Manu Robles-Arangiz fundazioak hala eskatuta, zortzi egilek Euskal Herriaren burujabetzaren inguruan zenbait «gako» bildu dituzte Euskal Errepublikarantz liburuan (Txalaparta, 2026). Unai Oñederra (Donostia, 1973) fundazioko presidentearen esanetan, «ikuspegi kritiko batek» biltzen ditu guztiak, Euskal Herriaren subiranotasun prozesua ez atzera ez aurrera dagoelakoan. Jose Elorrieta ELAko idazkari nagusi ohiak 1997an esandako esaldi batekin laburtu du: «Espainiar zentralistek oso ahul eta konplexuz beteta ikusi behar gaituzte estatutua de facto ez bete eta ezer gertatuko ez balitz bezala jarraitzeko. Eta kristoren gaurkotasuna du esaldi horrek». Aberri Egunaren harira argitaratu zuten liburua, baina hura gizarteratzeko lanetan ari dira oraindik, eta hurrengo asteazkenean Donostiako Kaxilda liburu dendan aurkeztuko dute.
Joseba Zulaikak 2024an argitaratu zuen Aberriaren inpaseak. Bi urte geroago, liburu hau ere kezka beretik sortu da?
Bai, kezka batetik sortzen da. Esan dezakegu azken hamarkadetan lan eta bizi baldintzak okertu direla eta okertzen ari direla, politika instituzionalen eraginez eta kapital handien menpekotasunaren eta burujabetza faltaren ondorioz. Era berean, birzentralizazio prozesu bat gertatu da, eta, noizbait aldebikotasuna egon bada, gaur egun ia ez dago. Orduan, ohartu gara norabide aldaketa bat behar dela, alternatiba eta politika sozial ausartak mahai gainean jarri behar direla, eta hori soilik egin daitekeela aktibazio politikoaren bitartez, gizarte zibila eta herritarrak aktibatuta.
Ez duzue ontzat jotzen instituzioak egiten ari diren bidea?
Ikusten dugu nola Hegoaldean burujabetzaren gaia alderdien esparrura eramaten duten. EAEn, esaten dute hiru alderdien arteko bileretan eta negoziazio sekretuetan konpondu behar dutela. Eta Nafarroako Parlamentuan, berriz, batzorde bat sortu da, baina soilik politika instituzionalera begira. Horrek geldialdi bat dakar, zeren ematen baitu alderdiek negoziatu behar dutela eta herritarrak, berriz, begira egon behar dugula. Burujabetzaren alde urratsak egitea alderdien kontu bat dela esatea Euskal Herriko herritarrak eta gizarte zibila infantilizatzea da. Eta guk, aldiz, esaten dugu Euskal Herriko herritarrak eta gizarte zibila helduak garela. Ez da sinesgarria sinetsaraztea alderdien erabakien bitartez urrats esanguratsuak egingo direla gizarte zibila mobilizatu gabe. Era berean, autoritarismoaz hainbeste hitz egiten den honetan, oso kontuan hartu behar dugu politika egitea ez dela alderdien esklusibotasuna. Politika gizarte zibilak ere egiten du, eta egin behar du. Bestela, demokrazia herren gelditzen da.
«Burujabetzaren alde urratsak egitea alderdien kontu bat dela esatea herritarrak eta gizarte zibila infantilizatzea da»
Salatzen duzue Euskal Errepublikara iristeko estrategia falta dagoela.
Estrategiak badaude, baina guk pentsatzen dugu estrategia subiranistak, herri honen eraldaketarako eta gizartearen ongizatea ekarriko duen burujabetza lortzeko bada, alderdikerietatik edo hauteskunde taktiketik harago jo behar duela. Guk estrategia subiranistaz hitz egiten dugunean, gizarte zibilarekin batera eraikitako prozesu bati buruz ari gara: helburu batzuk adosten ditugu, eta ibilbide bat egiten dugu herritarren ongizatea ardatz duten helburu zehatzak ezarrita. Horretarako, ezinbestekoak dira konfrontazioa eta polarizazioa. Adibidetzat jartzen dugu martxoaren 17an egindako greba orokorra, gutxieneko soldata propioaren aldekoa. Hori da burujabetza ongizatearekin lotzen duen eskaera jakin bat. Ez dizute oparituko, prozesua zaila izango da, baina, arrakastatsua izateko, gizarte zibilak inplikatuta egon behar du hasieratik bertatik.
Eta konfrontazioa gaur egun nola?
Ildo bat da gizarte zibila aktibatzea bera, eta beste bat alternatiben eraikuntza. Nola eraikitzen ditugun burujabetza proiektu horiek, bai elikaduran, bai energian, bai teknologian, bai telekomunikazioan, baita lan harremanetan ere. Hori oso indartsua da. Zuk halako proiektu alternatiboak eraikitzen dituzun heinean, indar harremana irabazten duzu, jendea erakartzen baituzu.
Konfrontazio esparru horrek nola egin dezake bat instituzioetan ikusten duzuenarekin? Adibidez, asko hitz egiten da «herri akordioez».
Gu herri akordioen aldekoak gara. Herri akordioak onak izan daitezke, eta batzuetan ezinbestekoak. Orain, herri akordioak, kontsentsua eta egonkortasuna zapalkuntzak betikotzeko badira… Guk ulertzen dugu kontsentsu orokor horiek bilatzea statu quo-a mantendu nahi dutenek, baina egoera aldatu nahi dugunok, halabeharrez, agerian jarri behar ditugu zapalkuntza horiek, eta, haien arabera, polarizatu eta konfrontatu. Hau indar harreman kontu bat da.
«Egoera aldatu nahi dugunok agerian jarri behar ditugu zapalkuntza horiek, eta, haien arabera, polarizatu eta konfrontatu»
Egileen artean kexa orokortua da ez dela burujabetzaz behar beste hitz egiten. Nola engaiatu daitezke herritarrak?
Planteatzen dugunean norabide aldaketa bat behar dugula, subiranismo sozialaz hitz egiten dugu. Ari gara pentsatzen herritarren behar eta nahi sozialak erdigunean izango dituen politika batzuk egin behar direla, eta estrategia herritarrekin eta gizarte zibilarekin batera egin behar dela. Burujabetza behar da. Ez burujabetza politikoa soilik, baizik eta burujabetza bizitzako arlo guztietan: elikaduran, teknologian, energian, telekomunikazioetan. Ez dugu uste burujabetzan urrats handirik egingo denik gizarte zibila eta herritarrak inplikatu ezean.
Liburuan, zehazki, burujabetza feministaz, erreproduktiboaz eta lan harremanen euskal esparruaz ari zarete.
Argi daukagu ez dagoela askapen nazionalik justizia sozialik gabe, eta ez dagoela justizia sozialik erabakiak hartzeko tresna eta botere politikorik gabe. Orduan, zertaz ari gara? Guk, herritarrok, Euskal Herrian erabakitzeaz zer bizimodu eraiki nahi dugun, zer behar, nahi eta interes dauzkagun —oraingo belaunaldiek eta etorkizunekoek—, eta behar horien arabera, nola eskuratzen dugun boterea hori eraikitzeko.
Eta sindikalismoak zer rol izan behar du?
Andrea de Vicentek oso ondo azaldu du liburuan, lan harremanen eta babes sozialaren euskal esparruaz ari denean. Sindikalismo abertzaletik, hein handi batean, gure lan baldintzak eta bizi baldintzak negoziazio kolektiboan jorratzen ditugu. Orduan, negoziazio kolektiboa Euskal Herrian bertan erabakitzea; hemen lan egin, hemen erabaki. Lan zuzenbidea ahalik eta hoberen aplikatzeko, ezinbestekoa da legeak hemen aplikatzea, baina baita hemen erabakitzea ere. Lan zuzenbidearen helburuak betetzeko eraginkorrena hori da.