Urriaren 25a jai egun ofiziala izateari uzteko prozedura hasi du gaur Eusko Legebiltzarrak. Izan ere, aurrera egin du egun hori bertan behera uzteko EAJk aurkeztutako lege proposamenak. Jeltzaleen eta EH Bilduren 48 botoei esker onartu da. PSEk, PPk eta UPDk, berriz, aurkako botoa eman dute: orora, 27 boto. Behin lege ekimena aintzat hartuta, ohiko tramitea jarraituko da legebiltzarrean: batzordean eta lantaldean eztabaidatu, diktamena onartu eta osoko bilkuran bozkatu beharko da. Artikulu bakarra du lege ekimenak, zeinak 2010ean onartutako legea indagarbetzeko baino ez duen eskatzen, eta beraz, azkarra izango da haren tramitazioa.
Gaurko eztabaidan, EAJko Joseba Egibarrek irmo argudiatu du Euskadiren Eguna kentzeko proposamena: "Iraganeko inposaketa bat ezabatuko dugu", esan du. EH Bildutik Pello Urizarrek berretsi du bere taldearen nahia dela urriaren 25eko jai egunaren ordezkoa Euskararen Nazioarteko Eguna izatea, hots, abenduaren 3a. Hala, arbuiatu egin du EAJk eta Eusko Jaurlaritzak proposamen horrekin bat ez egitea, eta biei leporatu die bere taldearekin inolako akordiorik lortzeko borondaterik ez izatea. PSEk, PPk eta UPDk, berriz, "zatiketa" eragitea egotzi diete EAJri eta EH Bilduri, eta Estatutua ospatu beharrekoa dela azpimarratu dute.