Euskalgintza sozialaren eta publikoaren artean joan-etorrian aritu da azken hogei urteotan Ttitto Betbeder (Donamartiri, Nafarroa Beherea, 1977). Irailean hartu zuen EEP Euskararen Erakunde Publikoko zuzendari kargua, noiz-eta egituraren etorkizuna bera ezbaian jarria den honetan. Hizkuntza politika «eraginkor» bat egitea helburu hartuta, «taburik gabe» eztabaidatzera deitu du.
Nola definituko zenituzke azken bi urteetan aitzinkontuaren inguruan izan diren gorabeherak?
Testuinguru orokorrari begiratu behar zaio. EEP sortu zelarik, 2004. urtean, lehen aldia zen halako tresna bat sortzen zela hizkuntza politika publiko baten eramateko. Hainbat dispositibo plantan ezarri genituen: eragileak sostengatzeko diru funtsa, irakaskuntza arloko oinarrizko dokumentu batzuk programazioari buruz... Ez ginen hutsetik abiatu. Irakaskuntzan, sare publikoko eskolen herenek proposatzen zuten sail elebiduna garai hartan, aitzinetik euskalgintzak egindako lanari esker batez ere.
Eraikitze fase batean, emaitzak aski fite heldu dira. Baina ordoki batera iritsi gara. 2017-2018 inguruan kokatzen dut hori, eta hor gaude oraindik. Baziren seinale bat baino gehiago. Aurrekontuak ez dira mugitu EEPn 2017tik; Euskal Elkargoa sortu denetik, funtsean. Baina hitzarmen batzuk ez dira berritu, hala nola Seaskarekin eta Frantziako Hezkuntza Ministerioarekin duguna. Irakaskuntzan badira emendatzeak, baina ttuku-ttuku; lehen hamar urteetan anitz emendatu zen, eta hor geldirik gara.
Azken urteetako eztabaida fase horretan dator, eta espero dut, nonbait, fase horren bukaeran. Egiaztapen bat da: ez dut jujamendurik. 2023an egin zen plangintza handi bat ikusteko zein ziren beharrak hizkuntza politikan beste jauzi bat egiteko. Ebatzi zen 2,6 milioi euro gehiago behar zirela zehaztuak ziren ekintza guziak gauzatzeko. Baina, hortik aitzina, blokeo bat izan zen. Hainbat arrazoirengatik: egoera orokorra, instituzioak ez prest... Eta, azkenean, blokeatze fase horretan egon gara bi urtez.
Irailean, zuzendari kargua hartu zenuenean, zer egoera atzeman zenuen?
Blokeatzea. Harremanak baziren, biltzar nagusi bat izan zen uda aitzin, eta estatuak iragarri zuen bere ekarpena emendatuko zuela 100.000 euroz. Gertatu dena da itxaropenak biziki handiak zirela. Finkatu zen partaide bakoitzak 650.000 euro gehiago eman behar zituela; Euskal Elkargoak 2023tik erran zuen prest zirela engaiatzeko. 100.000 hortik urrun da. Sorpresa eragin du, eta batzuetan kexua. Tresna hartu nuen misio bat betetzeko: aterabideak atzematea blokeatze horri.
EEPk ez du dena eginen, instituzioek ez dute dena eginen, eta euskalgintzako eragileek ez dute dena eginen. Elkarrekin bai, aldiz. Hor bada zerbait eraikitzeko, edo arraberritzeko, ez dakit.
«Abendu bukaerarako, beharko dugu finkatu ea EEPk segituko duen ondoko urteetan. Baina, oro har, luzera begira gogoetatu behar da, ikusteko tresna bakoitza egokia den. Nonbait, helburu hori harturik sartu naiz EEPn»
Epe laburrean, EEP osatzen duen hitzarmenaren berritzea zalantzan jarria da.
