'Esnatu ala hil' liburuaren egileetako bat

Garikoitz Goikoetxea: «Ez da hil kanpaiak jotzeko liburu bat: esnatzeko kanpaiak jotzeko helburua dauka»

Bidegurutzearen irudia erruz erabili da urteotan euskararen egoeraz aritzean; Garikoitz Goikoetxeak eta Iñaki Iurrebasok, batera ondu duten liburuan, euskararen oraina eta geroa aztertu dituzte, dema hori gordin aurkeztuta izenburutik: 'Esnatu ala hil'.

JON URBE / FOKU
JON URBE / FOKU
arantxa iraola
2025eko irailaren 8a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ondo «ulertzen» al den. Hori galdetu du Garikoitz Goikoetxea euskara teknikariak (Elduain, Gipuzkoa, 1989): hori du kezka behinenetako bat. Izan ere, Iñaki Iurrebaso soziolinguistak eta berak ondu duten Esnatu ala hil. Euskararen oraina eta geroa, diagnostiko baten argitan liburua idazteko orduan, horixe izan da helburu nagusietako bat, ulerterraza izatea. Eta lortu dute. Agerikoa da mezuak samur eta ahaltsu transmititzeko ahalegina liburuaren lerro bakoitzean. Elkar argitaletxearekin atera dute; gaur dute aurkezpena, Donostian. Goikoetxeak tarte bat hartu du liburuaz aritzeko eta esplikatzeko zergatik den beharrezkoa. «Nabarmena da: 1960ko eta 1970eko olatuak ekarri gaitu gaur arte», gogora ekarri du. «Atzetik beste olatu bat ez badator, ur hori pixkanaka atzeraka hasiko da». Datuetan agerikoa da: «Oinarrizko adierazleetan badauzkagu gelditze baten zantzuak». Aldaketa askotarikoek asaldatutako mundu «ezegonkor» honetan, «begiak irekitzeko» eta egoera soziolinguistikoa «ulertzen» laguntzeko gako batzuk eman nahi izan dituzte. Osasun arazo bat tarteko, Iurrebaso ez da izan elkarrizketan.

Lehen hitzak hemen falta den horri buruz. Izan ere, egin duzuen liburu honen helburu nagusietako bat izan da Iñaki Iurrebasok bere doktore tesian agerian utzitako hainbat ideia gizarteratzea, ezta? Lan hori mugarria izan da, erruz aipatu da esparru askotan, eta plaza zabalagoetara eramateak berebiziko garrantzia du orain.

Bai, helburu nagusia, dudarik gabe, hori da. Liburu honen helburuak bi izan dira, nagusiki. Batetik, tesi hori gaurkotzea, batez ere 2016ko datuetan oinarrituta zegoelako; 2021era ekarri dugu. Horrekin batera, beste iturri batzuekin ere osatu dugu; besteak beste, azkenaldian zeresan handia eman duen Siadecoren proiekzio demolinguistikoa ere landu dugu liburuan. Bestetik, gure helburu nagusia izan da, ia obsesionatzeraino, liburu ahalik eta irakurterrazena egitea, edozein euskaltzale estandarrek erraz ulertzeko modukoa.

Izenburu ahaltsua hautatu duzue, bi mutur erakusten dituena. Sarri ahalegina egin da euskararen geroa mezu ezkorrekin ez lotzeko. Baduzue kezkarik, hautatu duzuen bideak zer ondorio izango ote dituen?

Gurea ez da izan baikortasuna edo ezkortasuna; gure helburua izan da egoera ahalik eta modu osoenean erakustea, ezer ezkutatu gabe. Esnatu ala hil ez da hil kanpaiak jotzeko liburu bat: esnatzeko kanpaiak jotzeko helburua dauka. Guk badakigu euskara ez dela desagertuko hurrengo hogei, berrogeita hamar edo ehun urteetan; ez dugu euskararen biziraupena jokoan, baina iruditzen zaigu orain bagaudela egoera batean non bi bideren arteko hautua egingo den euskararen indarberritze prozesuan; alegia, edo Irlandara joango gara, edo maila egokiagoan dauden hizkuntzen parean jarriko gara. Uste dut alde horretatik badagoela nahiko adostasun euskalgintzan, eta baita erakundeetan ere. 

