Agerraldi «masiboa» egin zuen atzo Etxerat-ek, joan den asteburuan euskal presoen senide batzuek jasan zuten erasoa salatzeko. Elkarteak jakinarazi zuen Guardia Zibilak, pistolak eskuan, Kordobara (Andaluzia, Espainia) bisitan zihoazen senideen furgoneta geldiarazi zuela larunbat goizean, baina atzo arte ez zuen xehetasun gehiagorik eman. Gertatuari buruzko azalpenak eman zituzten, Hernanin (Gipuzkoa), Etxerat-en bozeramaile Patricia Velezek eta Urtzi Errazkinek eta Mirentxin elkartasun kolektiboko Unai Lamarianok eta Xabier Berrak. Azken biak gidari eta kopilotu postuan zeuden, hurrenez hurren, erasoa gertatzean.
Joan den larunbatean izan zen gertaera. Goizeko laurak ziren; zortzi ordu zeramaten bidaiatzen, eta beste bi falta ziren Kordobara iristeko. Horrela azaldu du erasoa Berrak: «Bat-batean, auto bat ikusi genuen, eta kopilotuak, pistola bat eskuan zuela, eskuinera sartzeko agindu zigun». «Urduri jartzen zara, ez dakizu zer egin». Ibilgailua gelditu ondoren, bi guardia zibil atera ziren autotik, pistola eskuan zutela: «Ez dakizu tiro egingo duten; oso urduri zaude une horretan». Agenteak oihukatzen hasi ziren orduan, autotik ateratzeko aginduz; ibilgailura gerturatu zirenean, gidariari pistola buruan jarri, eta lurrera bota zuten. «Nire kasuan, atea ireki, furgonetatik atera, eta lurrera bota ninduten. Agenteetako bat nire gainean jarri zen, eta eskuburdinak jarri zizkidan», azaldu du Berrak.
Bi gidariak atera ondoren, ibilgailura sartu ziren guardia zibilak, senideengana, lurrean etzateko aginduz; ondoren atera zituzten furgonetatik. Ibilgailua «30 segundoan edo gutxiagoan» begiratu zuten. Dena «ondo» zegoela esan, eta barkamena eskatu zieten bidaiariei, «oker bat» izan zela argudiatuz: «Hasieran, kontrola saltatu genuela esan zuten, eta hori gezurra da, arazorik gabe utzi ziguten pasatzen. Gero, gure matrikulak terrorista batenarekin kointziditzen zuela esan ziguten». Okerra izan zela azaldu ostean, barkamena eskatu zuten agenteek: «Barkatu; ez badiguzue barkatu nahi, ez zaigu inporta, jarraitu aurrera», Berraren hitzetan.
Orduan gidariaren postuan zegoen Lamariano. Haren ustetan, «argi dago» agenteek «nahita» egin zutela geldialdi hura. Lamarianok deritzo «beldurtu» egin nahi zituztela: «Gertatutakoak ez du zentzurik eman zizkiguten azalpenak kontuan hartzen baditugu».
Etxerat-ek erasoa salatu du, eta zalantzan jarri larunbatean gertatutakoa: «Oker bat izan zen?». Errazkinek eta Velezek gogorarazi dute «ohituegiak» daudela Poliziaren jazarpen eta jarraipenetara, gertaera hauetan «oker sinple bat» baino ez ikusteko. «Ez da gure bizitzak arriskuan diren lehen aldia: errepidetik atera gaituzte, jarraitu egin digute, eraso egin digute eta abar».
Etxerat elkarteak uste du gisa honetako gertaeren atzean borondate jakin bat dagoela; alegia, bidaiei beldurra, tentsioa eta neke psikikoa gehitzekoa. «Bidaiak zailtzeko eta gogorragoak egiteko asmoa ikusten dugu, sakabanaketaren beste aurpegi asko ikusten ditugu». Gertaera hura jasan zuten Mirentxineko bi gidariei elkartasuna adierazi die elkarteak.
Bagoaz, erantzukizun eske
Bagoaz antolakundeak erantzukizuna eskatu dio Hollanderi, Frantziako kartzeletan dauden presoak batzeko, hurbiltzeko, gaixo daudenak askatzeko, baldintzapeko askatasuna izan dezaketenak askatzeko eta kartzeletako bizi baldintzak hobetzeko. 80 euskal preso daude Frantzian.
«Ez dakizu tiro egingo duten; oso urduri zaude une horretan»
Presoen senideak Kordobara zeramatzan gidarietako batek hala azaldu du larunbatean bizitakoa. Pistola eskuan zutela eraso zieten agenteek

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu