Eusko Legebiltzarrak zenbait herritan poliziekin izan diren liskarrak gaitzetsi ditu adierazpen batean. Horren arabera, gertakari horiek «jarrera insolidario eta gizabidearen kontrakoak» erakusten dituzte, eta «bizikidetza» eragozten dute. Osasun neurriak betearazteko poliziek «egindako lanari» ere babesa agertu diote.
PP-Ciudadanos koalizioak eraman du proposamena Legebiltzarrera, eta EAJ eta PSE-EE taldeekin adostu du behin etiko testua. EH Bildu kontra azaldu da, eta Elkarrekin-Podemos-IU abstenitu egin da.
Ustez kale edanaren bueltan izandako istiluen harira, atzo Jose Maria Aburto Bilboko alkateak agindu zuen Udaltzaingoa indartuko duela, eta «gupida gabeko» zigorrak ezarriko dituela. Adierazpen horiek eztabaida eragin dute legebiltzarrean.
Aurkeztutako testua babesteko, PP-C'seko Carmelo Barriok esan du istripu horiek aldez aurretik antolatutakoak izan zirela, eta Ezker Abertzaleari egotzi dio horien atzean egotea.
EH Bilduko Julen Arzuaga istilu horien aurka agertu da, eta esan du ez dutela «ez arrazoirik ez justifikaziorik». Barriori leporatu dio istiluen erabilpen politikoa egitea, «iraganeko eskemetatik» abiatuta. EP-IUko Iñigo Martinezek ere ukatu du istiluen atzean zio politikorik egon izana, eta gobernuari eskatu dio antzea izateko gaia kudeatzerakoan. Aburtoren iragarpena «populistatzat» jo du.
EAJko Jon Andoni Atutxa Bilboko alkatearen hitzak babestu ditu, eta argudiatu du haren alderdia jakitun dagoela polizia jardunetik baino haragokoa dela irtenbidea. Azkenik, Txarli Prietok (PSE-EE) «antolatutako bortizkeriaren» zantzuak ikusi ditu istiluetan, eta erantsi du «ganberroekin» batera «probokatzaile profesionalak» ere egon direla.