Ivan Gimenez. 'El Corralito foral' liburuaren egilea

«Ez dago aberastasun errugaberik, ia guztiek injustizia dute oinarri»

Nafarroako egungo eliteek gerrari eta diktadurari etekina atera zioten, eta gaurdaino irauteko nafar guztiek onartzen dituzten ikurrak bere alde erabili dituzte. Erregimenaren barrenak azaldu ditu Gimenezek.

JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
joxerra senar
Iruñea
2015eko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Makina bat urtez kazetari lanetan bildutako pasarteak, anekdotak, dokumentazioa gordez joan zen Ivan Gimenez (1976, Iruñea), inoiz erreportajeren batean erabiliko zituen itxaropenez. Buruan, berriz, kontzeptu batek hartu zion indarra: Nafarroa lurraldeko eliteen etxaldea da. Rafael Chirbes idazle valentziarraren azken eleberriak eman zion El Corralito foral (Etxalde forala) idazteko sormen ideia: «Ondasun ororen jatorria injustizia bat da, eta zenbaitetan, krimen bat». Artxibategiko materiala hemezortzi karpetatan bildu, eta egungo Nafarroako botere ekonomiko eta politikoaren sarea ulertzeko liburua idatzi du. Liburu ausarta eta lotsagabea, haren hitzetan.

Diozunez,«liburua ez da gustukoa izango». Nori ez zaio gustatuko?

Jende askori ez zaio batere gustatuko, eta gorrotatuko dute kontatzen dudana. Beste batzuk, oso gustura irakurri arren, deseroso sentituko dira. Adibidez, gaur egun, denok omen gara foruzaleak. Eskuin muturretik ezker abertzaleraino egiten da ospakizunen bat foruen monumentu azpian, oso gauza ezberdinak ospatzeko bada ere. Nire ustez, bada garaia Nafarroaren ikurrak, mekanismoak eta gizarte egiturak, denak desmuntatzeko. Hala, berriro muntatzean jakingo dugu zenbat erreminta behar ditugun nahi duguna egiteko eta zenbat ez.

Nafarroako ikurrak tranpatiak direla diozu. Zergatik?

Elite batek txikia izan behar du irauteko, eta, irauteko, guztiok ontzat ematen ditugun ikurrak erabiltzen dituzte. Inork nekez jarriko ditu auzitan Osasuna, foruak, sanferminak edo xabierraldiak. Xabierraldia egiten dituztenak beti tipo sanoak dira, apolitikoak, oso modu naturalean joaten dira Xabierrera, baina xabierraldiak asmatu ziren gerrako garaipenagatik eskerrak emateko. Sanferminetan, berriz, txupinazoa asmatu zuen Juanito Etxepare fusilatu zuten, eta, egun, alkatearen tresna da; ongi portatu bazara, emango dizut hori botatzeko ohorea, eta, gaizki portatuz gero, kenduko dizut.

Zergatik lotzen duzu Chirbesen aipua egungo Nafarroarekin?

Ez dago aberastasun errugaberik. Aberastasun ia guztiek injustizia eta krimen krudelak dituzte oinarri. Badago beste esaldi bat: «Denboraren poderioz, injustizia oro eskubide bihurtzen da».

Nafarroan, frankismoari esker sendotu ziren ondare asko. Adibidea: Felix Huarte. Nor zen?

Adibide perfektua da, liburuan islatu nahi dudanaren eredua. Nire ustez, gutxietsi da jende boteretsua nola egokitu izan den beti koiuntura berrietara. Maisuki egin dute. Adibiderik garbiena da. Huarte errepublikanoa zen komeni zitzaionean, baina 36ko gerran haren enpresak bi eremutan banatu zenean jakin zuen bietan egoten. Frankismoan, Nafarroako industrialaririk handiena zen, eta 60ko hamarkadan, diputazioko presidenteorde izendatu eta zortzi egunera, abian jarri zuen industria sustatzeko plana. Etxetik zekarren plana bere enpresak eta lagunenak diruz laguntzeko.

Zergatik balio du haren adibideak egungo produkzio ehuna ulertzeko?