Kideen artean berretsi da EEP dela tresna egokia hizkuntza politika eraginkor bat eramateko. Lehen ondorio biziki konkretua da hitzarmen sortzailea berriz izenpetzea. Bilkura tekniko batzuk egiten ari gara instituzio guzien artean, goi mailako arduradunekin, justuki ikusteko zein izaten ahal diren baldintzak partaide guziek berriz izenpetu dezaten. Kasik lerroz lerro ari gara dena zehazten. Badira norabideak, helburuak, baliabideak, eta bada itun politikoa.
Eta hor bada EEPk egin zuen lana 2050erako prospektibaren inguruan. Hor ere ikusten ari gara ea helburu bat finkatzen dugun, zertarako, nola, zer baliabiderekin eta abar. Sukaldeko lana da, ondoren bakoitzak erran dezan ea EEPrekin segitu nahi duen, eta segitzekotan nola eta zerekin engaiatzeko prest diren.
Demo taldean ibili zinen, EEPko lehen lantaldean teknikari izan zinen, Euskal Irratietan koordinatzaile... Zer ikuspegirekin iritsi zara EEPko zuzendari kargura?
Ni beti konbentzitua izan naiz batez ere Ipar Euskal Herrian denen beharra badela hizkuntza politika eraginkor bat izateko. Eta azkenean, nire ibilbidearekin hori obratu eta gorpuztu dut. Ber logika eta motibazioa nituen Demo taldean eta EEPn sartzeko. Kontziente izanez zein ziren desberdintasunak. Ez zen nahasmendurik; alderantziz, biziki koherentea iruditzen zait. Biak beharrezkoak dira: euskalgintza publikoa eta soziala.
EEP hor da, eta frogatu du zer lan egin duen. Baina ez gara hor tresna atxikitzeko, hizkuntza politika eraginkor bat izateko baizik. Ez da neutroa hori erratea testuinguru honetan. Baina niretzat ez da taburik; dena aipatzen ahal da. Zehazki, abendu bukaerarako beharko dugu finkatu ea EEPk segituko duen ondoko urteetan. Baina, oro har, luzera begira gogoetatu behar da, ikusteko tresna bakoitza egokia den. Nonbait, helburu hori harturik sartu naiz EEPn, eta, hautagaitza aurkeztu nuenean, argiki adierazi nuen.
EEPren hizkuntza proiektua 2006an bozkatu zen, bai eta irakaskuntza arloan landu diren dokumentuak ere. Epe motzean berrikusi behar ditugu, baina epe luzeko gogoeta batean integraturik.

Euskalgintzak eta instituzioek elkar aditzeko eremu gisara sortu zen EEP. Baina, 2015ean, Euskal Konfederazioak erabaki zuen aholku batzordetik ateratzea. Hori iragartzeko prentsaurrekoan, hitza hartu zenuen euskalgintzaren izenean; orain, beste aldean zaude. Dena berrikusteko garaia dela diozu: euskalgintzak zer leku du hor?
Epe luzeko gogoeta horretan, euskalgintzak bere tokia badu, eta parte hartu beharko luke. Baina guk EEPtik baldintzak ezarri beharko ditugu hori posible izan dadin. Mementokotz ez dut argi hori nola eraman, baina intentzioa hor da. Ez badu parte hartzen, gogoetak porrot eginen du.
2015ean, Euskal Konfederazioak erabaki zuelarik aholku batzordetik ateratzea, erabakiak jadanik bazuen lotura baliabideen gaiarekin, helburuekin eta abar. Ordutik ari gara krisi batetik bestera, lehen aipatu dudan ordoki horretara iritsirik. Epe motzeko blokeatze horiek konpondu ondotik ikusi beharko dugu nola egituratzen ahal dugun bien arteko elkarlana.
EEPk egin duen 2050erako prospektiba lan horrek interes handia piztu du. Orain arte, ez zen sekula halako lan zehatzik egin, demografia kontuan hartuta. Eta ez da kolpe bakarrekoa izan behar; segitu behar da absolutuki. Gure politika eramateko eta ebaluatzeko tresna bat izan behar da.
