Kargu berriari tamaina hartzeko denborarik ez du izan oraindik Bakartxo Tejeriak (Donostia, 1971). Astearteko bilkuran legebiltzarreko presidente izendatu zutenean baino «lasaiago» dagoela aitortu dio BERRIAri. «Poliki-poliki etxearen martxaz eta atarian dauden ekitaldiez jabetzen ari naiz».
Aholkuren bat eman al dizu Arantza Quirogak?
Denbora gutxi egon naiz harekin. Osoko bilkura amaitu zenean, kafea hartu genuen elkarrekin, eta bulegoa erakutsi zidan. Berak aholkua eman baino gehiago bere lankidetza eskaini dit, edozein zalantza edo arazo dudala, laguntzeko prest agertu da. Behar izatekotan, deitu egingo diot.
Zeinda presidente moduan hartuko duzun lehen erabakia ?
Ezer zehatzik ez daukat buruan oraindik. Nire helburua da guztien presidente izatea, alderdi guztiena, bozkatu didatenena eta bozkatu ez didatenena. Legebiltzarra akordioen gune izatea nahi dut, eta horretan lagundu nahi dut. Taldeen zerbitzura nago, eta akordio sendoak lortzeko bidean jarri beharreko guztia jarriko dut. Hori izango dut eguneroko lana.
Legebiltzarreko presidenteak alderditik independente jardun dezake?
Uste dut posible dela independentea izatea. Nik alderdi batekoa izaten jarraituko dut, baina presidente gisa nago hemen, erakunde bat ordezkatzen dut eta nire eginkizuna horixe da. Errespetatua izan nadin, nire lekua lortzen ahalegindu behar dut. Dudarik gabe saiatuko naiz independentea izaten, eta nahiko nuke nire alderdiak eta gainontzeko taldeek ere horrela ikustea.
Aurrekoa baino euskaldunagoa izango da oraingo legebiltzarra?
Bai, ni behintzat, saiatu, saiatukonaiz. Euskara da nire hizkuntza, eta euskara erabiltzen saiatuko naiz. Besteek ere erabiltzen badute, bultzada bat emango diogu euskarari.
Legegintzaldi honetan bakearen eta bizikidetzaren oinarriak ezarri beharko direla esan zenuen zure hitzaldian.Nola lagundu dezake legebiltzarrak zeregin horretan?
Legebiltzarra ez da hutsetik hasiko, joan den legealdian ere bide horretan saiatu egin baitzen. Bakerako lantalde bat osatu zen, eta emaitza batzuk izan zituen. Beraz, bidea irekita dago, eta jarraibide bat eman dakioke; baina taldeek erabaki behar dute bide hori nola jorratu nahi duten. Orain denok gaude ordezkatuta, eta, beraz, ez dago aitzakiarik oinarri sendorik ez jartzeko bakegintzan eta bizikidetzan aurrera egiteko. Orain dugu momentua.
Zein eginkizun izan behar dulegebiltzarrak aro politiko berrian?
Gauzak erraztu egin beharko ditu legebiltzarrak. Aspaldi ez bezala, ETAren mehatxurik gabe eta alderdi guztien parte hartzea bermatuta ekin diogu legealdiari, eta horrek erabakiak eta akordioak lortzeko bidea erraztu dezake. Nire ustez, errazagoa izango da akordioak lortzea, batzuekin zein besteekin, baina hemen, parlamentuan.
Bakerako foro bakarra izan behar du legebiltzarrak?
Uste dut akordioak legebiltzarrean hartu behar direla, baina horrek ez du kentzen hemendik kanpo gaiari heltzen dioten eta bidea zehazten duten beste motatako talde batzuk osatzea. Ekarpenak beti dira onak, eta legebiltzarra elkarlanerako prest egon beharko luke, baina akordioak legebiltzarrean gauzatu beharkodira. Bi foro horiek bereizi egin behar direla uste dut. Azken batean hemen herri ordezkariak gaude, eta herriak krisitik ateratzeko eta bakegintzan urratsak egiteko aukeratu gaitu. Honek izan beharko luke, beraz, horretarako tokia.
Uste duzu Aieteko bigarren puntua aktibatzeko akuilua izan daitekeela Eusko Legebiltzarra, alegia, Espainiako Gobernua ETArekin hitz egitera mugiarazten saiatu beharko litzatekeela?
Alderdi guztiek hala erabakiz gero, bai noski. Baina akordioetara iritsi behar dugu, ados jarri behar dugu. Espainiako Gobernua mugiarazteko bada, izan dadila, baina betiere akordioetatik abiatuta. Ikusi dugu akordiorik gabe ez goazela inora. Denbora asko galdu dugu akordioak lortu ezinik, eta uste dut orain dela momentua gauzak adosteko. Lan hori legealdi honetan egin beharko da.
Joan den legealdian eratutako bakerako lantaldea berriro martxan jartzeko aukera ikusten duzu? Baliagarria dela uste duzu?
