Alfonso Mendoza —izen asmatua da— odontologoa da, eta 2020an etorri zen Venezuelatik Euskal Herrira. Urtebete beranduago, odontologia ikasketak homologatzeko prozesua hasi zuen: «Oso homologazio zaila da, eta prozesua bera, geldoa. Ezer ez dago argi, odontologoen homologaziorako baldintzak ez baitaude inon ezarrita. Nire titulua homologatzeko prozesua 2021eko abenduan hasi nuen, eta oraindik ez daukat ebazpenik». Horregatik, Mendozak Bidez Bide elkartera jo zuen.
2009. urtean sortu zuten gizarte arloko kulturarteko elkarte hori. Hainbat proiektu dituzte martxan, hiru ildotan oinarrituta: ikuspegi transkulturala, ikuspegi dekoloniala eta genero ikuspegia. Are, prozedura administratibo eta burokratikoei aurre egiteko laguntza eskaintzen dute, besteak beste atzerriko unibertsitateko tituluak homologatzeko. Elkarteko kidea da Katia Reimberg, giza eskubideen aldeko aktibista eta feminista.
«Nire titulua homologatzeko prozesua 2021eko abenduan hasi nuen, eta oraindik ez daukat ebazpenik»
ALFONSO MENDOZA Odontologoa
Reimbergek eta Mendozak azaldu dutenez, atzerriko herrialdeetako tituluak homologatzeko prozedura «oso mantsoa eta ausazkoa» da: «Ez dago irizpide finkorik ebazpenak emateko, eta ez dago ziurtatuta eskatzaileak ebazpen edo erantzun bat jasoko duenik dagokion epean».
Legez, Espainiako 889/2022ko Errege Dekretuaren arabera, Espainiako Gobernuko Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Ministerioak alde edo kontra ebatzi behar du sei hilabeteko epean. Egiatan, baina, hori ez da betetzen.
Reimbergek prozeduraren nondik norakoak azaldu, eta argitu du prozedura hasteko baldintzak errazak direla teorian, derrigorrez soilik bi dokumentu aurkeztu behar dira eta: unibertsitateko ikasketen jatorrizko titulua eta ziurtagiri akademikoa —unibertsitatean egindako urteak, ikasgaiak eta kredituak—. Dokumentu horiez gain aurkezten den guztia «gehigarri» bat da. Gainera, Bidez Bideko kideak azpimarratu duenez, migranteek ez dute zertan egoera erregularizatuan egon tituluak homologatzeko prozedura hasteko. Hortaz, «arazoa ebazpenetan dago», haren arabera.
Mendozak azaldu du ia bost urtean ez duela ebazpenik jaso. Erantzun bat jaso du soilik, iaz: jada aurkeztua zuen ziurtagiri bat aurkezteko eskatu zioten. «Hori ikusita, esan daiteke ez dituztela dokumentu guztiak ondo aztertzen, eta ez dagoela bermatuta egiten dituzten eskaerak zuzenak izango direnik», adierazi du Mendozak, etsita. Ziurtagiria aurkeztuta zegoela jakinarazi zion administrazioari, eta oraindik ez du jaso ez erantzunik, ez eta behin betiko ebazpenik ere.
Gainera, Reimbergek eta Mendozak adierazi dute administrazioaren «nagusikeria» ez dela bidezkoa: «Ministerioak dokumentu gehiago bidaltzeko eskatzen duenean, hamar egun besterik ez dituzu dokumentazio hori eskuratu eta gehitzeko, eta haiek, aldiz, ez dute betetzen ebazpena jakinarazteko sei hilabeteko epea». Azaldu dute hamar eguneko epe hori gehienetan ezin dela bete; herrialde askotan, adibidez, hiru hilabete baino gehiago behar dira herrialdeko administrazioarekin hitzordua lortzeko. Beste askotan, aldiz, jatorrizko herrialdera itzuli behar dute dokumentu horien bila, ezin baitituzte Internet bidez lortu. «Ez da bidezkoa», errepikatu du Mendozak.