Huarte taldeak eta beste enpresa askok 80ko eta 90eko hamarkadan saldu zituzten enpresak, eta erabakigarria izan zen hori. Multinazionalen eskuetan geratu ondotik, oso gutxi iraun dute: edo itxi egin dituzte edo lanpostua nabarmen murriztu dute. Gipuzkoan eta —neurri txikiagoan— Bizkaian, industria jabetza oraindik ere hango enpresaburuen eskuetan dago gehienbat; horrek ematen die aukera enpresa aurrera ateratzeko, inbertitzeko eta industria sareari bizirik eusteko.

Nafarroako eliteek gehiago pentsatu dute beren interesetan interes orokorrean baino?

Edo errazago ikusi zuten etekinak ateratzeko bidea. 50eko hamarkada arte, nekazarien eta jauntxoen lurraldea zen. Gero industrialarien eta langileen lurralde bihurtu zen, eta, hirugarren fase horretan, desamortizazio industrialaren ondoren, denek mantentzen dute ondasuna aldizkari ofizialari esker. Liburuan aipatzen dut: «Zertarako arriskatu neure dirua, baldin eta besteena eskuratu badezaket?».

Beste adibide bat Fundiciones de Alsasua izan zen.

FASAren kasua zulo beltz bat da. Dokumentatuta dago zer egin zioten FASAren jabeari: fusilatu zituzten hura eta haren bi semeak. Gero, ez dut aurkitu nola pasatu zen jabetza beste eskuetara, baina trantsizio garaian, aurkitzen dugu jabe berriak direla zinegotzi eta diputatuak: Aldaz, Etxarri, Del Burgo, Aizpun… Etekinak atera ondoren, hondoratu egin zuten enpresa, 200 langiletik gora kaleratu zituzten eta diru publikoarekin izkin egin zieten maileguen bermeei.

Opus Deik egun presentzia handia du Nafarroan. Zergatik ezarri zen Nafarroan?

Escriva de Balaguerri galdetu zioten ea zergatik aukeratu zuen Nafarroa unibertsitatea egiteko, eta erantzun zuen Jaungoikoaren kontuak zirela horiek. Gero, ohartzen zara, beste toki askotan aitortu dutela zerga eta administrazio autonomia askoz handiagoa zela hemen, eta oso gizarte kontserbadorea zela. Gerraren ondorioz, ezkerreko jendea akabatu zuten, eta erraztasun asko zituzten hemen ezarri eta garatzeko.

Noraino heltzen da haren eragina?

Goio Monrealek dioen bezala, belaunaldi batzuk, hiruzpalauk, han ikasi dugu, eta, ia-ia konturatu gabe, ureztatze horren eragina jaso dugu, tantaka-tantaka. Horrek moldatu du gaurko Nafarroa, eliteak eta handik kanpo dauden batzuk. Haren eragina uste duguna baino handiagoa da.

Erregimenari bere hartan eusteko, ezinbestekoak izan dira bere burua ezkertiartzat daukaten erakundeak: CCOO, UGT eta PSN.

Pena ematen dit bilakaerak. 30eko hamarkadan UGT sindikatu borrokalaria zen, eta euren bizitzarekin ordaindu zuten. Frankismoaren aurkako abangoardia zen klandestinitateko CCOO. Zer bihurtu dira gero? Boterearekin harremanetan hasi, eta Miguel Sanzek, maisuki, estrategia batekin lortu zuen bereganatzea. Beti esan dut horiexek direla sindikatuko zuzendaritzak. Barruan badira ezkerreko benetako pertsonak. Kontua da gaur egungo Nafarroan erregimenak irauteko askoz garrantzi handiago dutela CCOOk eta UGTk PSNk baino.

Ez al du UGTk PSNn eragin handiagoa alderantziz baino?

Beti diogu alderdiek kontrolatu ohi dituztela sindikatuak. Hemen alderantziz da. Sindikatuek alderdi bat edo bi kontrolatzen dituzte.

Hauteskundeen atarian gaude. Eliteak atzetik ariko dira hariak mugitzen. Itxaropenik badago?

Azken atala nahiko baikorra atera zait. Gauza hain tristeak eta gogorrak kontatu ondoren, nolabaiteko baikortasunaren aztarna badago. Aldaketa posible da, baina benetakoa izateko oso sakona izan behar du. Hauteskundeek agian aldaketa ekarriko dute instituzioetan, baina hori izanen da azalekoa. Sakonera jo behar dugu. Bestela, nolabaiteko egitura horrek bizirik iraungo du, eta hurrengoan boterera ailegatuko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.