Pastor

Ez ahaztu kondoiak!

2025eko ekainaren 28a
05:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Hasi da uda. Hasi dira festak. Hasi da mozkorraldia. Gure herri maitearen marka da: alkoholez (eta musikaz) blai ibiltzea. Helduak eta nagusiak txosnetan, albo-alboka; ume, nerabe eta gaztetxoak plastikozko poltsa zuri bana eskuan, nonbaiterako bidean, zurrutari emateko. Herrian bertan edo kanpoan. Edozein herritako jaietan. Arazorik ez: garraio publikoa gau osoan. Mozkortu zaitez lasai, ez duzu autoa hartu beharko eta. Bai, hobe jendea autobus edo metroan txahala botatzen ibiltzea errepidean odol putzuak uzten baino.

Karikatura dirudi, baina ez dago errealitatetik oso urrun. Alkoholaren kulturan bizi gara, alkohola bedeinkatzen duen gizartean, tenpluaren barruan eta kanpoan. Ukiezina da alkohola. Erretzeak hil egiten duela gogorarazten digute tabakoa erosten dugun bakoitzean. Alkoholarekin askoz samurragoa da mezua, ordea: neurriz edan ezazu (baina edan ezazu, redio!). Erretzeak hil egiten du. Alkoholak ez? Norbera ez ezik, ingurukoak ere hil ditzake alkoholak. Etxekoak txikitu. Oraindik ez da ikusi egunean hiru pakete erre, barrutik alderik makur eta ilunena atera eta andrea edo seme-alabak jipoitu dituen gizonik. Eta egin badu, ez da nikotinaren eraginez izan, baizik eta kearekin batera beste substantzia batzuk hartu dituelako. Alkohola, usaian.

Guztiz erroturik dago alkohola. Nonahi dugu. Albiste onak ospatzeko, gertakari txarrak aldi batez ahazteko. Eta festetan, nola ez! Desfaserik gabe, festarik ez. Jai alternatiboak sustatzen ari gara, baina zenbateraino dago alkohola eredu berri horren barruan? Jabetu gara jaietan izaten diren erasoak, borrokak eta istiluak maizago eta aiseago gertatzen direla alkohola tartean dagoenean? Ez, kontua ez da alkoholaren kontrako liga puritanoa sortzea. Debekatzea ere ez. Gainera, alkoholaren aurka zuzen-zuzenean egitea ez da erraza: tradizioa eta ohiturak nahasten dira. Eta interes ekonomikoak. Lobbyak. Antzina susmagarria zen alkoholik edaten ez zuen gaztea: «Mostoa? Marikoia!». Soberano es cosa de hombres.Centenario. Eta Margit Kocsis ilehoria zaldi zuria zamalkatzen, izter ederrak airean. Terry me va.Beste kopa bat, Joseba! Eta orain...

Nor da alproja hori adingabeen artean alkoholaren kontsumoa bultzatzeko? Nork kontratatu zuen tipoa? Gure zergen dirua jaso zuen?

Gasteiz, maiatzaren 23a. EAEko hiriburu politikoaren 45. urteurrena goratzeko jaia. DJa jo eta fuego ari da Plaza Berrian. Aurrean gazte mordoa du, horietako asko 14-15 urteko nerabeak. Mutikoak eta neskatoak kantuz ari dira, eztarria lehertu beharrean. Dale, dale! Jauzi eta igurtzi! Saioa bukatu eta denak pozik. DJ jatorrak gaztetxoak agurtu ditu: «Eta orain, mozkortzera!!!».

Orain mozkortzera? Lehenik eta behin: zoritxarrez, nerabe gehienek hori egingo dute, etxean eta kalean hori bera irakatsi baitiegu. Ez diegu deus esan behar. Bestetik, nor da alproja hori adingabeen artean alkoholaren kontsumoa bultzatzeko? Nork kontratatu zuen tipoa? Gure zergen dirua jaso zuen? Zeinek ordaindu zion? Udalak? Aldundiak? Jaurlaritzak? Inork ez zion kargu hartu txotxolo burugabeari nerabeei mozkortzeko esateagatik?

«Ez zaitez fida inoiz edaten ez duen gizonaz», esaten dugu, geure burua zuritzeko. Jai batean edan gabe inoiz egoten ez dakien gizonaz fidatu beharko bagenu bezala. Gure izaeraren partea da edatea, sozializatzeko erritua. Ezagun da Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohi baten kasua. Ez du edaten eta barre egiten zuten horren kontura. Gatzgabea gizona. Zer esatea nahi duzue. Lehendakari abstemioa nahiago dut alderdi politiko bereko sailburu handiputz hanpurutsu ardozalea baino. Kazetariei deitu zien nazioarteko bidaia bat prestatzeko. Bazkaritarako elkartu dira. Bapo jan eta edan dute, giro onean. Trago eta trago eta hitz-jarioago; «hartu beste bat», «horixe!». Gero eta laxoago dago apaiz ohia. Luzatu da jatostea; beste kopa bat; eguratsa, alkoholaren hatsa. Alde egiteko garaia da. Jendea altxatzen hasi da. Badoaz kazetariak. Sailburuak oihu egin die orduan, masailak eta begiak Dean Martin-enak bezain gorri: «Ez ahaztu kondoiak! Ez ahaztu kondoiak!».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.