

Elkarrekin Podemos-IUko ordezkari David Sotok nabarmendu du 2024ko aurrekontuak %5,4 handitu direla, «bilketaren azpitik». Osakidetzaren hazkundea ere bilketaren azpikoa dela esplikatu du, eta hori ez dela «Osakidetzaren aldeko apustu estrategikoa egitea». Esan du aurrekontuak aurreko urteetako bidetik doazela, «betiko moduan, baina gaurkotuta». EAJri eta PSEri esan die «hasieratik» gogoratu zutela gehiengoa dutela aurrekontuak onartzeko, eta oposizioaren bizkar uztea akordiorik eza «oso pobrea» dela argumentu gisa.

Edonola ere, EP-IUren ustez, «aberastasunaren banaketa desegoki bat» egiten dute Legebiltzarrak onartu berri dituen aurrekontuek. Sotoren arabera, Gasteizko ganberan aspaldian onartzen diren aurrekontuek «ez dute helburu hori».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.