Ez die medikuei bakarrik eraginen

Osasunaren Legea onartu dute Frantziako Asanblea Nazionalean. Medikuei ordaintzeko sistemak aldatzeaz gain, prebentziorako neurri ugari bilduko ditu. Alkohol, tabako, anorexia eta abortuari buruzko atalak ditu, bertzeak bertze.

maddi ane txoperena iribarren
Baiona
2015eko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Joan den neguan medikuek eginiko greba eta protestek neurri bakarrera mugatua zuten Frantzian bozkatu berri duten Osasunaren Legea. Eguberrietan eginiko mobilizazioetan, hain zuzen, arlo anitzetako sendagileek haserrea adierazi zuten osasun zerbitzuengatik ordaintzeko sistema aldatu eta horrek lanbideari kalte eginen diolakoan. Marisol Touraine Osasun ministroak bultzaturiko legearen 57 artikuluetatik bakarra da horri buruzkoa, ordea: oro har, bereziki prebentziorako neurriak biltzen ditu atzo Frantziako Asanblea Nazionalean bozkaturiko testuak. Alkohola, tabakoa eta anorexia bultzatzen duten irudien aurka eginen dute, bertze hainbat neurriren artean.

Aldeko 311 boz, aurkako 241 eta hamar diputaturen abstentzioarekin onartu zuten atzo lege berria, Parisko hemizikloan. Senatura joanen da orain, eta horren ondotik indarrean sartu beharko luke, prozedura «lasterrean» ari baitira aztertzen. Hona hemen bozkaturiko puntu nagusiak:

DROGEN KONTSUMOA

Debeku gehiago ezarriko dituzte drogen aurka, eta, bereziki, tabakoari eta alkoholari lotuta. Ibilgailu batean 12 urtetik beherako haur batekin joanez gero, erraterako, ezinen da erre. Zigarreta elektronikoa ere mugatu eginen dute: ezinen da erabili eskola, tren, autobus, hegazkin eta «lantoki itxietan». Azken horrek zenbateraino eraginen duen ez dute zehaztu oraindik, baina baliteke ostatu eta jatetxeei ere eragitea, langileak baitaude horietan ere.

Drogen kontsumoa sustatzen duten zenbait objekturen salmenta ere debekatuko dute. Adibidez, «mozkortzera akuilatzen» duten kamisetak eta iragarkiak ezinen dira saldu. Tabako paketeen diseinua, halaber, bateratu eginen dute 2016rako, paketea «neutroa» izan dadin, eta 2020rako, ez da gehiago zigarreta berezirik saltzen ahalko —menda zaporea dutenak, adibidez—.

Bertzelako drogen kasuan, kontsumitzaileak GIBaz kutsatzea edota gaindosiak izatea saihesteko, arrisku txikiko kontsumo lekuak deiturikoak irekiko dituzte zenbait hiritan —Bordelen egonen da horietako bat, adibidez—. Horietan, droga kontsumitzen ahalko da, baina osasun baldintza «seguruetan». Sei urterako gutxienez irekiko dituzte, esperimentazio gisa.

ANOREXIA ETA ELIKADURA

Argalegi egotera bultzatzea debekatuko du Osasun Legeak. Moda enpresei, adibidez, gutxieneko pisu bat duten modeloak hartzea exijituko diete. Gobernuak finkatuko du heina, eta errespetatzen ez dutenei sei hilabetera arteko espetxe zigorra eta 75.000 eurora arteko isuna ezartzen ahalko diete. Gorputz masaren indizearen arabera, hemezortzi puntutik gora egon beharko dute modeloek gutxienez, hots, 1,75 metrorentzako 55 kilogramo, adibidez.

Anorexiaren apologia deiturikoa ere delitu izanen da hemendik aitzina. Iragarkietan, bertzalde, pertsonen argazkiak moldatuta daudela jakinarazi beharko da. Hain zuzen, jatorrizko argazkitik aldaketak izan dituztenetan, moldaturiko argazkia oharra gehitu beharko diete iragarkiak egiten dituztenek.

