Ez da hain irudi arraroa: auzo berri batean, etxebizitza eraikin modernoak, espaloi garbiak, bizilagun heldu berriak kalean... eta besterik ez; komunitatean egoteko parkerik ez, medikuarenera joateko osasun etxerik ez, kaferik hartzeko tabernarik ez, baina lagunekin elkartzeko beste gunerik ere ez, igeri egiteko kiroldegirik ez, haurrak eramateko eskolarik ez... Auzoa diseinatutakoan udalak erakutsitako maketan ageri zen bizitza iritsi arte, urte eta borroka asko behar izaten dira maiz, azken egunotan BERRIAk Auzo zahar, auzo berri erreportaje sortan azaleratu duen bezala. Eta bitartean, ez dago auzoan bizitzerik eta komunitatea ehuntzerik.
«Auzo berrietan, urbanizatu eta gero, lehena egiten dena etxebizitzak dira», berretsi du Oihana Santolariak, baina oharra egin du: «Arazoa ez da udalek ez dutela ekipamendurik nahi; hori baino konplexuagoa da». EHU Euskal Herriko Unibertsitateko arkitektura irakaslea da, eta Gipuzkoako Arkitektoen Elkargoko zuzendaritzako kidea. Talaia horietatik, kezkaz begiratu die hirigintzan eta eraikuntzan gailentzen ari diren hainbat joerari: «Gauzak gero eta azkarrago egin behar dira. Eta gero eta konplexuagoak diren arazoei heltzeko gero eta denbora gutxiago erabiltzen dugunean, emaitza ez da ona».

Baina zer gertatzen da auzoek maketetatik kalera jauzi egiten dutenean? Santolariak azaldu duenez, auzo berriei buruzko planak lantzen direnean, elementu guztiak hartu behar dira kontuan, hirigintza estandar batzuen arabera: etxebizitza eraikinak, ekipamenduak (eskolak, osasun etxeak, kiroldegiak, kultur etxeak...), eremu berdeak, aisialdi guneak... Hori guztia araututa egoteak, ordea, eragozpenak ere ekarri ditu: «Estandarrek ezartzen dutena kontuan hartu behar denez, askotan, tamalez, Excel taula batekin diseinatzen dira auzoak: azken batean, kalkuluak egitean datza».
Taula hori betetzean, halere, arau guztiek ez dute pisu bera. Gaur egun, legez, ezinbestekoa da, esaterako, generoaren edo inpaktu soziolinguistikoaren txostena egitea, «baina askotan tik bat izaten dira». Eta elementu batzuek ez dute garrantzi bera: «Gerta daiteke, adibidez, etxe multzo bati estandarretan dagokion gune berdea oso aparte dagoen eremu batekin justifikatzea». Emaitzan ere antzeman daiteke auzoak homogeneizatzera doazela: «Estandarretan auto pribatuetarako aparkaleku kopuru jakin bat ziurtatzen bada —ez delako garraio publikoa sustatzen—, eremu berdeak hiritik kanpo jartzen badira, ez badakigu ekipamenduak zeintzuk izango diren... azkenean, auzoak oso antzekoak dira».
«Espezializazioa arazo bihurtzen ari da: dakigunari buruz asko dakigu, baina beste guztiari buruz, ezer ez; eta ezin da atal bat landu gainerakoak kontuan hartu gabe. Ikuspegi orokorra galdu egin da»
OIHANA SANTOLARIAÂ EHUko irakaslea
Dena dela, arazoa orokorra dela uste du: «Gaur egun, administrazioan, hirigintzari lotuta, sektore eta diziplina pila bat daude, baina bakoitzak bere kabuz funtzionatzen du. Eta espezializazioa arazo bihurtzen ari da: dakigunari buruz asko dakigu, baina beste guztiari buruz, ezer ez; eta ezin da atal bat landu gainerakoak kontuan hartu gabe. Ikuspegi orokorra galdu egin da. Eta zentzu komuna ere desagertzen ari da: udalen ardura nagusia da dena arauen barruan egitea, epeetan ez atzeratzeko. Hala, indar guztia jartzen da Excel orria betetzean, legeak konplitzean, eta beste guztia bigarren mailan geratzen da».
Sustatzaileak eta errentagarritasuna
Planoetan marraztutakoa kalean gauzatzean, berriz, eraikitzaileak eta sustatzaileak sartzen dira jokoan, eta, ondorioz, errentagarritasunaren printzipioa gailentzen da. «Etxebizitzak eraikitzeko sustapen gehienak pribatuak dira, eraikuntza enpresenak, eta halakoak azkar egiten dira. Hortik aurrera, udalek gordeta edukiko dituzte ekipamenduetarako lursail edo gune batzuk, zehaztu gabe hor zer zerbitzu jarriko duten. Eta udalek erabaki behar dute ekipamendu horiek noiz eta nola gauzatu, ahal dutenean eta ekonomikoki bideragarria denean».
