Amanda Acedo. PSNko presidente izateko hautagaia

«Ez da posible Ferrazek gaur zuri dena bihar beltz dela ikustea»

PSNren lidergoa hartzeko bigarren eta, ziurrenik, azken trena igaroko zaio Acedori igandean. Haren ustez, Txibitek PSN ofiziala ordezkatzen du; hark baino berme gutxiago aurkeztu arren, itxaropentsu dago.

IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
joxerra senar
Iruñea
2014ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Igandean, maiatzeko bozetarako presidentegaia aukeratuko dute Nafarroako 5.514 militante zein jarraitzaile sozialistek. Maria Txibiterekin lehiatuko da Amanda Acedo (1959, Torres del Rio). 2008an, PSNko idazkari nagusi izateko lehia galdu zuen, eta porrotak erbeste politikora eraman du azken legealdian. Primarioekin «kromo aldaketak» amaitu direla azpimarratu du, eta itxaropentsu ageri da emaitzari buruz.

Zergatik erabaki zenuen pauso hori ematea?

PSNren zuzendaritzak utzi digun egoera dela-eta, porrotez porrot ibili gara. Afiliatuen iritzia jakin ostean, beharrezkoa zen alderdia birsortzearen aldeko apustua egitea. Horrek hautagaitza aurkeztea ekarri du, uste baitugu lehentasunezkoa dela muturreko aldaketa bat egitea eta ideologia birdefinitzea, PSN orain arte ikusezin bihurtu baita.

Irabazten baduzu, zer aldaketa ekarriko dituzu?

Barne aldaketak egingo ditut, PSN parte hartzaileagoa izan dadin.Afiliatuari errespetu osoa zor zaio. Alderdi jatorra, abegitsua izan behar dugu. Zailtasunetan diren pertsonek nabaritu behar dute PSNra jo dezaketela laguntza eske.

Aurpegiak aldatuko dira? Baztertuak izan bazarete, gauza bera egingo duzue?

Egungo zuzendaritzari egindakoagatik erantzukizuna hartzeko eskatu genion. Albo batera egiteko askatu genien, eta uzteko gainerako guztiei elkarrekin irtenbide bat proposatzen. Ez da horrela izan, eta gurearen alternatiba bat aurkeztea planteatu dute. Primarioetara goaz. Hain berria den prozesu honen zilegitasunak ezinezko egingo du botere kuotez eta sektoreez hitz egitea. Irabazleak afiliatuen babesa izango du, banan-banan, eta herritarrena ere bai. Hor amaituko da zatiketa. Mariak irabazten badu, ni han egongo naiz, hark aurkeztutako politikari babesa ematen.

Txibite da beste hautagaia. PSN ofiziala ordezkatzen du?

Ni behintzat ez naiz aparatuaren ordezkaria. Egun zuzendaritzan diren askoren hautagaitza da: Javier Remirez, Elena Torres… Roberto Jimenezen zuzendaritzari babesa eman dioten denak daude. Mariak zuzendaritza utzi berri du, eta eledun ere izan zen.

Txibitek zuk baino berme gehiago aurkeztu ditu. Sendotasunaren isla da?

Ez. Afiliatu askok bermatu dute, baina prozedurarako barne baldintza bat da, eta adibide bat ematearren: Nafarroan, Pedro Sanchezek Eduardo Madinak baino berme gehiago lortu zituen, eta, hala ere, Madinak hark halako bi boto atera zuen hemen.

Zer desadostasun dituzue?

Oinarrizkoena proposamenen koherentzia da: esatea, egitea eta konpromisoa hartzea. Gure programa sinatu dut, eta konpromisoa hartzen dut nire hitza eman eta betetzeko. Eta hitza bete behar ez badut, afiliatuek iritzia eman beharko dute, eta haiek erabakiko dute aldatzea.

Pedro Sanchezek inplizituki Txibite babestu du, Senatuko bozeramaile aukeratuta. Ondoriorik izan dezake?

Maria Txibitek, eledun postu hori onartutakoan, planteatu beharko luke ea arduratsua den edo ez hori egitea. Primarioak irabazten baditu eta Senatuko bozeramaile kargua uzten badu hori bere lehen aukera zelako, arduragabea da. Alderdiak dio: kargu bat, afiliatu bat. Hori ez dator bat alderdiaren irizpidearekin. Ezin dugu egin eskuineko beste batzuek egiten dutena; ez dut ezta haien izena aipatu ere egin nahi. Dena datorkie ongi.

Galduz gero, ez zara aurkeztuko idazkari nagusi izateko. Txibitek berdin jokatu beharko luke?

Nik uste baietz, sinesten dudalako prozesuan. Behin pertsona bat aukeratuta, PSNk sendotu behar du, eta programan alderdi eredu bat erakutsi. Nirea bat da, eta harena, aurrekoarekin jarraitzea.

Bata edo bestea izan, zailtasun handiak izango dituzue?

Dudarik gabe. Ezin dugu geure burua engainatu. Autokritika egin behar dugu; ez dugu geure burua engainatu behar. Hirugarrenik,aurrera eraman behar dugu ezkerreko programa argi bat.

PSNk asko falta du oposizioaren buru izateko?

Nik espero dut ezetz.Nire helburua izango da, irabaziz gero, oposizioaren buru gisa mantentzea.

Berreskura daiteke sinesgarritasuna bederatzi hilabetean?

Zaila da, herritarrek ez gaituztelako sinesten. Hain gaizki egin dugu! Hainbeste aldiz esan dugu gauza bat eta kontrakoa egin, logikoa da herritarrek ez sinestea.

Azken urteetan, PSOEk hainbat aldiz sakrifikatu du Nafarroa, Espainiaren hobe beharrez. Berreskura daiteke konfiantzaPSOEren hitza beti zuen gainetik badago?

Nire proposamenean diot, eta oso argi dut. Funtzionamendu eredu desberdina da. Erantzukizuna partekatua dago. Madrilekiko informazioak eta erabakiak zuzendaritzak hartu ditu, Roberto Jimenez eta haren buruzagitzak. Martxoan, PSNren lurralde batzordera dena landuta eraman zuten, eztabaidatu gabe. Edozein itun politika Madrilek onartu behar du. Ni Madrilera banoa eta oinarriei esaten badiet eztabaidatzeko itun politikaz, afiliatu gehienek horri buruz erabakitzen badute eta Ferrazek ezezkoa ematen badu, dimisioa emango dut.

Hala ere, arazoa hortxe legoke. Gizarteak ikusi egiten du PSNk eta PSOEk zer egiten duten.

Egoerak aurreikusi behar dira. PSOEk ere bai. Ez da onartzekoa Ferrazek ikustea gaur zuri dena bihar beltz dela. Bestela PSOE ere ez da fidatuko. Haien konfiantza ere berreskuratu behar dugu. Ezin duzu errespeturik eskatu irmoa ez bazara. Ez da posible gaur zuri eta bihar beltz esatea.

Irabaziko bazenu, UPNrekin itunik egingo zenuke?

PSNk izan behar du edo gobernu edo oposizioburu. UPNk gehiengoa badu, orain bezala, herritarrek hala erabakitzen dutelako, nire asmoa da oposizioburu gisa UPNren politikan eragitea. Lehentasuna da UPNren politiketan eragitea. Hori egiteko eta jendeak sinets diezagun, egokiena kargu bakar bat ere ez hartzea da.

UPNren alternatiba osa daiteke? Zein da zure asmoa?

Helburua da gobernu baten lidergoa hartzea eta gobernuak eramatea ahalik eta gehien politika sozialistak aurrera. Hori posible bada, zalantzarik gabe.

Eta botoek ematen ez badute?

Oposiziora.

EH Bilduk ofizial egin du Adolfo Araizen hautagaitza. Zer diozu?

Pertsonalki ezagutzen dut. Tafallako hautetsi izan zen. Iruditzen zait adimentsua dela eta oso koherentea bizitza pertsonalean zein politikoan.

EH-Bildurekin zer harreman izango duzu? Azken urteetan, eskuinak hori erabili du sozialistak kikiltzeko.

Pena ematen dit. Alderdi guztiek, instituzioetan dauden guztiek, errespetua merezi dute.

Konplexuak gainetik astindu behar ditu PSNk?

Jakina. Ezadostasun erabatekoa dut EH Bildurekin eta haren ideia nazionalistekin. Instituzionalki ez dut zerikusirik haiekin, baina horrek ez du esan nahi lubakien aldekoa naizenik. Inoiz ez naiz izango. Nafarroan itunak egitera ohituta gaude, eta elkarrizketa ezinbestekoa da. Uste dut politikaren etika eta elkarrizketaren, tolerantziaren, desberdinarekiko errespetuaren balioak berreskuratu behar direla. Printzipio horiek eramango gaituzte elkar ulertzera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.