Eusko Legebiltzarrak ez du ikerketa batzorderik sortuko Osakidetzaren LEP Lan Eskaintza Publikoan atzemandako irregulartasunak argitzeko. EH Bilduk proposatu du batzordea sortzea, baina legebiltzarrak ez du neurria onartu. EAJk eta PSE-EEk baztertu egin dute, Elkarrekin Podemosek alde bozkatu du eta PP abstenitu egin da.
Ikerketa batzordea eratzearen kontrako erabakiarekin, "aukera bat galdu" dela ziurtatu du Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak. Haren esanetan, alferrik da ikerketaren aldeko diskurtsoak egitea, ondoren ikerketa egitearen kontra bozkatuz gero. Uberak EAJri galdetu dio nola zehaztuko dituen Osakidetzan izan diren irregulartasunen ardura politikoak gertatutakoa ikertzen ez bada. Koalizioko ordezkariak adierazi du EAJren orain arteko hitzak "hutsalak" zirela.
EAJko legebiltzarkide Kerman Orbegozok erantzun dio LEPa "gardena" izan dela eta "legearen berme guztiekin" egin zela, baina "arazoak" sortu zirela. Orbegozoren esanetan, Jaurlaritzak "autokritika" egin du, "arazo" horiek aitortuta. EAJkoak oposizioari leporatu dio "akusazio oso larriak" egitea, errugabetasun printzipioa aintzat hartu gabe. Oposizioaren asmo bakarra EAJren izena zikintzea da, Orbegozoren iritziz. Horretarako, ikerketa batzordearen "erabilera politikoa" egin nahi duela ziurtatu du.
EH Bilduren proposamenarekin bat egin du Cristina Makazaga Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideak. "Behingoz filtrazioei buruz hitz egingo duen ikerketa" galdegin du. "Egun, oraindik, ez dakigu zer gertatu zen". Makazagaren esanetan, Jaurlaritzak "baliabide eta energia gehiegi" bideratu du Osakidetzan gertatutakoa "ezkutatzen saiatzera".
Natalia Rojo PSE-EEko legebiltzarkidearen arabera, berriz, ez dago ikerketa batzorde bat sortzeko beharrik, fiskaltza auzia ikertzen ari delako. Haren iritziz, garrantzitsuena da LEPentzako berme sistema bat garatzea.
PPko legebiltzarkide Laura Garridok salatu du Jaurlaritzak "gaizki" kudeatu duela Osakidetzaren LEPa. Hala ere, argitu du PPk ez duela onartuko "zenbait arduradunen jokabide okerraren ondorioz sistema zalantzan jartzea". PPk ez du ikerketa batzordea sortzea babestu, eta abstenitu egin da. Aldiz, ohartarazi du ezin dela "zigorgabetasun sentsazioa" hedatu. Jaurlaritzari ohartarazi dio aukera baliatzeko.
Osakidetzak hiru mediku espezialitatetako bost hautaproba errepikatzea erabaki zuen, azken LEPan atzemandako irregulartasunak medio. Duela hilabete, dimisioa aurkeztu duen ordura arte Osakidetzako zuzendari izandako Maria Jesus Mujikak.