«Pertsona ez-binarioa gizon edo emakume gisa identifikatzen ez den pertsona bat da: behintzat ez erabat, ezta une oro ere». Hamar urtean zehar egindako hausnarketen eta eztabaiden ostean, pertsona ez-binarioei buruzko definizio hori irakurri du gaur Darko Decimavilla aktibista ez-binarioak eta Espainiako No Binaries elkartearen sortzaileetariko batek, Bilbon. Haur eta gazte transexualitateari buruzko Naizen Nazioarteko I. Biltzarraren bigarren eta azken egunean hartu du parte Decimavillak, haur eta gazte ez-binarioei buruzko mahai inguruan.
Ikusi gehiago
Definizio orokor bat eman duen arren, Decimavillak argi utzi du «ez-binario terminoa identitate asko biltzen dituen aterkia» dela. Are, Transexualen Nottinghameko Osasun Zentroko langile Nat Thorneren arabera, «ez-binarismoa adierazteko hitz asko daude». Identitate ez-binarioei, hizkuntzari eta horrek buru osasunean duen eraginari buruzko tesia du egina Thornek.
«Ez-binario da, oro har, pertsonek euren burua deskribatzeko erabiltzen duten hitza. Jendeak uste du ez-binarioa izatea maskulinoa denaren eta femeninoa denaren erdian egotea dela, baina hori ez da beti horrela. Nik, adibidez, neure burua transmaskulinotzat daukat, eta beste batzuek transfemeninotzat daukate», azaldu du. Horregatik daude hitz ugari, bakoitzak komeni zaiona aukeratu eta erabil dezan.
Bi hizlariek argi utzi dute: sexua eta generoa ez dira gauza bera. «Generoak eta sexuak ez dute lerrokatuta egon behar; erabat desberdinak izan daitezke», zehaztu du Thornek. Eta Decimavillak zera erantsi du: «Horrez gain, generoa ere ez da genero rolen eta estereotipoen gauza bera». Generoa «kategorizazio modu bat» dela uste du. Hori dela eta, uste du transfeminismoek eta queer aktibismoek rol eta estereotipoetan eragin beharra daukatela.
Helburu bat baino gehiago, «generoaren abolizioak ondorio bat» izan behar du, Decimavillaren arabera. «Generoan oinarritutako indarkeria desagerraraztea lortzen dugunean, agian ez dira beharrezkoak izango genero kategoriak; baina, gaur egun, pertsona ez-binarioentzat eta batez ere emakumeentzat, garrantzitsua da genero kategoria ez ezabatzea, lege batzuk gabe gera gaitezke eta; besteak beste, Soilik baietz da baietz legea gabe».
Ikerketa falta
Intersekzionalitatea ere izan du hizpide Decimavillak. Gogoratu du zisak eta transak ez direla bakarrik «zuriak eta normatiboak» izaten, besteak beste. Arrazializatuak ere badira, edo migratzaileak, neurodibergenteak edo lodiak. Ikerketek, baina, ez dute aztertzen trans horiek nola bizi diren, Decimavillak kritikatu duenez. Era berean, aktibista ez-binarioak gogoratu du pertsona ez-binario guztiak ez direla transak. «Batzuek ez dute argi trans paradigmaren barruan ote dauden».
Pertsona ez-binarioek egoera kezkagarriei egin behar diete aurre, Decimavillak azaldu duenez. Esaterako, herritar batzuek estigma edo arbuioa jasan izan dute medikuaren kontsultan. Egoera horiek «okerragoak» izaten dira, esaterako, pertsona horiek migratzaileak edo lodiak direnean. Bullying-a ere pairatzen dute ez-binarioek, eta batzuek ez dute familiaren babesa sentitzen.
