EUSKO LEGEBILTZARRERAKO HAUTESKUNDEAK. ALDERDIEN BALORAZIOA. PP gobernua osatzeko «erabakigarria» izango dela nabarmendu du Basagoitik

«PSE-EEk kanpainan gezurrik esan ez badu, aldaketa gertatuko da», adierazi du alderdi popularreko buruzagiak

Jon Eskisabel.
2009ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
PPk lortutako emaitza «bikainei» esker bere alderdia «historian lehen aldiz erabakigarria» izango dela nabarmendu du Antonio Basagoitik. «Lehen aldiz PPk erabakiko du, euskal herritarrok aldaketa nahi dugula adierazi dugu argi eta garbi, eta PSE-EEk kanpainan gezurrik esan ez badu, aldaketa hori gertatuko da», adierazi zuen EAEko PPren presidenteak, pozarren, hauteskunde emaitzen balorazioa egiteko lehen agerraldian.Alderdi popularrak hamahiru legebiltzarkide lortu ditu atzoko bozetan, duela lau urte baino bi gutxiago. Hamahiru eserleku horietatik, sei Araban irabazi ditu, lau Bizkaian eta hiru Gipuzkoan. Hala ere, 2005eko hauteskundeen aldean bi ordezkari eta 65.670 boto galdu arren, Eusko Legebiltzarrean eta hurrengo gobernuaren osaketan giltza izango dela azpimarratu zuen Basagoitik. «Gauzak ondo atera dira PPrentzat eta ez dugu huts egingo. Aldaketa nahi genuela esan dugu eta hori da emango duguna, erabakigarriak izango baikara hurrengo Legebiltzarrean».

PPko buruzagiak aurreratu zuenez, bere alderdiak «Estatutuan, Konstituzioan, askatasunen defentsan eta terrorismoaren porrotean» oinarrituriko aldaketaren alde egingo du. Patxi Lopez PSE-EEren lehendakarigaiari babesa emateko aukeraz hurrengo egunetan hitz egingo dutela azaldu zuen, eta Mariano Raxoi PPren presidentea emaitzekin oso pozik dagoela adierazi zuen. «Badaki zein den EAEko PPk jokatu behar izango duen rola», gaineratu zuen.

Raxoik berak baieztatu zuen, Madrildik, aldaketa bultzatuko dutela. «Hauteskundeen aurretik defenditzen genuena jarraitzen dugu defenditzen: aldaketaren beharra».

Basagoitik «historikotzat» jo zuen atzoko eguna, «lehen aldiz ETAren botopaperak ez baitira Eusko Legebiltzarrean izango, eta ETAren marka edo zerrendetako bat bera ere ezin izan da aurkeztu».

PPren «porrota» iragartzen zuten inkesta guztiak agerian geratu direla eta «bidean aurkitutako oztopo eta zailtasunak» gainditzea lortu dutela adierazi zuen Basagoitik, alboan Iñaki Oiartzabal zuela. «Bipolarizazioa eta boto baliagarriaren aldeko deiak gainditzea lortu dugu. Gure helburuak lortu ditugu», ziurtatu zuen.

Rodrigo Rato, eskudun

Rodrigo Rato Espainiako Gobernuko presidenteorde ohi eta Ekonomia ministro ohiak PPren eskudun gisa parte-hartu zuen atzo. Egunean zehar, hainbat hautesleku bisitatu zituen Ratok, horien artean Donostiako Gros auzoko ikastetxe batean jarritako bat. Maria Jose Usandizaga Gipuzkoako PPren presidenteak eta Arantza Quiroga Gipuzkoako zerrendaburuak lagundu zioten. Ikastetxean sartzen ari ziren unean, gazte batek independentzia eta demokraziaren aldeko oihuak egin zituen, eta beste bi gaztek D3Mren botopaperak erakutsi zituzten hauteslekuaren barruan.



LEGEBILTZARKIDEAK

Araba: Iñaki Oiartzabal, Carmelo Barrio, Laura Garrido, Carmen Lopez de Okariz, Carlos Urquijo, Mari Mar Blanco. Bizkaia: Antonio Basagoiti, Leopoldo Barreda, Antonio Danborenea, Esther Martinez. Gipuzkoa: Arantza Quiroga, Borja Semper, Ramon Gomez.



BOTOAK

144.9445



ESERLEKUAK

13

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.