Gasteizko Legebiltzarrean ANVren eta EHAKren ilegalizazioak gaitzesten dituen mozioa onartu dute EAJk, EAk, EBk, Aralarrek eta erabakiak eragiten dion EHAK-k ere. Ekimen hau Aralarrek aurkeztu zuen ez-legezko proposamen bati alderdi horrek eta EHAK-k batera egindako emendakina da. Onartutako testu horrek ilegalizazioek "Espainiako estatuaren defizit demokratikoa agerian utzi" duela dio, "erabaki politikoa delako eta ez juridikoa". Bidenabar, "gatazka politikoa bazterketarik gabeko elkarrizketa bidez konponduko" dela jaso du Legebiltzarraren ebazpenak.
Bozketaren ondoren egindako adierazpenetan, auzitegi espainiarrek hartutako erabakiak zuzenean eragiten dion EHAK-ko Nekane Erauskinek hitz egin du. EAJri kritika egin dio Erauskinek, "alde batetik Alderdien Legea salatzen du eta bestalde gure aurkako neurriak aplikatzen lehena da".
Aintzane Ezenarro Aralarreko legebiltzarkideak ilegalizazioek "bakea urrunarazten" dutela adierazi du eta "Espainiaren gabezia demokratikoa agerian gelditu da. Ezin da Frantzian legezkoa dena Espainian ez izatea". EAJko Joseba Egibarrek, bere aldetik, legez kanpo uztea gaitzesteaz gain, EHAK kritikatu du "bere ilegalizazioa salatu duelako eta ETAren ekintzen aurrean ezer ere ez esaten duelako". EAko Onintza Lasak, bere aldetik, "ilegalizazio bat demokrazian zauri bat" dela esan du. EBk ere ilegalizazioa eta EHAK kritikatu ditu.
Leopoldo Barreda PPko legebiltzarkideak "demokrazian ebazpen judizialak ez dira bozkatzen, betetzen baizik". Ildo beretik mintzatu da Jose Antonio Pastor sozialista. "Ideiak ez dira ilegalizatzen, indarkeriarekin konplize diren jarrerak baizik".
Eusko Legebiltzarrak ANV eta EHAK-ren ilegalizazioen aurkako mozioa onartu du
EAJk, EHAK-k, EAk, EBk eta Aralarrek "Espainiako estatuaren defizit demokratikoa agerian utzi duen erabakia" salatu dute. "Euskal gatazkaren konponbidea bazterketarik gabeko elkarrizketaren bidez" etorriko dela babestu dute bozketa berberan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu