Soziolinguistika Klusterreko ikertzailea

Belen Uranga: «Ez badakigu nola demostratu euskara ikasteak dituen onurak, arazo bat daukagu»

«Immigrazio latinoak» euskararekin duen erlazioari buruzko ikerlan batean parte hartu du Urangak; haiei buruzkoa da, baina denena da auzia: hizkuntzaren biziberritzean aurrera egite aldera, erantzunak «komunitate osoarena» izan behar du.

Jon Urbe / FOKU
Jon Urbe / FOKU
arantxa iraola
2025eko ekainaren 15a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Sofiaren hitzak jaso dituzte. Euskararekiko arroztasuna erakusten dute, eta jakiteko gogoa: «Zinemara joaten gara. Irati filma ikustera joan nintzen, euskaraz baita, eta gutxienez ideia bat hartzen duzu». Luciarenak. Mesfidantza agerikoa da horietan: «Egun, traba da lan egin nahi duen jende askorentzat». Elenarenak, esperantzaz beteak: «Haurdun geratu nintzenetik, gehiago gustatzen zait hizkuntza ikastea, nire umea ulertu behar dut. Jakina, berak euskaraz hitz egingo du». Jatorrian gaztelania hizkuntza ofiziala duten etorkinen integrazio soziolinguistikoa Gipuzkoan ikerlana ontzeko Soziolinguistika Klusterreko ikertzaile Belen Urangak, Asier Basurtok eta Arantza Egigurenek jasotako lekukotasun ugarien lagintxo bat dira horiek. Propio «immigrazio latinoak» euskararekin zer harreman mota duen aztertzeko egin dute. Izan ere, migratzaile asko heltzen dira herrialde latinoetatik Euskal Herrira: «Asko dira. Gipuzkoan, adibidez, erdia baina zerbait gehiago». Askotariko ezaugarriak dituzte, baina ia guztiak batzen dituenetako bat hauxe da: Euskal Herriko hizkuntza hegemonikoan ondo moldatzen dira. Ikerlanaren gako nagusiez solastatu da Uranga.

Oro har, ikerketan jaso duzuenaren arabera, migratzaile latinoek, heldu berritan, zer dakite euskarari buruz?

Oso gutxi. Gehienek ez dakite ezer hona etortzen diren arte. Eta inportantea iruditzen zait hori, zeren eta askok hemengo jendearekin badaukate harremana; alegia, lehendik etorritako jendearekin harremana dutela datoz asko, eta horiek ez diete euskararen berri eman. Adierazgarria da. Hemen daude beren familiak, lagunak, baina ez diete euskararen berri ematen. Zergatik? Ez dutelako horren beharrik izan.

Horrek argi erakusten du gehienek sentitzen dutela euskara ez dela integraziorako beharrezkoa den faktore bat, ezta?

Guri gustatzen zaigu aztertzea nola egiten duten integrazioa, eta fase bakoitzean nolakoa den beren harremana hizkuntzarekin. Zer gertatzen da? Ez dutela harreman handirik euskararekin. Lehen fasean, biziraupenaren lehen fase horretan, lagunen eta familien arteko sareetan integratzen dira, eta ez daukate hor inolako beharrik euskaraz aritzeko. Fase horretan normalean administrazioarekin izaten dituzte harremanak, paperak-eta behar dituztelako, eta hor euskararekin gutxi egiten dute topo: ez dute inolako beharrik.

Hurrengo fasean sartzen dira lan munduan, eta pertsona hauek normalean lan munduan sartzeko aukera nahiko errazak izaten dituzte. Horrek ez du esan nahi lan munduan arazorik ez dutenik: alderantziz, diskriminazioa etengabe ikusten da. Baina integratu egiten dira lan munduan eta, oro har, ez dute euskararen beharrik. Kasu batzuetan ikusten dute komenigarritasuna, baina ez dute beharrik ikusten. Eta beharrezko izaterik ere ez lukete nahi: gaia planteatzen zaienean esaten dute ondo iruditzen zaiela euskara sustatzea, baina kontuz, lan munduan integratzeko ez dute nahi beharrezkoa izatea, horrek ondorio oso kaltegarriak izango lituzkeelako: hori esplizituki esaten dute. Eta hirugarren fasean, sozializazioko atalean, zeinekin dituzte harremanak? Gehien-gehienak beren artean dituzte harremanak. Orduan, hor euskararen presentzia apenas dagoen.

«Gustatzen zaigu ikustea nola egiten duten integrazioa. Zer gertatzen da? Ez dutela harreman handirik euskararekin»

Eta non irekitzen zaizkie euskarara hurbiltzeko ateak?

Argi dago: euskararekin lotutako sozializazioa eskolaren testuinguruan gertatzen da. Pertsona hauen seme-alabak eskolara joaten badira, hor topo egiten dute eskolaren sistema osoarekin, komunitate osoarekin. Hor, bai. Hor kontaktua daukate euskararekin, eta hor gauzak aldatu egiten dira, eta baita beraiek daukaten jarrera ere. Garbi ikusten dute: «Guk ez dugu ikasiko, baina gure seme-alabek bai». 