«Ezinbestekoa dugu motibazioa etengabe elikatzea, horrek huts egiten badigu gainerako guztia erori egingo zaigu eta»

Iurrebasok, aurrez usu esan denaren kontra, ondorioztatu du euskararen erabilera ez dela urria. Izan ere, euskaraz jakin arren, gaitasun apala dute hiztun askok, eta inguru erdalduna. Gaitasuna zeinen aldakorra den erakusteko, erdalduntze goiztiarra kontzeptuari ere erreparatu diozue. Zer azaldu nahi duzue?

Bai, nolabait ere irudikatu behar dugu sokatira bat dagoela. Badaude euskararen indarberritzearen alde egiten duten faktore batzuk. Eskola izan daiteke horren adibide garbia; edo, gutxiagotan nabarmentzen den arren, familia izan daiteke beste bat. Horixe da gure indarguneetako bat: zenbat familiak egiten dute euskara transmititzeko hautua gurasoek edo familiakoek erosoen egiten duten hizkuntza ez izanda ere. Baina horietan inbertitzen duguna ahuldu egiten du kaleak, besteak beste, euskaldun gehienak bizi diren testuinguruetan erdarak nagusi izateak. Bestetik, gero eta gehiago, pantailen eragina daukagu. Eta sokatira horretan ikusten dugu tenkatze hori gero eta adin goiztiarragoetan gertatzen dela. Erdalduntze goiztiarraren fenomenoa lehen mailako arazo gisara hartu beharko genuke. Oso kontuan hartu beharko genuke etxean euskara jaso baina etxetik kanpo erdara gero eta nagusiago duten umeen joera hori. 

Atxikimendua funtsezkoa da. Nola hauspotu?

Gaur egun, motibazioa da gure indargune nagusietako bat. Baina ezinbestekoa dugu motibazio hori etengabe elikatzea, horrek huts egiten badigu gainerako guztia erori egingo zaigu eta. Izan ere, gaur egun, euskararen erabileraren parte handi bat motibazioak ekarritakoa da; euskaraz egiteko behar objektiborik ez daukaten, aparteko erraztasunik ez daukaten eta gutxienez harreman batzuetan euskaraz egiten duten euskaldunei zor zaie. 

«Oso kontuan hartu beharko genuke etxean euskara jaso baina etxetik kanpo erdara gero eta nagusiago duten umeen joera hori»

Iurrebasoren tesian bertan eta Siadecok berriki UEMAren enkarguz egindako proiekzioan. Hainbat azterlanetan agertzen ari da arnasguneen ahultzea. Aparteko zer politika behar dira?

Badaukagu garaia hizkuntza politikak lurraldetasunaren ikuspegitik gehiago planteatzeko. Askotan, hizkuntza politika lurraldetasunarekin lotu izan dugunean, zonifikazioarekin lotu izan dugu, hizkuntza eskubideekin; guk ez dugu inolaz ere hori planteatzen, baina uste dugu hizkuntza politika ezin dela berbera izan euskaldunak %80 diren eta erabileran euskara oso nagusi den testuinguru batean, edo euskararen erabilera %3koa den testuinguru batean. 

Ikus-entzunezkoen arloko hutsuneak handiak dira. Zein dira ondorioak?

Har ditzagun orain dela hogei urteko euskaldunen etxeak, eta gaur egungo euskaldunenak. Erdaren presentzia nabarmen handitu da; pantailen adibidea da garbiena. Hor badaukagu aldaketen ozeano handi bat, eta asmatu behar dugu euskararen bidea nondik irudikatu ozeano horren erdian. 

«Hizkuntza politika ezin da berbera izan euskaldunak %80 diren eta erabileran euskara oso nagusi den testuinguru batean, edo erabilera %3koa den testuinguru batean»

Migratzaileen etorrerak dakartzan ondorioak aipatzen dira usu. Zer-nola erantzun hor sortzen ari diren galderei? 

Euskal Herrira iristen den migratzaile batek zer behar objektibo dauka euskara ikasteko? Hutsaren hurrengoa. Horrek mahai gainean jartzen dizkigu gure egiturazko arazoak. Horrez gain, zera erantsi nahi nuke aldaketa demografikoekin lotuta: askotan, kanpo migrazioei begiratzen diegu bakar-bakarrik, eta uste dut ikuspegi osoagoa behar dugula. Adibide bat jartzearren: zer uste dugu, arnasguneek azken urteotan izan duten beherakada kanpo migrazioekin lotuta dagoela? Edo barnean izan diren mugimenduekin? Hor ere ikuspegi osoa hartu behar dugu, eta diagnostiko sinplistek ez digute mesede handirik egiten. 

Ikusi gehiago

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.