«Ez nieke gomendatuko salatzea emakumeei, urrutira ihes egitea baizik»

Bikotekide ohia salatu zuenetik, epaitegietan ez ezik, emakumeenganako indarkeriaren kontrako borrokan eskumenak dituen ororen bulegoan izan da Junkal, 30 urteko hernaniarra. «Pilota baten gisa» sentitzen dela dio.

2010eko azaroaren 24a
00:00
Entzun
«Zaborrontzia, zaborra eta pilota» baten modura sentiarazi dute Junkal. «Zaborrontzi batek baino gutxiago balio dut». Bikotekide ohiak eraso egin zion, eta epailearen aurrean eseraraztea lortu zuen. 200 euroko isuna ordaintzera zigortu zuten. «Kaka sentiarazten zaituzte, gorrotagarriak dira epaitegiak». Ondo ezagutzen ditu. Bi urte eta erdi daramatza aretoz areto, saioz saio, bikotekide ohiaren tratu txarrak salatu zituenetik. Damutu ere egiten da: «Orain emakumeei ez nieke salatzea gomendatuko, ahal bezain urrun ihes egiteko esango nieke».

Izan ere, beste ezeren gainetik, pilota bat bezala sentitu da: «Pilota bat naiz, eskuz esku dabilena, nire istorioa behin eta berriz kontatuz, sufrituz...». Epaitegietan ez ezik, emakumeenganako indarkeriaren kontrako borrokan eskumenak dituzten guztien bulegoetan izan da. «Lege hutsune bat dagoela esaten didate, eta epaileak dionari men egin behar diodala». Eta ezin buruan sartu: «Ez dut ulertzen hainbeste baliabiderekin erantzunik eman ezin izatea. Zertarako, orduan, hainbeste erakunde, hainbeste politikari? Aurten 200 tratu txar eman dituztela esateko?».

Junkal estatistiketan agertzen den horietako bat da. Eusko Jaurlaritzako Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak iazko datuekin osatutako txostenean, esaterako. Ondorioen artean, tratu txarrak nozitzen dituzten emakume gehienak adin tarte gazteenetakoak direla jasotzen du txostenak: 18-30 eta 31-40. Bien mugan da Junkal. Eta bikotekide ohia ere erasotzailearen soslaiarekin bat dator, adinari dagokionean: 31-40 urte artekoak dira %37. Zazpi urtean bikoiztu egin dira indarkeria kasuak: 2.477 detektatu zituzten 2002an, 4.859 iaz. Zenbaki hori ere gizentzen du. Era berean, laguntza ekonomikoak jasotzeko soldata altuegia duten biktimen multzokoa da; Espainiako 2004ko Lege Organikoaren 27. artikuluan zehazten denez, Lanbide arteko Gutxieneko Soldataren %75ekoa baino errenta txikiagoa dutenek baino ezin dute jaso laguntza. Hala, iaz atzera botatako 28 eskaeratatik bat berea zen. «Gehiegi kobratzen dudala esaten didate, baina noiztik? Uztailean lantegian ardura handiagoko postua eskaini zidatenetik? Eta hiru urtean eginarazi didaten zuloa zer? Baremoak ez dira errealak, errebisatu egin beharko lituzkete».

Emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako borrokan hutsune asko ikusten ditu: lehen unera mugatutako arreta, aholkularitza zerbitzuaren eraginkortasun falta... baina justiziari dagozkionak kezkatzen du orain. «Epaitegiak gorrotagarriak dira», dio behin eta berriz. «Areto batean sartzen zaituzte, indarkeriaren biktima gehiagorekin batera. Ordu erdi duzu ofizioko abokatuari zure kasua kontatzeko. Ondoren, erasotzailearen aurretik igaro behar duzu. Epaiketa azkar bat dudan bakoitzean, epaitegi kanpoan topatzen dut, zigarroa erretzen. Eta ni ezkutatu egiten naiz, barrura joaten den arte. Urruntze agindua zuenean ere areto berean egon behar izaten genuen. Behin bion artean aulki bat jartzeko eskatu behar izan nuen! Halako presioarekin ez da harritzekoa epailearen aurrean hanka sartzea, gaizki hitz egitea, edota gehiago hitz egin nahi ez izatea».

Aurki bisitatuko du berriz ere halako areto bat. Bost urteko semea du Junkalek. Eta haren aiton-amonek -bikotekide ohiaren gurasoek- bisita erregimen berezia eskatuz, epailearen aurrera eramango dute. Haurrarekin asteburu bat igaro ahal izatea eskatzen dute, ostiraletik igandera, gauak barne. Hileko lehena eskatu dute, eta ezin baldin bada, beste edozein asteburu. Baina hori, zeharka bada ere, bikotekide ohiaren mesederako erregimena dela uste du Junkalek. Izan ere, gurasoekin bizi da hura. «Tipoak semeari ez dio jo sekula zuzenean, baina ni kolpatu izan nau haurraren aurrean. Hark ikusten zuen aitak nola tratatzen zuen ama. Eta oldarkorra dela argi uzten duten txostenak izan ditu epaileak esku artean», azaltzen du. «Hala ere, aita ona den egiaztatu nahi dute. Ez al dago haurrarentzat babes neurririk?».

Baliabide, neurri eta erakundeen itsasoan noraezean dabil Junkal. Azken galdera bat du erakundeentzat: «Zuk, zauden lekutik ezin al dezakezu ezer egin?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.