Hor hasten dira, hain justu, luzapenak, atzerapenak eta auzoetan benetan bizitzeko zailtasunak. Santolariak azaldu du udalek ezin dutela egin nahi duten guztia, eta haien finantzaketa oso lotuta dagoela eraikuntza zikloekin: «Udal batentzat, auzo berri bat eraikitzea diru sarrera handi bat da: edozein obra egiten denean bezala, eraikitzaileek obraren kostuaren ehuneko bat ordaindu behar dute zergetan. Baina gaurko ogia, biharko gosea: gero ekipamenduak eraiki egin behar dira, eta auzo osoaren mantentzea (argiztapena, kaleak, parkeak...) udalak egin behar du. Eta kontuan hartu behar da auzo zaharkituak ere berritu egin behar direla».
«[Lege berriak] promotoreei errendimendu ekonomikoa ziurtatzeko helburua du, etxebizitza gehiago egitekoa ahalik eta azkarren, eta araudi sektorial asko murriztuta»
OIHANA SANTOLARIAÂ EHUko arkitektura irakaslea
Abagune horretan heldu da Eusko Legebiltzarrean EAJk eta PSE-EEk berriki onartu duten araua: Etxebizitzaren, Lurzoruaren eta Hirigintzaren Arloko Premiazko Neurriei Buruzko Legea. «Promotoreei errendimendu ekonomikoa ziurtatzeko helburua du, etxebizitza gehiago egitekoa ahalik eta azkarren, eta araudi sektorial asko murriztuta; hain zuzen, zentzu komuna berreskuratu nahi zuten araudiak, hala nola ingurumen inpaktuari buruzkoak». Etxebizitza larrialdiari erreparatuta, Donostia jarri du adibide gisa: «Arazoa ez da etxebizitza kopurua: etxeak egon badaude, kontua da erosten dituztenak ez direla hor bizi; arazoa prezioa eta gestioa da. Baina lege horrek planteatzen du kantitatea dela arazoa, eta neurri guztiak eraikitzera eta eraikuntza erraztera bideratuta daude».
Legearen bultzatzaileek erabili duten beste argudio bat ere gaitzetsi du: «Haien arabera, toki askotan eraikitzea ez da ekonomikoki bideragarria; beraz, baimentzen dute babes ofizialeko etxebizitzen portzentajea jaistea, kontrakoa izan behar lukeen arren». Arazoa bizitokien prezioa izanik, kontrara egin beharko litzatekeela uste du. Segituan aipatu baitu beste arazo bat: «Norantz doaz hiriak? Desoreka sozial gero eta handiagoetara, aberatsen eta pobreen arteko arrakala gero eta handiagoa baita».
Bestelako eredu batzuei begira
Hala, larrituta jardun da: «Uste dut momentua dela hausnarketa sakona egiteko hirigintzaren inguruan, sektore eta diziplina askoren artean». Izan ere, «araudia oztopo da», Santolariaren hitzetan, pertsonen ongizatea ardatz hartuta arkitektura kritikoak egiten dituen proposamenak gauzatzeko. Gogora ekarri du hiriak ibilgailuentzat pentsatuta daudela: «Funtzionalismotik eta mugimendu modernotik planifikatzen hasi zirenean, zonifikatuta eraiki zituzten hiriak: etxebizitzak, zerbitzuak, aisialdi guneak, lan egiteko tokiak —industria guneak edo parke teknologikoak, gaur egun—, denak bereizita eta aparte, baina oso ondo komunikatuta errepideekin. Eta orain horri buelta eman nahi diogu, ohartu garelako eredu horrek arazoak ematen dituela, besteak beste, auzo monofuntzionalak sortu ditugulako».
Filosofia alternatiboen helburua «hibridatzea» da, hirietan nukleo edo hirigune asko egitea, auzo inklusiboagoak sortzea. «8-80 teoriaren arabera, hiri bat 8 eta 80 urte dituztenentzat pentsatuta badago, denontzat balioko du; bi umerekin dabilen ama batentzat, ibiltzera doan itsu batentzat, lagunekin elkartzekoa den nerabe batentzat, edo erosketa egitera joan behar duen erretiratu batentzat. 15 minutuko hiriaren teoriak dio behar ditugun zerbitzu guztiak gehienez ordu laurdenera izan behar ditugula. Irizpide horiek txertatuta, gaur egun ditugun hainbat arazo konponduko lirateke».

Eta auzo berrietan ez ezik, jada bizirik daudenetan ere lan egin beharra nabarmendu du. «Ezin gara hutsetik hasi diseinu batean, hiriaren parte bat eraikita dagoelako. Eta toki bakoitza bakana da». Prozesu horietan, zentzu komuna berreskuratzera deitu du, bizilagunen premiei entzutera, eta auzoen homogeneizaziotik ihes egitera: «Erromatarren garaian, bazen toki bat babesten zuen espiritu bat, genius loci deiturikoa. Gaur egun, toki bakoitzaren berezitasuna zaintzearekin lotzen da kontzeptu hori arkitekturan: giroa, izaera, memoria... beste leku batetik bereizten dituena. Hori kontuan hartzeak lagunduko luke auzoak ere bereziak izan daitezen. Etxeak edukiko lituzkete berdin, baina lekuaren esentzia errespetatuta».