Desalojorik ez erantzunik gabe! lelopean, okupazioaren kriminalizazioa salatzeko eta indarrak batzeko dinamika bateratua antolatu dute Igorreko Kiñu (Bizkaia) eta Donostiako Guardetxea gaztetxeetako kideek. Izan ere, hilaren 27an epaitegira joan beharko dute —Durangon (Bizkaia) eta Donostian, hurrenez hurren—. Amaiur Irazabal (Igorre, Bizkaia, 2003) Kiñu gaztetxeko kidea da, eta gogoratu du sei urte daramatzatela epaiketa prozesuetan murgilduta: eraikinaren aitzineko jabearekin akordio bat egin zuten, baina Sabadell bankuak, eraikina bereganatu, eta bide judiziala zabaldu zuen. Eñaut Alvarez (Donostia, 1999) AZGA Alde Zaharreko Gazte Asanbladako kidea da; haiek berreskuratu zuten eraikina iazko maiatzaren lehenean.
Bi gaztetxeetako kideek dei egin dute epaiketaren egunean epaitegien aitzinera joan eta desadostasuna adierazteko, eta gazteei erran diete orain dela garaia errepresioaren aurka elkartasunez antolatzeko eta defentsara batzeko. Are, Irazabalek nabarmendu du 27an egun osoko grebara deitu dutela Arratiako ikastetxean, ikasleak Durangorat joan daitezen.
Zornotzako Matrailu, Bilboko Etxarri II, Sestaoko Txirbilenea, Mungiako Errota (Bizkaia), Burlatakoa (Nafarroa), Zestoakoa (Gipuzkoa)... Anitz dira azken hilabeteetan hustu dituzten gaztetxeak. Kiñuren eta Guardetxearen kontrako epaiketak gune horien kontrako oldarraldiaren enegarren adibide gisa ulertzen dituzue?
AMAIUR IRAZABAL: Bai. Gure kontra egiten duen sistema bat dago, ez ditugulako praktika kapitalistak bermatzen eta diruaren baitan ez dauden dinamikak eramaten ditugulako aurrera. Haientzat hori ez denez zilegi eta ez dutenez baimendu nahi, erreminta bat dira gure kontrako epaiketak, indarrak hor galdu eta dinamikak aurrera ez ateratzeko. Gure kasuak erabili nahi izan ditugu egoera orokorraren berri emateko: ez da Kiñu eta Guardetxearen kontrako epaiketa bakarrik, gaztetxeen eta gune autogestionatuen kontrako erasoa baizik.
Epaiketak hilabete hondarrean izanen dituzue, baina bi kasuetan urteak daramatzazue prozesu burokratiko edo judizialetan murgilduta. Nolakoak izan dira urte horiek gaztetxeko kideendako?
IRAZABAL: Kiñuk sei urte daramatza epaiketa prozesu batean. Urteotan lan komunikatibo handia egin dugu, eta harremanak egiten eta sendotzen saiatu gara, jendea gugaz egoteko. Baina tentsioari eustea zaila izan da, eta nahiko lan izan dugu jendearen atxikimendua sentitzeko. Sabadellegaz harremana izatea ere zaila izan da, ez baita herriko udalak salatzen zaituenean bezala izan: prozesua gaitzagoa egiten du, eta urrunagoa da. Halere, bide horretan Bilboko okupazio bulegoarekin harremanetan egon gara, eta asko lagundu digute.
EÑAUT ALVAREZ: Auzoko eragileon eta udal ordezkarien arteko hainbat elkarrizketa izan dira, baina, hitz hutsetatik harago, ez dago Guardetxearen iraunkortasuna bermatuko duen inolako akordiorik. Eta, akordiorik ezean, litekeena da urtarrilaren 27ko epaiketaren ostean huste agindua bidaltzea.
Kontua da 2026ko Udal Aurrekontuak onartuta daudela eta ez dagoela Guardetxea konpontzeko diru sailik. Hori aski ez, eta, gaur-gaurkoz, udal gobernuak ez du erabaki zer-nolako proiektu edo erabilpen eman nahi dion Guardetxeari. Beraz, udalak honako erabaki hau hartu beharko du: gaztetxea hustu eta eraikina gutxienez beste urte batez hutsik eduki, edo, behin-behinean, martxan dagoen eta modu komunitario eta irekian funtzionatzen duen proiektua errespetatu.
«Auzoko eragileon eta udal ordezkarien arteko hainbat elkarrizketa izan dira, baina, hitz hutsetatik harago, ez dago Guardetxearen iraunkortasuna bermatuko duen inolako akordiorik»
EÑAUT ALVAREZ AZGAko kidea
Behin eta berriz erran duzue ez dela kasualitatea bi gaztetxeen kontrako epaiketak egun berean izatea. Estrategia baten parte dela erranen zenukete?
