Frantziako Asanblea Nazionaleko Gizarte Gaietarako Batzordeak eutanasia arautzeko lege proiektu bat onartu zuen atzo, «bizitzari amaiera aske eta hautatu bat emateko eta bermatzeko» asmoz. Askatasunak eta Lurraldeak taldeko Olivier Falornik eraman zuen proposamena, eta sei orduko eztabaida baten ondotik atera zen aurrera.
Talde politiko gehienen barruan ere izan dira eztabaidak, eta guztiek tentuz hitz egin zuten gai «serio eta labain» horren inguruan, Fadila Khattabi batzordeko presidentearen hitzetan. Dena dela, ordezkari askok adierazi zuten eztabaida «duina» eta «errespetuzkoa» izan zela.
Proposamenaren lehen artikuluak jasotzen du adinez nagusi den pertsona orok, sendabiderik ez duen gaixotasun baten fase aurreratu edo terminal batean, «edozein dela ere min fisiko edo psikologiko jasanezin bat eragiten dion kausa», eskatu ahal izango du «medikuen laguntza», hark lagunduta hiltzeko.
Beste puntu batzuetan, medikuen kontzientzia askatasunaz idatzi dute; bermeak ezarri dituzte pazientearen onespenaren gainean, eta senideen eginkizuna zer-nolakoa den zehaztu dute. Alderdi Sozialistako Marie-Noelle Battistelek nabarmendu zuen «alderdien arteko adostasun soziala» duela gaiak.
2016an onartu zuten legeak «hil arteko sedazio sakon eta jarraitua» bermatzen du «laster» hiltzekoak direnentzat, baina ez du eutanasia aktiborako aukerarik jasotzen. Alderdiek salatu dute zainketa aringarriak falta izan ohi direla.
Gobernuaren ordezkaririk ez zen egon batzordeko debateetan, eta eutanasia legez arautzeko asmorik ez du adierazi azkenaldian. Apirilaren 8ko saioan azalpen zehatzagoak eman ditzake.