Katalunia

Eusko Legebiltzarrak ez du aitortu Kataluniako Errepublika

EH Bilduren testua atzera bota dute, EAJren abstentzioarekin eta Elkarrekin Podemos, PSE eta PPren aurkako botoekin. Horren ordez, EAJren zuzenketa batek egin du aurrera, EH Bilduren babesarekin. Kataluniako Parlamentuak urriaren 27an burujabetasuna eta prozedura eratzaileari buruz hartutako erabakiak "errespetatu" eta "laguntzen" dituela adierazi du legebiltzarrak.

Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramailea, Iñgo Urkullu lehendakariari zuzentzen Eusko Legebiltzarrean, artxiboko irudi batean. JUANAN RUIZ, ARGAZKI PRESS
edurne begiristain
2017ko azaroaren 16a
16:06
Entzun

Kataluniako Errepublika aitortzeari bizkarra eman dio gaur goizean Eusko Legebiltzarrak. EH Bilduk mozio batean eskatu du aitortza hori adieraztea, baina ez du babes nahikorik izan, eta atzera bota dute. Izan ere, bozketan, EAJ abstenitu egin da, eta aurkako botoa eman dute Elkarrekin Podemosek, PSEk eta PPk. EH Bildurenak ez du aurrera egin, baina bai EAJk proposamenari aurkeztutako zuzenketa batek. Jeltzaleek aurkeztutako zuzenketaren alde bozkatu du EH Bilduk, eta, hortaz, gehiengoa lortuta, hori atera da aurrera.

EAJren eta EH Bilduren babesarekin aurrera egin duen testuak hiru puntu ditu. Lehenak dio Eusko Legebiltzarrak "errespetatu" eta "lagundu" egiten dituela Kataluniako Parlamentuak urriaren 27an burujabetasuna eta prozedura eratzaileari buruz hartutako erabakiak. Bigarren puntuan, legebiltzarrak errefusatu egiten ditu Espainiako Gobernuak 155. artikuluarekin ezarritako "salbuespenezko neurriak", neurri horiek Kataluniako ordezkaritza instituzionala eta haren autogobernu gaitasuna “moztu” egiten dituztelako eta azken hori Kataluniako nazioari berez dagokion eskubidea izan beharrean "Gutun Aitortua" bihurtzen duelako. Azken puntuan, legebiltzarrak aldarrikatu du "Kataluniako gizarteari eta haren erakunde ordezkaritza legitimoari" baino ez dagokiela beren etorkizuna erabakitzea, "betiere bide baketsu eta demokratikoak baliatuz". Testu horren aurka bozkatu dute PSEk eta PPk, eta abstenitu egin da Elkarrekin Podemos taldea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.