ALVAREZ: Zalantzarik gabe. Kiñu gaztetxearen «jabea» Sabadell bankua da, eta Guardetxearena administrazio publikoa, baina bientzat da onartezina haien jabetzak berreskuratu eta kolektibizatzea. Kapitalismoa egiturazko krisi sakon batean murgilduta dago, eta horrek zera esan nahi du: kapital metaketa eta irabazi ekonomikoak handitzeko ezinbestekoa dela langileriaren bizi baldintzak kaskartzea. Ondorioz, aurreikus daitekeen moduan, gatazka eta tentsio sozialak areagotu egingo dira, eta botereari eutsi ahal izateko errepresio mekanismoak indartuko dituzte.
Ez da kasualitatea, besteak beste, mozal legea bertan behera utzi ez eta, gainera, Zigor Kodea gogortu izana; eta hori guztia ustezko koalizio gobernurik aurrerakoienak bideratuta. Soilik horrela uler daiteke gaztetxeen kontrako ofentsiba. Joera faxista edo erreakzionarioen ugaritzea ere hori dena aintzat hartuta ulertu behar da; izan ere, langileak alternatiba iraultzailera batzeko baldintzak oztopatu nahi dituzte.
Horregatik erabaki duzue prozesu judizialari elkarrekin aurre egitea?
IRAZABAL: Hori da. Gure kasuak erabili nahi izan ditugu auziari oihartzuna emateko eta gaiaren berri zabaltzeko: jasaten dugun kriminalizazioa eta etengabeko zigorra hizpide hartu, eta ahalduntzeko. Okupazio mugimenduaren parte garelako, eta elkar laguntzeko eta sostengatzeko sare bat beharrezkoa delako.
Izan ere, ezin ditugu borroka indibidualtzat hartu: kiñulariok ezin dugu pentsatu Kiñu dela galduko dugun gauza bakarra; Euskal Herrian galduko den beste gaztetxe bat da, eta Guardetxea berdin. Gertatzen ari zaiguna ezin dugu modu indibidualean ulertu, kolektibo gisa baizik: gure galerak okupazio mugimenduaren galerak izango dira.
«Gertatzen ari zaiguna ezin dugu modu indibidualean ulertu, kolektibo gisa baizik: gure galerak okupazio mugimenduaren galerak izango dira»
AMAIUR IRAZABAL Kiñu gaztetxeko kidea
ALVAREZ: Garrantzitsua da gaztetxeen arteko harreman sare bat osatzea, ez soilik defentsarako, baizik baita arlo ofentsibo eta eraikitzailerako ere; horrelakoak gertatzen direnean norengana jo jakiteko.
Bestalde, huste prozesu hauek ezin dira modu bakanean ulertu, eta, ondorioz, gaztetxeen defentsa edo erresistentzia prozesuak ere ez. Elkartasuna ez da sortzen, antolatu egin behar da, eta horregatik jarri dugu martxan Guardetxearen eta Kiñuren arteko elkartasun dinamika bateratua. Gure indarrak batu eta biderkatu ezean, gureak egin du. Horregatik, tokian tokiko gazte asanbladei gaztetxe berriak zabaltzeko deia egitearekin batera, huste arriskuan dauden gaztetxeen defentsara batzeko deia ere egin nahi diegu.
Zertaz da garrantzitsua gune autogestionatu horiek defendatzea?
ALVAREZ: Auzolanak, proiekzioak, musika eskaintza, liburu aurkezpenak, formakuntza saioak, doako kirol eskaintza, gune segurua izateko prozesu feminista… Hilabete hauetan lan handia egin dugu, eta, nolabait, bizirik eta erresistentzian dagoen auzo baten adierazpena da Guardetxea. Horregatik da hain garrantzitsua gune autogestionatuak defendatzea. Gaztetxeak bestelako bizi eredu bat ezarri ahal izateko oinarrizko proiektuak direlako, elite ekonomikoaren interesen kontrakoak, tokian tokiko gazteon antolakuntza politikoaren bitartez funtzionatzen dutenak, eta langileon interes kolektiboa erdigunean jartzen dutenak.
IRAZABAL: Gaztetxeek onurak ematen dizkiote herriari, okupazio mugimenduari berari eta bertan gauden militante guztiei. Kiñu, adibidez, oso handia da, eta eragile eta herritar askok erabili dute, erabiltzen dute eta erabiliko dute. Eskualde osoak gune oso bat galduko luke, aisialdia modu alternatibo, osasuntsu eta feminista batean egitea bermatzen duen gune bat.