Martxoaren 3ko sarraskia. 50 urte

«Ez tiro egin, arren! Alaba txikia daukat etxean zain»

Martxoaren 3ko sarraskiaren 50. urteurrenean, lau lekukorekin bildu da BERRIA, egun hartan gertatu zena oroitu eta kontatzeko. Jazotakoa oso presente dute laurek: «ez ahaztea» eginbehartzat dute.

Peru Amorrortu Barrenetxea
Gasteiz
2026ko martxoaren 1a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Egun ospela da Gasteizen. 1976ko martxoaren 3ko goizarekin kontrastea egiten du oraingo zeru ilunak, egun hura «oso eguzkitsu» gogoratzen baitu Santiago Duranek. Baina, eguraldi ona gorabehera, kalean arnasten ziren «urduritasuna eta ezinegona» oroitu ditu Estibaliz Ferreirak. Ikaslea zen garai hartan, eta oso ongi gogoratzen du zegoen borroka giroa eta elkartasuna. Antzeko zerbaiten gomuta du Santiago Diaz de Espadak. Ikaslea zen hura ere, eta «langileen borrokarekin bat» aritzen zirela dio: «Mitinetara eta manifestazioetara joaten ginen langileekin. Oso heldu sentitzen ginen haien ondoan ibiltzen ginenean». Langile horietako bat zen, berriz, Pilar Barrera. Forjas Alavesas enpresako administrazio langilea, eta enpresako langile batzordeko kidea. Greba mugagabean ziren enpresako langileak, Gasteizko beste enpresa askotan bezala, lan baldintza hobeak eta haien eskubideak errespetatzea eskatzeko.

Garai horietako oroitzapenak arin datoz lauren gogora, Zaramagako San Frantzisko Asiskoaren elizara hurbiltzen diren bitartean. Eraikin hartan gurutzatu ziren haien bizitzen hariak, martxoaren 3 hartako arratsaldeko bostetan. Langileen batzarra zegoen bertan deituta, greba orokorraren nondik norakoak eztabaidatzeko. Izan ere, Eliza katolikoa luzaroan estatu frankistaren sostengu izan bazen ere, sakristietan ere aldaketa haizeak zebiltzan, eta Elizako agintariak langileen batzarrak tenpluetan egitea baimentzen hasiak ziren. Egun hartan Espainiako Polizia Armatuak hiriko kaleak eta elizaren inguruak hartuak zituen, baina, Diaz de Espadak oroitu duenez, «inork ez zuen uste elizan sartzera ausartuko zirenik». Usteak erdia ustel, ordea, Polizia tiroka hasi baitzen eta tiroek eta gas poteek eraikineko leihoak txikitu baitzituzten.

Lekukoak, eguneko gertakariak oroitzen, San Frantzisko elizaren aurrean. Egun hartako balek utzitako zuloak seinalatzen dizkie kideei Diaz de Espadak. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Lekukoak, eguneko gertakariak oroitzen, San Frantzisko elizaren aurrean. Egun hartako balek utzitako zuloak seinalatzen dizkie kideei Diaz de Espadak. JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Ondoren, trantsizio politikoan izan zen sarraskirik odoltsuenetako bat gertatu zen. Poliziak hiru langile hil zituen tiroz elizan bertan: Pedro Maria Martinez Ocio, Francisco Aznar Clemente eta Romualdo Barroso Chaparro. Beste bi langile hilko ziren gerora, Poliziaren erasoaren ondorioz izandako zauriengatik: Jose Castillo Garcia eta Bienvenido Pereda Moral.

Eraso hilgarri hura gertatu zenean, eliza hartan bertan ziren Duran, Ferreira, Barrera eta Diaz de Espada. Egun hura ez dute sekula ahaztu, urte askoan erakundeen isiltasunaren eta ahanztura ofizialaren aurka borroka egin behar izan badute ere. Sarraskiaren 50. urteurrenean, lau lekukoekin bildu da BERRIA, egun hartan gertatu zena oroitzeko. «Ez ahaztea» baita biktimen alde egin daitekeen aitortzarik handiena, Duranen hitzetan.

Negu goriak

Egun hartako greba gasteiztarren memorian iltzatua geratu da, baina aspalditik ari ziren langileak eta ikasleak halako borrokan. «Esango nuke grebak 1972an hasi zirela, Michelinekoarekin. Garai hartako protestak oso gogorrak izan ziren, eta orduan hasi zen jendea kontzientzia hartzen», azaldu du Duranek. Estatu frankistak, ordea, gogor erantzun zien hasieratik langileen borrokei. Ferreirari berehala etorri zaio gomuta, Duranen hitzak entzundakoan: «Ni orduan ez nintzen egoeraz erabat jabetzen, baina gerora ezagutu nuen 1972an greba egiteagatik Gasteizko Michelin fabrikatik eta Gasteiztik bota zuten jendea». Izan ere, mobilizatzen ziren langileak, kartzela zigorrarekin ez ezik, bestelako zigor estraofizialekin ere zigortzen zituzten, esaterako, herritik alde egitera behartuta. «Agurainera edo beste norabaitera» bidaltzen zituzten lanera.