Elikaduraren inguruko prebentzioan ere eraginen du Osasunaren Legeak, oro har. Eritasun anitz —tartean, minbiziak— elikadura ona izanez saihesten ahalko liratekeela uste du, hain zuzen, Touraine ministroak. Jakinarazi dutenez, gainera, ezberdintasun sozialek ere badute eragina elikaduran, eta beraz, eritasunetan ere bai: ministerioak emandako datuen arabera, hamar aldiz haur gizen gehiago dago beharginen familietan, enpresa arduradunen seme-alaben artean baino.

ABORTUA

Abortatzeko eskubidea indartu nahian, zazpi eguneko «gogoeta astea» kenduko dute, eta Osasun Legearen barnean sartu dute hori ere. PSko diputatuen ustez, emakumeak «errudun» eta «infantil» egiten zituen abortatu aitzinetik «gogoetatzeko» denbora hori pasatu behar izateak. Legearen eztabaidan aurka agertu dira UMPko zenbait, baina Liberation kazetak azaldu duenez, batik bat gizonezkoak: aldaketaren aurka egin duten hogei diputatuetatik bakarra zen emakumezkoa.

ORDAINTZEKO MODUA

Medikuen desadostasun handiena eragin duen legearen atala izan da ordainketa sistemari dagokiona. Izan ere, tiers payant deiturikoa edo zuzeneko ordainketarik ez izatea ekarriko du lege berriak. Orain arte gutxi batzuentzat bakarrik zena orokortzean datza aldaketa: gaur egun, ahalmen ekonomiko txikiena dutenak joaten dira medikuarengana zuzenean ordaindu gabe. Bertzeek, ordea, kontsultaren zati bat ordaindu egiten dute hasieran, eta geroago itzultzen die dirua gizarte segurantzak. Mediku sindikatuek protesta ugari egin dute aldaketa horren aurka, lanbideari kalte eginen diolakoan. Dirua berant jasotzeaz ere beldur dira. PSko diputatuen ustez, ordea, guzientzako berdintasuna ekarriko du.

«AHANZTEKO» ESKUBIDEA

Minbizi edota bertzelako eritasun larri bat izan eta sendatu direnek hori «ahanzteko eskubidea» izanen dute hemendik aitzina. Banku eta segurantzei dagokie «ahanztura». Izan ere, gaixotasun larri bat duten pertsonak «arriskuzko mailegatzaile» gisa hartzen dituzte banketxeek, eta maileguak eskatzeko oztopoak dituzte. Eritasun hori gaindituta ere, baina, arrisku talde berean sarturik segitzen dute oraindik pertsona horiek. Hemendik aitzina, berriz, sendatu ondoren hasierako egoerara itzultzen ahalko dira. Minbizia izan dutenei soilik eraginen die aldaketak hasieran, baina bertze gaixotasun batzuk izan eta sendatu direnei hedatzea da asmoa.

ORGANO EMATEAK

Organoak ematea errazagoa izanen da, edo horri uko egitea, zailagoa. Izan ere, familiari ez diote jada baimenik eskatu beharko erietxean hildako senide baten organoak emateko: informatu eginen dituzte, soilik. Organorik eman nahi ez duten pertsonek espresuki idatzi beharko dute horretarako sorturiko erregistroan. Hutsune bati aurre egitea da aldaketaren helburua. Izan ere, organoak ematen ahalko lituzketenen kasuen %32an ezezkoa ematen dute familiek, eta, PSko diputatuek azaldu dutenez, maiz mementoko egoera zailagatik izaten da erantzun ezkorra. Organo emateen zain dauden erien kopurua, ordea, handia da.

ANTOLAKETA EREDUA

Osasun sistema eraginkorragoa izan dadin, ospitaleen antolaketa aldatzen saiatuko dira. Bateratu eginen dituzte zerbitzuak, eta «lurraldeetako komunitate profesionalek» kudeatuko dituzte. Horretarako, bertzeak bertze, Eskualdeko Osasun Agentziek (EOA) pisu handiagoa izanen dute. Eriek informazioa errazago eskuratzeko, bertzalde, telefono zenbaki bateratu bat sortuko dute, eta gaixoen eta sendagileen arteko txostena eskuragarri izanen dute biek. Hezkuntzako edukietan ere txertatuko dute osasunari buruzko lanketa handiagoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.