Eta partekatu behar dugu, denen artean erabakitzeko non ezarri lehentasunak, zer faktoretan eragin... Ez luke zentzurik erabaki horiek EEPk bakarrik hartzeak, teknikoki. Galdera da non, nola eta zer tresnarekin. Aholku batzorde bat bada, hitzarmen sortzailean formalizatua, baina beste tresna batzuk ere sortzen ahal dira. Halere, kontzertazioari funtzio zehatz bat eman ezean, ez du funtzionatuko.
EEPren aitzinkontua ez bada euskalgintzak nahi duen bezainbat emendatzen ahal, zer beste bide izan daitezke eragileen behar ekonomikoei erantzuteko?
Egia da sekula ez bada emendatzen konplikatua izanen dela, argiki. Badugu beharrak zehazten dituen txostena, badugu prospektiba. Lehentasunez, hiztun osoak sortu nahi ditugu; badakigu horretarako zein faktore mugitu behar diren transmisioaren arloan, ekosistema bat sortu behar dela horren inguruan. Nonbait, lehentasunak hobeki identifikatu beharko ditugu. Ez dugu hauturik izanen.
«Egia da aitzinkontua sekula ez bada emendatzen konplikatua izanen dela, argiki. Nonbait, lehentasunak hobeki identifikatu beharko ditugu. Ez dugu hauturik izanen»
Hizkuntza proiektua sortu zelarik, 2006an, egiazko kontzertazio bat izan zen, funtsean hutsetik abiatzen baikinen. Baina, garai hartan, norabideak definitu ziren, eta ez horren araberako baliabideak eta lehentasunak. Bakarrik definitu zen zer arlotan lan egin behar zen. Gogoan dut Jean Claude Iriart garai hartako zuzendariak zer erraten zuen: dena zen posible. Eta horrek lagundu du esplikatzen, bai gizartean eta baita instituzioetan ere, hizkuntza politika publiko bat aipatzen dugularik, ez garela ari irakaskuntzaz bakarrik, edo nik dakit zer; badirela arlo anitz. Transbertsala da.
Hala ere, momentu batean, baliabideen identifikazio lan hori beharrezkoa izanen da. Hedabideen arloa hartuko dut. Ez bada diru gehiago, segituko dugu hamabost hedabide laguntzen, jakinez horien artean batzuk nagusiki frantsesez ari direla, besteak elebidunak direla eta beste batzuk euskara hutsean direla? Lehen aipatu dut ez genuela taburik izan behar EEP tresnari buruz. Gauza bera da horrelako gaiekin ere. Badakit ez dela neutroa erraten dudana. Guhauren buruari egin behar dizkiogun zinezko galderak dira.
Egoera ekonomikoak bultzatzen bagaitu horretara, indarrez egin beharko da, eta ez da sekula gauza ona. Baina bestela ere egin beharko dugu ariketa hori.
Euskalgintzaren eskaeretako bat zen 2050erako prospektiba lana. Zer ikuspegi ematen du, eta zer aplikazio bide izan ditzake?
Lan tresna ikaragarria da, eta norabide argi bat ematen digu. Erraten du helburu jakin batera iristeko zer izan behar den ibilbidea, zer faktore mugitu behar diren eta abar. Aipatu dira %30 eta %26, baina izaten ahal zen %32 edo %28. Aukera ematen digu helburu bat finkatzeko, eta ebaluatzeko urratsez urrats zertan gauden. Gureganatu behar dugu.
Gaur-gaurkoz ez da erabakirik erraten duena hizkuntza politikari buruzko erabakiak lan dokumentu horren arabera hartuko ditugula. Haatik, dokumentuak erakusten digu zer gerta daitekeen ezer aldatzen ez badugu: hiztun kopurua %17tik behera apaltzea. Ez dugu landu, adibidez, aurrekontu bera atxiki baina hautu desberdinak eginez nola eragiten ahal dugun.

40.000 euskaldun gehiago beharko lirateke 2050ean hiztun kopurua %30era heltzeko. Zer elementutan eragin beharko litzateke helburu hori gauzatzeko modukoa izateko?
Helduen euskalduntzearen garapena baliabideekin lotua da zuzenean: baliabide humanoak, hau da, irakasleak; egoitzak eta abar. Aski sinple da: eskaintza garatzeko, baliabide gehiago behar dira. Plangintzak egin daitezke instituzioetan, enpresetan... Kopuruak emendatzeko baliabideak behar dira. Baina EEPko partaide guzien artean adostasuna bada helduen euskalduntzea funtsezkoa dela.
Irakaskuntzaren arloan, gaur egungo eskaintza garatu eta hobetzea da gakoa.
Bide orri bat osatu zen garai batean.
Aspaldikoa da. Frantziako Estatuak EEPren esku utzi zuen irakaskuntza eskaintza garatzeko misioa. Baina estatuak atxiki du konpetentzia, eta ezin da erran orain arte motor izan denik. Korsikako ereduari so egiten badiogu, gaur egungo hezkuntzako administrazioak borondatea adierazi du, eta engaiamendu bat hartu du Korsikako kolektibitatearekin. Hori ez da gertatzen ez Euskal Herrian, ezta Frantziako beste lurraldeetan ere.
Errektore eta ikuskari berriekin aldaketarik izan daiteke?
Izan dira diskurtso baikorrak. Orain arteko ordezkariekin, konplikatuagoa zen. Gai horiei begira, Parisen dira arazo nagusiak: azterketena da adibide argiena. Badirudi tokiko erreferenteek badutela borondate bat aterabide bat atzemateko, lana egin da tokian-tokian Seaskarekin, baina, orain, Hezkuntza Ministerioaren erabakia eskas da. Eta hori geldialdi batean da. Ministroak sei hilabetean behin aldatzen direnez, ez dute erabaki politiko finkorik hartu.
«'Molac legean' argiki erraten da eskaintza orokortu behar dela, eskaeraren politikatik eskaintzaren politikara iraganez. Hezkuntza Ministerioarekin lanean ari gara»
Sail elebiduna zabaltzea eta euskarazko ikasgelak egitea tokian tokiko erabakia da.
Murgiltzean diren ikasgelak emendatu dira: gaur egun hogeita hamarretik gora dira; ez zen hala duela bospasei urte. Eskaintzaren zabaltzeari buruz, aldiz, bada lan bat egiteko. Molac legean argiki erraten da eskaintza orokortu behar dela, eskaeraren politikatik eskaintzaren politikara iraganez. Hezkuntza Ministerioarekin lanean ari gara: urteroko lan programa onartu dugu, eta gaiak aipatu ditugu. Beste irekitze batzuetarako baldintzak baldin badira, ez da blokeatzerik izanen. Ondoko aste eta hilabeteetan ikusiko dugu zer emanen duen.
Konstituzioa aldatzeko beharra berriz mahaigaineratu da azkenaldian. EEP zenbateraino izan daiteke eragile, jakinez Frantziako Estatua partaideen artean dela?
Eragile teknikoa izan daiteke. Eta jadanik izan da. Oztopoak izan direlarik, EEPk erantzun teknikoak landu ditu. Orain normala da sare publikoan murgiltzea garatzea, baina, orain dela gutxi, arazoak izan dira Hiriburun, Larrainen eta abar. EEP osatua den moduagatik, ez da gure lana eskakizun politikoak egitea; haatik, gure hautetsiak eta partaideak elikatu ditzakegu, azalpen teknikoak emanez, jakin dezaten zertan diren testuak, zer egiten ahal den, non diren oztopoak. Baina horiek gai politikoak dira, eta gure lurraldeko hautetsiek hartu behar dituzte bere gain.