Hor aurrera egite aldera, berebiziko garrantzia du gizarte segregazioaren kontra egiteak, ezta? Bestela, zaila izango da.

Tokatzen zaigu alde batean jartzea gaztelaniaz bizitzeko zein aldagai dituzten, eta euskaraz integratzeko zein. Hor ikusten da zer pisu desberdina daukaten bi hizkuntzek. Gaztelania da hemengo hizkuntza hegemoniko nagusia, presentzia erabatekoa dauka, ezinbestekoa da: denerako behar dute, eta badakite. Beraz, integrazioa gaztelaniaz egingo dute, besterik ez baldin badago. Euskaraz sozializatzeko dauzkaten aldagaiak aztertzen baditugu, berriz: hizkuntza minorizatua da, presentzia oso justukoa du beren sozializatzeko fase guztietan, oso bazterrekoa, eta ahalegin berezia egin behar dute ikasteko, askotan kondizio pertsonal eta sozial gogorretan. Eta hori guk oso kontuan izan behar dugu. Soziolinguistikak aspaldi esan zuen: hizkuntza gutxitu bat daukagun xede lurraldeetan demostratu behar da hizkuntza gutxitu hori hitz egiteak zer onura ekartzen dituen. Guri tokatzen zaigu hori hona ekartzea. Eta guk zera ikusten dugu, onurak ez direla agerikoak: ez ditugula erakusten.

«Badago alde positibo bat: euskararekin harremana izateak komunitate izaera minimo bat, behintzat, ematen die»

Zaila da etorri berriarentzat horiek ikustea?

Badago alde positibo bat: euskararekin harremana izateak komunitate izaera minimo bat, behintzat, ematen die. Eta zenbat eta handiagoa izan harreman hori, orduan eta komunitate izaera handiagoa izango dute, eta hori oso positibotzat hartzen dute. Hori, alde batetik. Eta, bestetik, konturatzen dira, euskara minorizatua bada ere, baduela babes minimo bat: eskolan babesa du, administrazioan ere bai, eta lagunarteak badaude... Orduan, minimo bat badago. Zer tokatzen zaigu? Kontuan izanda gaztelaniaren alde dauden aldagai horietan guztietan eragitea oso zail daukagula, tokatzen zaigu euskaraz integratzeko dauden aldagai positibo horiek indartzea. Alegia, euskarari ospea eman behar zaio alde guztietan, eta, batez ere, euskararen komunitate izaera hori indartu behar da eta demostratu behar da. Euskaraz ikasteak dituen onurak erakutsi behar ditugu eta demostratu behar ditugu, eta ez baldin badakigu demostratzen, arazo bat daukagu. 

Eta hori denon eginkizuna da.

Euskaraz sozializatuko dira baldin eta sinesten badute, eta gure lana da indartzea komunitate izaera, euskararen ospea, euskararen onurak... Hori gure lana da, ez haiena. Nola egiten da hori? Hartu-emanetan, berdintasunaren printzipioan oinarrituta, baina diferentziaren printzipioa ere errespetatuta, eta proiektu komun batean. 

«Komunitate izaera, euskararen ospea, euskararen onurak... Horiek indartzea gure lana da, ez haiena»

Hizkuntza harreraren garrantzia gero eta agerikoagoa da. Nolakoa izan behar du?

Harrera ez da soilik harrera dokumentu bat, harrera protokolo bat, esaterako, udal batek egingo duena: herri moduan aztertu behar den zerbait da. 

Propio migratzaileei begira egindako lanketa bat izan behar du?

Ezin da hizkuntza politika bat erabat migratzaileei begira egin, edo migratzaileen gain fokua modu isolatuan jarrita: hori ez da zilegi.  Populazio osoari begirako hizkuntza politika egin behar da, baina horrek ez du kentzen migratzaileei begirako hizkuntza politika pentsatu behar ez denik.

«Ezin da hizkuntza politika bat erabat migratzaileei begira egin: hori ez da zilegi»

Eskola segregazioaren kontrako urratsek-eta hor berebiziko garrantzia dute.

Erabat. Segregazioa ez da izaten soilik hizkuntza segregazioa, baizik eta beste maila batekoa ere bai, eta lotzen bada euskara goi maila ekomiko batekin, elitearekin... Ez dut esaten gertatzen denik, baina horren arriskua egon daiteke, eta haur etorkinen seme-alabek euskal gizartean bizitzeko harremanak izan behar dituzte euskaraz egiten dutenekin.

Hor badira egitasmoak, hainbat udaletan-eta, harreman horiek sustatzeko...

Bai, baina urte asko daramatzagu solte dauden esperientziak ikusten. Oso ederrak horietako asko, zoragarriak. Baina garaia da benetan hori benetan sistematizatzeko, eta, sistematizazio horretan, administrazioaren aldetik inbertsio handia behar da, eta inbertsio sozial handia: gizarteak, guk, aktibatu beharra daukagu biziberritze prozesu horretan integrazio soziala euskaraz egiteko.

 

 

 

 

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.