Aurreko legealdian lantalde horrek egindako lanak emaitza batzuk izan zituen, nahiz eta batzuek parte hartzeari uko egin zioten. Orain berriro osatu beharko dira lantalde eta batzorde berriak, eta alderdiek erabaki beharko dute bakerako lantalde hori martxan jarri ala ez. Nik uste dut lantalde horretan egindako lana oso garrantzitsua izan zela; benetan beharrezkoa zela, nonbaitetik hasi behar zelako, eta ezinbestekoa dela hasitako lanari jarraipena ematea. Orain denok egon behar dugu eztabaida horretan, eta une honetan ez dago aitzakiarik inork parte hartzeari uko egiteko. Norbaitek gelditu nahi badu kanpoan, arrazoitu beharko du.
Eusko Legebiltzarra herritarren borondatearen isla da aspaldiko partez...
Dudarik gabe garrantzi handikoa da. Aurreko legebiltzarra hanka motz zegoen, Alderdien Legearen ondorioz alderdi bat kanpoan geratu zelako. Orain ez dago horrelakorik, herriak botoa eman du eta erabaki du zein alderdi nahi dituen legebiltzarrean. Denok gaude, bakoitza bere indarrarekin, eta horrek guztion arteko eztabaida ahalbidetuko du. Hori,garrantzitsua ez ezik, beharrezkoa ere bada.
Mahaia pluraltasun irizpideen arabera banatu da. Irizpide hori errespetatu egingo da legealdi osoan?
Horrela beharko luke. Bakoitzak duen indarraren araberako lekua izango du legebiltzarrean. Mahaiaren eraketa horren ispilu izan zen, eta hemendik aurrerako erabakietan ere horrela izan beharko luke. Badago borondate hori, mahaiaren eraketan agerian geratu zenez.
EAJ gutxiengoan egongo da legealdi honetan. Akordioak lortzeko orduan malguago jokatu beharko du?
Bai; lana egin beharko da akordioak egiteko. Bakoitzak bere programa dauka, denak kontrastatu beharko dira, eta erdibide batera iritsiko beharko dugu. EAJk agindu du hori egingo duela. Benetan borondatea badago, ez da egongo lortu ezinezko akordiorik. Nire zeregina hori erraztea izango da, ahal den neurrian.
Alderdi abertzaleak ia bi heren dira legebiltzarrean. Horrek zein garrantzi du zuretzat?
Garrantzia dauka herriaren nahiaren isla delako. Eta nik, alderdi abertzale baten kide naizen aldetik, gustuko dut. Baina horrek ez du esan nahi abertzale ez direnekinelkar ulertzea eta akordioak lortu behar ez direnik. Abertzaleak gehiengoa direlako ezin dituzte gainontzekoak zapaldu. Denon arteko batasuna behar da gauzak aurrera ateratzeko.
Legealdi honetan erabakitzeko eskubidearen inguruko akordioa lortuko al da?
Mahai batean esertzen garenean ikusiko da noraino iristeko gai garen. Nire nahia da eztabaida horretatik ateratzen diren akordioek ahalik eta adostasun zabalena izatea, horrek indarra emango diolako. Etorkizunari begira, akordioak gero eta sendoagoak izan, orduan eta hobeto.
Baina legealdi hau erabakitzeko eskubidearena izango dela uste duzu?
EAJk alderdiekin egin duen elkarrizketa saioan bere asmoa zein den azaldu du. Baina horrek ez du esan nahi beste alderdiekin adostu behar ez duenik. Gehiengo abertzalea egoteak gauzak erraztuko dituen ez dakit. Beste alderdiek zer nahi duten jakin beharko da, eta erabaki.
EAJk estatus politiko berriaren eztabaida eramango du legebiltzarrera. Zein izango da hemengoegitekoa?
Lehendabizi jeltzaleen proposamena iritsi beharko da legebiltzarrera, eta gero lantaldea osatu beharko da. Eztabaidari bidea eman behar zaio, eta taldeei lan egiten utzi beharko zaie. Gauzak ateratzen joango dira, eta denborarekin ikusiko da noraino garen gai zerbait adosteko. Legebiltzarrari dagokio baliabideak jartzea eztabaida ahalbidetzeko.
Ibarretxek bere garaian proposatutako bide orriaren antzekoa ari da proposatzen Urkullu. Berriro Madrilek zapuztuko balu kontsulta?
Amaiera hori ekiditeko, hemen ahalik eta akordio zabalena lortu beharko da. Madrilek atzera botatzeko gai ez den akordio zabalena lortu behar da. Ibarretxek mugarria jarri zuen, eta hemendik aurrera hura baino adostasun zabalagoa lortzen saiatu behar dugu. Hemen lortzen badugu guztion arteko akordio zabala, nekez botako da atzera. Benetako akordioa lortzeko unea da oraingoa.
Bakartxo Tejeria. Eusko Legebiltzarreko presidentea
«Eusko Legebiltzarrean akordio zabala lortzen badugu, Madrilek nekez botako du atzera»
Bakartxo Tejeriak uste du ezinbestekoa dela erabakitzeko eskubidearen gainean «ahalik eta adostasun zabalena» lortzea. Hala ere, uste du legebiltzarrean dagoen gehiengo abertzalea ezin dela erabili gainerako taldeen nahia «zapaltzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu