Iker Tubia.

Ez da epaiketarik izanen 'Apurtu.org' webgunearen aurka

2013ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Ateak Ireki atari digitala itxi eta hilabetera, Apurtu.org webgunearen aurkako sumarioa artxibatu egin du Javier Gomez Bermudez Auzitegi Nazionaleko epaileak, eta horren barnean inputatutako lau lagunen karguak ere bertan behera utzi ditu. Miguel Angel Llamas Pitu kazetaria zen inputatuetako bat, eta kartzelan eduki zuten hemezortzi hilabetez epaiketarik egin gabe artxibatutako auzi batengatik. Aferak hartutako norabidea ikusita, Ateak Ireki ataria berriz ere zabaltzeko eskatu du Llamasek. Izan ere, Apurtu.org webgunearen segida zelakoan itxi zuten.

Albiste gazi-gozoa izan da inputaturik ziren lau lagunentzat, eta harriduraz hartu dute. Hala azaldu du Llamasek: «Pozik gaude sumarioa itxi delako, baina oso haserre gaude ikusten dugulako komunikabide bat ixteko ez dela deus behar». Izan ere, froga aski omen zirelako atxilotu zituzten eta itxi zuten Apurtu.org, baina orain froga faltagatik bertan behera utzi dute. «Orduan su-etena emana zen, eta beraien helburua Nafarroan kolpea ematea zen, eta aukera ikusi zuten webgune hori gainetik kentzeko».

Egoera ikusita, katea moztu egin dela dio Pituk: «Ez badago froga nahikorik frogatzeko Apurtu.org delitua zela, nola frogatuko dute Ateak Ireki-rena? Gure susmoa da ez dutela hori inoiz frogatuko». Orain, bigarrenaren itxieraren aurkako helegitearen zain daude; beraz, gauza bakarra eskatu dute: Ateak Ireki ez ixteko. «Gutxienez horrekin zerbait konponduko genuke, ordaina lortzeko modu bat litzateke», azaldu du.

Adierazpenari ateak itxiz

2011. urteko otsailean itxi zuten Apurtu.org atari digitala, Auzitegi Nazionaleko epaile Fernando Grande Marlaskak hala agindu ondoren. Hilabete lehenago, urtarrilaren 18an Llamasekin batera beste hiru lagun atxilotu zituzten webgunea kudeatzen zutelakoan: Koldo Garcia, Edurne Sauzo eta Oihana Odria. Inputatuei «Askatasuneko propaganda egiturako kide» izatea leporatu zieten orduan. Haiekin batera beste sei lagun atzeman zituen Guardia Zibilak, Ekineko kide zirelakoan. Webgunea «badaezpadako neurri gisa» blokeatu zuten, baina behin betiko itxita gelditu zen.

Dena den, lehenagotik ere arazoak izan zituen atari digitalak. 2009ko apirilaren 25ean, blokeatu egin zuten zenbait komunikabidek eginiko kanpaina baten ondotik. Oro har, presoen egoerari eta errepresioari buruzko informazioa lantzen zuen hedabide hark.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.