EUSKO LEGEBILTZARRERAKO HAUTESKUNDEAK. ALDERDIEN BALORAZIOA. Aldaketa politikoa lideratzeko zilegitasuna baduela dio Lopezek

Herritarrek aldaketaren aldeko botoa eman dutela, eta hura gauzatzeko bere esku dagoen guztia egingo duela dio sozialistak

Garikoitz Goikoetxea.
Bilbo
2009ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Duela lau urteko Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetan baino 40.000 boto gehiago eskuratuta, PSE-EEk 24 eserleku izango ditu hurrengo Eusko Legebiltzarrean. Izan ere, 315.893 boto eskuratu ditu Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Azken unean galdu zuen eserleku bat Araban, EAren eskuetan. Alabaina, hori ere berreskuratzeko itxaropena azaldu zuen Patxi Lopez PSE-EEko bozeramaileak. «Ez zaitezte kezkatu, 25 izango baititugu kanpoan bizi direnen botoekin», adierazi zien Bilbon egindako ekitaldira bildutako jarraitzaileei.

Azken unera arte telebistako pantailako zenbakiei adi begira egon ziren Bilbon batutako zaleak. Festa girorik ez zen nagusitu hasieran, boto gutxiren aldea medio zegoen zenbaki dantzan airean baitzituen sozialistak. 21:30 inguruan egin zuen lehenengo balorazioa Rodolfo Aresek.

Emaitzak argitzen joan ahala, ordea, gora etorri ziren PSE-EEren jarraitzaileak, eta, harekin batera, baita Ari, ari, ari, Patxi lehendakari zioten oihuak ere. Ordurako emaitzek jarraituko zuten ildoa zehaztuxea zegoen, eta PSE-EEko kideak azpimarratu zuen bere alderdia izan dela igoerarik handiena izan duena. Nolanahi ere, balorazio gehiago egiteko azken unera arte egon ziren zain sozialistak. Lopezek hitz egiterako balorazioa egina zuten alderdi eta hautagai guztiek, baita bozetan irabazle atera den EAJk ere.

Patxi Lopez emaztea alboan zuela sartu zen dozenaka jarraitzaile iluntze osoan zain zituen aretora. Txalo artean eta Patxi lehendakari oihukatuz hartu zuten. Ondoan zituen, halaber, PSE-EEko zuzendaritzako kideak eta baita Leire Pajin ere, PSOEko Antolakuntza idazkaria.

Alderdi sozialistak Eusko Legebiltzarrerako bozetan «inoizko emaitzarik onenak» atera dituela eta gustura zen Lopez. Hartara, bozak irabazi ez dituen arren, nabarmendu zuen legitimatuta ikusten duela bere burua «aldaketa lideratzeko». Ildo horretan,lehendakari izateko bere hautagaitza aurkezteari ez diola uko egiten azpimarratu zuen.

Eusko Legebiltzarrean gehiengoa lortzeko, ordea, bere 24 legebiltzarkideen babesa baino gehiago beharko du. PPren eta UPDren babesa lortzen badu, gehiengoa lortuko dute sozialistek. Bozen ondorengo lehen hitzetan, hala ere, balizko aliantzei buruz ez zuen ezer esan Lopezek.

Edonola ere, herritarrek «aldaketaren aldeko botoa» eman dutela nabarmendu zuen Lopezek, eta berak aldaketa hori gauzatzeko bere esku dagoen guztia egingo duela gaineratu zuen, orain arte jarritako «grinarekin».

Hirukoaren porrota

Ildo horretan, Patxi Lopezek ohartarazi zuen hiruko gobernuaren -EAJ, EA eta EB-aroa amaitu egin dela. «Guk 40.000 irabazi ditugun bitartean, hirukoak 60.000 galdu ditu. Hori oinarrizkoa da, hori baitzen gure kanpainaren giltzarria». Hirukoaren aroarekin batera, «fronteen, bazterketaren eta liskarraren aroa» ere amaierara iritsi dela deritzo Lopezek.

Orain artekoa atzean utzi, eta «elkarrizketaren eta akordioaren alde» egin dute herritarrek, PSE-EEko lehendakarigaiaren aburuz. «Gizarteak esan digu guztien arteko akordioarekin eraiki nahi duela Euskadi, eta ez batzuk besteen aurka jardunda».

Hauteskundeetan halako igoera izateko ahaleginetan aritu diren lagun guztiei eskerrak eman zizkien Lopezek: hautagaiei, boluntario gisa aritu direnei, Berrikuntza Sarea eratu dutenei, Internet bidez Lopezen alde aritu direnei... «Zuek bihurtu duzue egia emaitza izugarri hau. Lehengo egunetik sinistu baitzenuten Euskadi egin daitekeela politika beste era batera: batasuna eta elkarpuntuak bilatuz, arazoak zeuden tokietara jo eta haiek konponduz, jendearekin hitz egin eta haiei entzunez». Horiei guztiei esker, sozialistek ez ezik, Euskadik ere irabazi duela adierazi du PSE-EEren hautagaiak. «Guztion artean egingo dugu askatasunaren eta berdintasunaren Euskadi. Besterik egiten ez baitakigu».

Aldaketa asmo hori bere eginda, Espainiako Gobernuko presidente Jose Luis Rodriguez Zapaterok zorionak eman dizkio Patxi Lopezi, eta itxaropena agertu du Ajuria Enean sozialistak ikusteko.



BOTOAK

315.893



LEGEBILTZARKIDEAK

Araba:Txarli Prieto, Joana Madrigal , Oscar Rodriguez, Natalia Rojo, Jesus Loza, Txaro Sarasua, Antonio Rivera, Jose Luis Anda. Bizkaia: Patxi Lopez, Jose Antonio Pastor, Isabel Zelaa, Rodolfo Ares, Idoia Mendia, Mertxe Agundez, Vicente Reyes Martin, Andoni Unzalu. Gipuzkoa: Iñaki Arriola, Jesus Egiguren, Blanca Roncal, Gemma Zabaleta, Miren Gallastegi, Bixen Itxaso, Cristina Laborda, Susana Corcuera.



ESERLEKUAK

24

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.