EAJk datozen lau urteetarako bide orria finkatu du gaur, alderdiaren estatutuak berrituta. Jeltzaleek bederatzigarren batzar nagusia egin dute Gasteizen, eta han onetsi dute alderdiaren barne funtzionamendua «arinagoa, irekiagoa eta eraginkorragoa» izateko modua emango duen araudi berria. Hain zuzen ere, militantzia «indartzeko» eta «aktibatzeko» mekanismoak txertatu dituzte estatutuetan, eta, besteak beste, alderdiaren egiturak, prozesuak eta barne epeak arintzea adostu dute. Adibidez, buru batzarrak eta Euzkadi Buru Batzarra berritzeko prozesuak azkartu eta laburtuko dituzte, gehienez ere 30 eguneko epearen barruan egin daitezen.
Urtebeteko gogoeta prozesua amaitutzat eman dute hala jeltzaleek. Martxoan Donostian egindako bileran, militanteek estatutuak berritzeko enkargua eman zioten EBBari, eta hark Erakunde demokratiko bat izeneko txostena ondu zuen. Testu horri milatik gora zuzenketa egin dizkiote militanteek, eta horietatik %70 onartu dituzte. Zuzenketa horiekin ondu dute Aberri Estatutu berria.
Militanteen parte hartzeko bideak eta moduak hobetzeko asmoz eraldatu dituzte estatutuak, helburua baita «arinagoa» eta «eraginkorragoa» izatea parte hartze hori, egungo errealitatera egokituz eta prozesu horietan digitalizazioa txertatuz, Aitor Esteban EAJko presidenteak azpimarratu duenez. Aldaketen artean, militantziaren artean zuzeneko kontsulta ez-lotesleak egitea aurreikusi dute, alderdikideek gai jakinei buruz duten iritzia jakiteko. Sistema hori erregelamenduaren bidez zehaztuko da, eta kontsulta horiek telematikoki egin ahal izango da.
Estatutu berriek jasotzen dute militantziaren artean zuzeneko kontsulta ez-lotesleak egitea, alderdikideek gai jakinei buruz duten iritzia jakiteko
Bestalde, parte hartzeko eta komunikatzeko bideak zabaltze aldera, Alderdizaleak entitatea sortuko dute, eta EAJrekin lotura izan nahi duten jarraitzaileen figura ere eratuko dute, harremanak sendotzeko.
Lurraldeetako buru batzarrak eta Euzkadi Buru Batzarra berritzeko prozesuak laburragoak izatea ere adostu dute, eta, aurrerantzean gehienez ere 30 eguneko epean egingo dira. Orain arteko barne prozesu horiek oso luzeak izan ohi dira; esaterako, Aitor Esteban EAJren buru izendatzeko prozesuak ia urte erdi iraun zuen.
Barne antolaketaz landa, euskarari eta indarkeria matxistari lotutako neurriak ere bildu dituzte barne estatutuetan. Batetik, azken hilabeteetan euskararen aurka izaten ari diren epai judizialek eragindako «kezkari» erantzuna eman diote jeltzaleek: adierazi dute euskara normalizatzeko «erantzukizun nazionala» behar dela eta normalizazio horren oinarriak euskal herritarren hizkuntza eskubideen babesa eta bultzada izan behar duela. Bestetik, alderdi barruan berdintasuna bermatzeko eta indarkeria matxistari aurre egiteko mekanismoak erantsi dituzte estatutuetan: sexu jazarpenaren eta indarkeria matxistaren aurkako protokoloa eguneratuko ditu, eta barne prozesuetan emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua izango da.
Abisua Sanchezi
EAJko presidenteak hitzaldia eskaini du batzar nagusiaren amaieran, ehunka militante eta kargudun publikoren aurrean. Urtearen balantzea egiteaz gain, Espainiako legealdiari so egin dio, kezkaz. Estebanentzat, «oso larria» da PSOEren barruan aspaldi honetan gertatzen ari dena, eta ataka estuan ikusten du Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchez, «egoera gero eta zailagoan». Hori dela eta, berriro ere ezbaian jarri du legealdiak horrela aurrera egitea zilegi ote den, eta abisu eman dio Sanchezi: eskandaluen «odolustea» eten ezean, bozetara deitu beharko du. «Ez dago beste irtenbiderik. Egoera honek hilabete batzuk iraun dezake horrela, baina ez urte eta erdi. Ez da serioa».
«Ez dago beste irtenbiderik. Egoera honek hilabete batzuk iraun dezake horrela, baina ez urte eta erdi. Ez da serioa»
AITOR ESTEBAN EAJko presidentea
Azken hilabeteotan PSOEren barruan izandako ustezko ustelkeria kasuak eta goi kargudun batzuen jarrera matxistak hartu ditu ahotan Estebanek, eta horrek legealdian izango dituen ondorioez ohartarazi dio Sanchezi. EAJko buruzagiaren iritziz, PSOEri lotutako albisteen jario etengabea «izugarria» da, eta are gehiago «gaiztotu» du giroa. Estebanen ustez, legegintzaldiak «ez du itxura onik», eta, hori dela eta, Sanchezi zuzendu zaio: «Egoera hau aldatzen ez bada, ezin du beste aldera begiratu».
PPri ere bidali dio mezua, jeltzaleek harekin bat egingo dutela baztertuz: «Ez daitezela guri begira jarri. Egin dutenarekin eta erakutsi duten jarrerarekin, hor ez gaituzte aurkituko».
Bestetik, Gernikako Estatutua osorik garatzeko garaia dela esan dio Madrili, eta 2026. urteari begira, berriz, estatutu berri bat adosteko urte erabakigarria izango dela azpimarratu du.