«Zuk badakizu denbora batez ez duzula zure arloan lan egingo, baina ezin dituzte jendearen bizi proiektuak deuseztatu kontu administratibo eta burokratiko batengatik»
KATIA REIMBERG Bidez Bide elkarteko kidea
Reimbergek eta Mendozak behin eta berriro adierazi dute egoera «oso frustragarria» dela. Mendozak bere gaur egungo egoeraren berri eman du: «Ondorio psikologikoak eragin dizkit, ikusten baitut nire inguruko jendeak ebazpen bat lortu duela eta ni atzean geratzen ari naizela, aurrera egin ezinik». Gainera, unibertsitateko titulua homologatua ez duen arren, odontologo posturako zenbait lan eskaintza jaso ditu, baina ezin du kontraturik sinatu. Horrek bere ezinegona areagotu du.
Bidez Bideko kidearen arabera, beren herrialdeetatik migratzen dutenek ulertzen dute homologazioaren bidean prozesu eta epe jakin batzuk daudela. Baita «fase asko eta dolua» ere. «Zuk badakizu denbora batez ez duzula zure arloan lan egingo, baina ezin dituzte jendearen bizi proiektuak deuseztatu gai administratibo eta burokratiko batengatik», azpimarratu du Reimbergek.
Mendozaren esanetan, migratzaileek titulu gehiago dituzte Euskal Herrian jaiotakoek baino, baina lanpostuak esleitzeko orduan, balio handiagoa dute bertan egindako ikasketek. Odontologian argi ikus daitekeela diote biek: «Migranteek jasaten duten kolonizazioaren eta lanbide horretan sartzeko diskriminazioaren adibide bat da».
Arazo horiekin guztiak direla eta, Euskal Herrian dena berriz ikastea erabaki duen jende asko dago. Mendozak adierazi du «oso frustragarria» dela bizitza osoan ikasten aritu den jendea egoera horretan ikustea. Bestalde, Reimbergek kontatu du migrante askok tituluak homologatzea lortzen dutela baina, ez dakitenez lana izango duten ala ez, Hego Euskal Herritik joatea erabakitzen dutela. «Edo harrapatuta geratzen dira beste lan batzuk egiten», adierazi du Reimbergek.
Exijentziak administrazioari
Behin eta berriro nabarmendu dute tituluak homologatzeko zailtasuna ebazpenetan datzala; hau da, arazoaren erroa Espainiako Gobernuaren administrazioan dago. Horren harira, Reimbergek esan du Atzerritarren Legea «koloniala» dela eta, ondorioz, prozesu administratibo guztiak errealitatera egokitzen ez den lege horren mende gelditzen direla.
Reimbergek azaldu du unibertsitate tituluak homologatzeko eskumena Espainiako Gobernuak duela, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Ministerioak, hain zuzen: «Hori ere estrategia politikoa da». Mendozak argitu du batxilergoko titulua homologatzeko eskumena Eusko Jaurlaritzak duela eta prozedura administratibo horrek oso ondo funtzionatzen duela, ebazpena hilabete batean ematen baitute. Are, Nafarroako Gobernua eta Eusko Jaurlaritza saiatu izan dira unibertsitate tituluen homologazioaren eskumena bereganatzen.
Hain justu, Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak 2024ko otsailean adostu zuten atzerritarren ikasketa tituluen homologazioa Jaurlaritzaren esku uztea, Iñigo Urkullu lehendakariaren azken txanpan. Iazko martxoan, ordea, Espainiako Auzitegi Gorenak bertan behera utzi zuen transferentzia, argudiatuta atzerrian egindako ikasketen homologazioa Espainiako Estatuari dagokiola «bakarrik». Jaurlaritzaren haserrea eragin zuen epaiak, eta, zenbait egunez hausnartu ostean, Konstituzionalera joko zuela adierazi zuen. Nafarroan ere antzeko bidea hasi zuten. 2024ko maiatzean Nafarroako Parlamentuak iragarri zuen atzerriko tituluen homologazioa Foru Hobekuntzan jaso nahi zuela.
Reimbergen eta Mendozaren esanetan, ordea, «ez zaie interesatzen» eskumen hori gobernu horien esku egotea. Hortaz, administrazioak estrategia «nabarmen» aldatu behar du egoera horri aurre egiteko, Bidez Bide elkartekoen aburuz, gaur egun dena «baldintzatuta» baitago. Reimbergek eta Mendozak azpimarratu dute Espainiako Gobernuak egindako errege dekretu bat betetzeko eskatzen dutela, baita eskaeren ordena errespetatzeko ere. «Ikusten dugu ez dagoela inolako borondate politikorik, ez dagoela planteamendu estrategikorik, lan egin nahi duten migranteen inklusioari dagokionez, eta hori aldatu beharra dago».