Otegik «aukera historiko bat» ikusten du Euskal Herritik zerrenda bateratu bat osatzeko

Politika «hizki larriz» egin nahi du, eta Euskal Herriaren etorkizuna gidatuko duen gutxieneko programa bateratu bat sortu. Estatuari begira, ez du uste ezkerra bateratzeari buruz Rufianek proposatutakoa egingarria denik.

Arnaldo Otegi EH Bilduko idazkari nagusia Bilbon, artxiboko irudi batean. JON URBE / FOKU
Arnaldo Otegi EH Bilduko idazkari nagusia Bilbon, artxiboko irudi batean. JON URBE / FOKU
Iratxe Muxika
2026ko otsailaren 9a
13:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez dago albisterik estatus berriaren negoziazioaren inguruan; oraindik ez dute eman EAJren, EH Bilduren eta PSE-EEren arteko elkarrizketen emaitzen berri. Baina irmo eusten dio Arnaldo Otegi EH Bilduko idazkari nagusiak lehendik errandakoei: «Ez dakit akordiorik aterako den edo ez, baina uste dut gure herriarentzat oso-oso inportantea dela politika hizki larriz egitea, eta, etorkizunik izan nahi badugu, elkarrekin egin behar dugula bidearen zati bat behintzat». Euskadi irratian egin ditu adierazpenak gaur goizean, eta Gabriel Rufian ERCren Kongresuko bozeramaileak egindako proposamenaren inguruan galdetuta, Otegik eutsi egin dio EH Bilduk egindako planteamenduari: zerrenda subiranista eta abertzale bat osatu nahi du Hego Euskal Herrian, Espainiako Gorteetarako hauteskundeei «nazio gisa» erantzuteko.

Zerrenda horri begira, baina, denak ez daude Otegi bezain seguru. Aitor Esteban EAJko presidenteak, erraterako, «ezberdintasun gehiegi» ikusten ditu bi alderdien artean, eta ez du uste bidea elkarrekin egin behar luketenik. Halaxe erantzun nahi izan dio gaur Otegik: «Alderdi sozialistarekin ere badauzkazue desadostasunak, eta 40 urte daramatzazue elkarrekin gobernatzen». Baina hortik harago, esplikatu du Euskal Herriak —Hego Euskal Herriak, kasu honetan— bi eszenatoki dituela aitzinean: eskuin muturraren gorakada eta «aukera leihoak». «Azken urte hauetan esan dugu aukera bat existitzen dela eta leihoak irekita dauzkagula guk, eta oso arduratsu jokatu dugu», erran du. Herri ahots demokratiko batekin erantzun nahi du Otegik, eta sinistuta dago EAJk ere baduela bere tokia hor. «Gutxieneko programa bat» sortu nahi du, «eta gero kongresuan bakoitzak bere posizioa defendatu dezala. Santiago Bernabeura joan nahi badugu, euskal selekzioarekin joan behar dugu, eta ez bakoitza bere partiduarekin».

«Zoritxarrez, alderdi bezala hitz egitea da azken urteetako joera, eta gure proposamena zerrenda bakar bat osatzea da, oso programa sinplearekin, baina behintzat herri bakar baten ahotik hitz egin dezala»

ARNALDO OTEGIEH Bilduko idazkari nagusia

Otegik salatu du Hego Euskal Herria bi komunitatetan zatitu dutela, nazio bezala ez dagoela onartua, bere eskubideak ez direla onartuak, eta hori guztia ukatzen duen estatuak «hautetsontziak» jarriko dituela lau lurraldeetan. Hortaz, Euskal Herriarentzako «aukera» gisa ikusten ditu Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. «Zoritxarrez, alderdi bezala hitz egitea da azken urteetako joera, eta gure proposamena zerrenda bakar bat osatzea da, oso programa sinplearekin, baina behintzat herri bakar baten ahotik hitz egin dezala». Horregatik uste du EH Bilduk «ezinbestekoa» dela estatus berriaren negoziazioekin aurrera jarraitzea eta itun bat adostea, «irabazten duenak irabazita ere, herri honek ahots propioz esango duelako zer nahi duen».

Era berean, Gabriel Rufianek bilera sorta bat abiatuko du «PSOE baino ezkerzaleagoa izango den aliantza bat» osatzeko. Oskar Matuterekin, EH Bilduko Espainiako Kongresuko diputatuarekin, bilduko da, bertze batzuen artean. Baina Otegik zalantzak dauzka horren harira, eta ez du uste egingarria denik. Halaxe argudiatu du: «Batzuetan ematen du asmo indibidualak asmo kolektiboaren gainetik jartzen direla, eta oso laudagarria izan daiteke intelektualki ariketa hori egitea, baina guk ez dugu inoiz hitz egin Gabrielekin ezkerraren batze baten inguruan». Ezkerraren batura horrek ordezkaritza zabalagoa izan dezake, Rufianen irudiko, baina Otegik desberdintasun nagusi bat ikusten du bien artean: haien proiektua Euskal Herrirako sortua dela, «ez beste inorako».

Aragoiko hauteskundeei so jarri da EH Bilduko idazkari nagusia, eta, eskuinaren gorakada ikusita, gutxieneko programa horren beharra nabarmendu du, eta adierazi «abertzaletasunetik eta euskal ikuspuntu subiranistatik» idatziko dutela. «Zinez uste dut aukera historiko baten aurrean gaudela. Akordioak beste etapa historiko baten aurrean jarriko luke gure herria, eta ez bada ateratzen, porrota ez da alderdientzat izango, baizik eta herriarentzat».

Epeen harira, pazientzia

Espainiako Gorteetarako hauteskundeak aukera gisa baliatuko dituztela argudiatuta, Otegik nabarmendu du larri doazela denboraz. Alegia, bertze fase baterako atzerako kontaketa martxan da Madrilen, eta, itun bateratu bat sinatuko badute, parlamentutik pasatu behar da lehendabizi. Madrilen onespena lortuz gero, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak onartu beharko lituzke estatutu berriaren eduki guztiak. Eta hori guztia oraingo parlamentua aldatu aitzinetik egin behar dute: «Oso larri goaz denboraz».

Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak ekainera arteko data jarri zuen akordioaren gainean eztabaidatzeko, baina gaur Otegik pazientzia eskatu du, ez baitaki epea beteko duten, baina zin egin du lanean jarraituko dutela itun baten alde. «Behar dugun denbora hartuko dugu, eta denbora hori mugatu behar genuke, baina ez publikoki. Herri honek akordio bat merezi du, eta urrats kualitatibo bat egin behar dugu Estatuarekin. Baina denbora behar dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.