«Jendeak uste du ez-binarioa izatea maskulinoa denaren eta femeninoa denaren erdian egotea dela, baina hori ez da beti horrela. Nik, adibidez, neure burua transmaskulinotzat daukat, eta beste batzuek transfemeninotzat daukate»
NAT THORNETransexualen Nottinghameko Osasun Zentroko kidea
Hezkuntza ere kritikatu du Decimavillak. Azaldu duenez, liburuak ez dira errealitatearen isla: «Pertsona binarioak eta zuriak agertzen dira, eta iragarkietan besterik ikusten ez ditudan emakume eta gizon gorputzak». Esparru egokien beharra ere nabarmendu du. «Oso polita da horrelako esparruak sortzea, baina komunera joan zarete?», galdetu die ikus-entzuleei. Bizkaia aretoan egin dituzte jardunaldiak, eta gizonentzako eta emakumeentzako komunak daude bertan. Horrelako jardunaldia izanda eta transak eta pertsona ez-binarioak bertan egonda, behintzat komunetan kartelak jartzea proposatu du.
Horrelako egoerak saihesteko eta gune seguruak sortzeko, Thornek egin beharreko hainbat argibide eman ditu. Hasteko: «Gehiago irakurri, pentsatu eta galdetu». Haren ustez, gazteek pozik erantzungo dituzte helduek dituzten galderak. Horrez gain, adierazi du asko dagoela irakurtzeko, eta sarean ere bideo ugari daudela ikusteko.
Izenordainak aipatu
Bakoitzak bere izenordainak aipatzea ere bada leku seguru bat sortzeko «modu bikain bat». «Zure izenordainak aipatzerakoan, erakusten ari zara ulertzen duzula aurrean dagoen horrek agian ez dituela izenordain berdinak izango», zehaztu du. Eta erantsi norbaitek zerbait gaizki egiten badu, ez larritzeko: «Zerbaitetan huts egiterakoan, barkamena eskatu, eta esandakoa zuzendu».
Bestalde, familia arloan «pedagogia handia» dago egiteko, Decimavillaren irudiko. «Gizarte honetan, ez da bideragarria heziketan binarismotik ihes egitea, matxismotik, arrazakeriatik eta beste hainbat kontutatik ihes egitea bideragarria ez den bezala», esan du. Hori dela eta, hori existitzen dela jakinaraztea da konponbidea, eta «horretan lan egitea, existitzeari utz diezaion».
«[Hezkuntzako liburuetan] Pertsona binarioak eta zuriak agertzen dira, eta iragarkietan besterik ikusten ez ditudan emakume eta gizon gorputzak»
DARKO DECIMAVILLAAktibista ez-binarioa eta Espainiako No Binaries elkartearen sortzaileetako bat
Decimavillak aipatu du familia batzuek beste heziketa «interesgarri» batzuk ematen dizkietela haurrei. Horren adibide bat publikoan egon da gaur. «Transmaskulinoa naiz, ez-binarioa, eta generorik gabeko heziketa ematen ari naiz gaur egun lau urte dituen umeari». Azaldu duenez, heziketa horien helburua da «generoak eragiten dituen desberdintasunak konpentsatzea». «‘Berdintasunean heztea’ esaldian erortzea tranpa bat da; horrek eramaten gaitu beti gaur egun dauden desberdintasun guztiei bere horretan eustera», kritikatu du. Begirada kritikoaren beharra azpimarratu du ikus-entzuleak. Beste familia batzuekin elkartzen dira, gertatzen diren gauzak auzitan jartzeko eta horiei nola aurre egin aztertzeko. «Utz diezaiogun berdintasunean hezteari, desberdintasun horiek konpentsatuz hezteko», aldarrikatu du.
Aipatutako guztia borobiltzeko, hausnarketa batekin eman dio amaiera Decimavillak mintzaldiari: «Forma, kolore eta tamaina guztietako kaxak daude, egitura eta ertz desberdinekoak. Ulertu behar dugu kutxak askotarikoak direla eta hobeto bizi nahi eta ahal dugun kutxa aurkitu behar dugula. Kutxa hori ez badago, sortzen saia gaitezke. Eta ez baduzu kutxarik nahi, ez zaitzala inork behartu horietan egotera; bestea bezain onargarria da hori».