Eguneroko gauza txikietan aurki daiteke: lan elkarrizketetan, kaleko paseo berantiar batean, Poliziarekin izandako hartu-emanean, magrebtar edo beltz baten ondotik pasatu eta badaezpada sakelakoari gogorrago eusteko inertzian; hori guztia ere izan daiteke arrazakeria, Mikel Henda Gomez de Segurak azaldu duenez (Gasteiz, Araba, 1984). Filosofia doktorea da, ekintzaile antirrazista, eta arrazializatua, eta bere bizipenak eta gaian duen jakintza uztartuz kontatu du zer leku duen arrazakeriak Euskal Herrian.
Gasteiztarra zara, baina ama Angolakoa da, eta ez zara zuria. Horrek baldintzatu al ditu zure bizipenak?
Txikitatik sentitu dut gainontzekoek ez nindutela onartzen edo ez nindutela hemengotzat jotzen. Kanpotar gisa ikusi naute beti, nahiz eta hemen jaio eta hemen hazi naizen. Askotan galdetzen didate nongoa naizen, eta, hemengoa naizela esan arren, erantzun horrek ez ditu asetzen. Beti jakin nahi izaten dute benetan nongoa naizen. Horrez gain, irainak txiki-txikitatik entzun izan ditut.
Baina bi gauzak dira arrazakeria. Edo okerragoa da bata bestea baino?
Arrazakeria beti da arrazakeria. Oso erraz identifikatzen da ageriko indarkeria, eta, oro har, mota horretako arrazakeria herritar gehienok salatzen dugu. Baina badira indarkeria hori ahalbidetzen duten aurreiritziak eta estereotipoak. Azken finean, arrazakeria egitura sozial bat da, helburu duena gizarte talde bat, pertsona zuriak, boterean mantentzea; eta egitura sozial guztiak daude oso barneratuta gure kulturan.
Zein lirateke aurreiritzi horietako batzuk?
Askotarikoak dira. Adibidez, pentsatu ohi da kanpotarrek ez dutela gaitasunik, edo ez behintzat guk bezain prestakuntza ona; indarkeriazko testuinguru batetik datozela; gu baino askoz ere matxistagoak direla... Uste dugu Mendebaldetik kanpo jendeak ez duela inolako formakuntzarik, ikasketarik, kulturarik, balio etikorik. Pertsona behartsutzat dauzkagu, eta ez dugu ikusten errealitate hori askoz ere zabalagoa izan daitekeela.
Ideia horiek oso errotuta daude.
Bai, izan ere, ideia horiek gure joerak elikatzen eta areagotzen dituzte. Gauzak ondo egiten ari den pertsona arrazializatu bat ikusten dugunean, hori gure aurreiritziaren kontra doa, eta salbuespentzat jotzen dugu; kontrara, hari buruz ditugun estereotipoak betetzen baditu, gure ideiak konfirmatzen eta indartzen ditugu.
«Arrazakeria egitura sozial bat da, helburu duena gizarte talde bat, pertsona zuriak, boterean mantentzea; eta egitura sozial guztiak daude oso barneratuta gure kulturan»
Areagotzen ari dira diskurtso arrazistak, eta ez eskuin muturraren ildoan soilik; ezker abertzalearen barruan ere gero eta gehiago entzuten dira. Ez al da kontraesana?
Bada, bada. Euskal Herria harrera lekua da, baina ez borondatez. Migrazioa indar natural bat da; betidanik egon da hor, animalia guztiek egiten dute, eta gizakia ez da salbuespena: euskal herritarrok ere mugitu izan gara, hori argi eta garbi dago, eta hemengo egoera ekonomikoa oparoa bada, normala da jendea hona mugitzea. Baina kontraesana da, bai. Euskal gizartean beti egon da arrazakeria, baina azken urteetan gorakada nabarmena dago.
Zergatik?
Hein batean, politikariek zabaltzen dituzten diskurtsoen eta politika sozialen ondorioz. Aise lotzen dituzte migrazioa eta delinkuentzia, eta hor dago arriskua. Beti mezu berak jasotzen ditugu: migrazioa, delinkuentzia, bortxaketak... Baina halako gertaerak, migrazioarekin lotu beharrean, gizarte bazterketarekin lotu beharko genituzke.
Hain justu, asko hitz egiten da kanpotarrek egindako delituez, baina Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Unesco katedrak Gorroto delituak Euskadin txostenean jasotakoaren arabera, 2024an 236 gorroto delitu erregistratu ziren, horietatik %64 inguru arrazakeriak bultzatuta. Ez da kopuru txikia, ezta?
Ez gara jabetzen zenbaterainoko arrazakeria dagoen. Kasurako, geure burua zuritu ohi dugu esanez ez dela arrazakeria arazo bat, elkarbizitza arazo bat baizik, eta ez dugu haratago ikusten. Ez ditugu identifikatzen hain errotuta ditugun aurreiritziak, eta, orduan, pentsatzen dugu arrazakeria ez dela existitzen. Eta existitzen denetan salbuespentzat jotzen dugu; indarkeria handiko kasuei bakarrik erreparatzen diegu.
«Beti mezu berak jasotzen ditugu: migrazioa, delinkuentzia, bortxaketak… Baina halako gertaerak, migrazioarekin lotu beharrean, gizarte bazterketarekin lotu beharko genituzke»
Euskal gizartean hain hedatua dagoen arrazakeria horrek ba al du zerikusirik Europaren iragan kolonialarekin?
Bai, zalantzarik gabe. Europako arrazakeria kolonialismoaren ondorioa da; are, esklabotzarena. Horri oinarri eta justifikazio intelektual bat emateko beharra zuen Europak; arrazoiketa bat eratu behar izan zuen argudiatzeko zergatik zen egokia pertsona horiek esklabizatzea eta ez beste batzuk. Arraza aztertzen hasi ziren, eta gizadia horren arabera banatzen, nor bere ezaugarriekin; noski, arraza gorena beti zen zuriena, kaukasoarra, haiek asmatu zuten-eta oraindik erabiltzen dugun termino hori. Kontrara, arraza beltza zen animalien ezaugarrietatik gertuen zegoena; eta hainbat ideia, gaitasunik ezarena, ohitura, kultura eta gizarte kohesio faltarena... garai hartatik datoz.
Euskal Herriak ere izan zuen harremanik kolonialismoarekin.
Are, Euskal Herriak esku hartze handia izan zuen kolonialismoan. Gure herrietatik paseotxo bat eman besterik ez dugu horretaz jabetzeko. Garai hartako euskal nobleziak eta familia aberatsek parte hartze handia izan zuten esklabotzan. Adibidez, aipatu daiteke Gasteizko Zulueta familia; baina hori ez da bakarra, badaude beste asko ere.
Hain barneratuta egonik, nola egin dakioke aurre arrazakeriari?
Berdintasunean sinetsi behar da, baina egiaz, eta indarrean dauden migrazio eta politika sozialei erreparatu. Hain justu, orain abian dagoen Atzerritarren Legeak gutxienez hiru urtez bazterkeria sozial oso handian bizitzera behartzen ditu migranteak, esplotazioan eta inolako babesik gabe. Hori ez da kasualitatea, horrek ahalbidetzen baitu kanpotarrak modu irregular batean kontratatzea gure etxeak eta gure helduak eta seme-alabak askoz merkeago garbitu eta zaindu ditzaten, soldata duin bat ordaindu beharrean. Hori izango litzateke lehenengo urratsa; gero, ezinbestekoa da euskal gizarteari arlo honetan formakuntza trinko bat ematea; bai herritarrei, bai Poliziari.