«Garai hartan, dena zegoen debekatuta, dena zen klandestinoa, ez zen gaur egun bezain erraza», ohartarazi du Diaz de Espadak, gainerakoen baiezko keinuen artean. Barrerak ondotxo daki zer-nolako sakrifizioa zekarren greba egiteak: Forjas Alavesas metalgintza enpresan lan egiten zuen. 23 urte zituen, eta alaba jaio berri bat, baina horiek ez zitzaizkion oztopo izan enpresako langile batzordean sartu eta 1975eko abenduan enpresan deitu zuten greba orokorraren antolakuntzan parte hartzeko. Militantzia horrek ondorio latzak izan zituen harentzat: kaleratu egin zuten.

«30 bat pertsona kaleratu gintuzten, pikete batean parte hartu eta bulegoz bulego joateagatik dena gelditzeko eskatuz». Hemeretzi emakume ari ziren orduko hartan Forjasen lanean, baina Barrera izan zen kaleratutako emakume bakarra, Diaz de Espadak nabarmendu duenez. Berez, bulegoko langilea zen Barrera, administrazio sailekoa, eta plantako langileek baino baldintza hobeak zituen. Ez zuen, ordea, haiekin elkartasunez mobilizatzeko zalantzarik egin. Langileen baldintza kaskarrak gogoratu ditu: «Nik langileen emazteak ikusten nituen eguerdian senarrei bazkaria fabrikara ekartzen, goizeko eta arratsaldeko txandak jarraian egiten baitzituzten. Ero moduan ordu estrak egin eta egin aritzen ziren».

Elkartasun betea

«40 orduko lanaldia, soldata igoera eta bajak lehen egunetik ordaintzea eskatzen genuen. Eta dena lortu genuen, e», esan du harro Barrerak. Alta, Gasteizko enpresetako langileak ez zeuden bakarrik borroka hartan. «18 urteko ikaslea nintzen ni, baina anaiek Aranzabalen eta Esmaltacionesen lan egiten zuten, eta greba egin zuten, nire adineko lagun askok bezala. Guk haien alde borroka egin nahi genuen», oroitu du Diaz de Espadak. Ferreira merkataritza ikasten ari zen orduan, 17 urterekin, baina osaba-izebak ere greban zituen, eta kontatu du ahizpari protesta egitera nola lagun egiten zion: «Orduan Legution bizi nintzen. Dyane 6 bat genuen, eta, gutxi pisatzen zuenez, Gasteizera joaten ginenean barrikada gisa jartzen genuen, kaleak ixteko. Horrela aritu ginen egun hartan ere, elizara joan ginen arte...».

Gasteizko langileak, kotxeekin barrikadak egiten, 1976ko martxoaren 3ko goizean. LUIS ZIARRUSTA / MARTXOAK 3 ELKARTEA
Gasteizko langileak, autoekin barrikadak egiten, 1976ko martxoaren 3ko goizean. LUIS ZIARRUSTA / MARTXOAK 3 ELKARTEA

Horretan bat datoz lau lekukoak: greban ez egonagatik, guztiek adierazi zieten elkartasuna borrokan zebiltzan langileei. Elkartasuna da, hain zuzen ere, martxoaren 3aren aurreko hilabete horiek gogoratuta gehien aipatzen duten hitza. Duranek Sanchiz Bueno SA enpresan lan egiten zuen, eta orduko hartan ez zegoen greban, baina ongi gogoan du bere familiak nola laguntzen zien auzokideei: «Gure atarian, bederatzi bat auzokide egonen ziren greban, sei edo zazpi Forjasen. Bada, nire amak egunero lapikoko handi bat egiten zuen, patata edo babarrunekin, eta auzokide guztiak igotzen ziren bazkaltzera, beheko Karmen, lehenengo pisukoak...». Horrela, auzokide guztiek jaten zuten, nahiz eta greban egon eta dirurik ez izan. «Greban ez egonagatik, grebak ukitzen zintuen», Duranen hitzetan.

«Elkartasun giro betean bizi ginen; ikasleon batzarretan guztion ahotan ziren langileen aldarrikapenak. Ez zen zerbait arrotza, gurea baizik». Hori da Ferreiraren gomuta. Gasteiz osoan zabaldua zen borroka eta elkartasun giro hori. «Nik uste dut langileria osoa zutik jarri zela: ikasleok langileekin manifestatzen ginen, eta inguruko herrietako nekazariek elikagaiak ematen zituzten erresistentzia kutxetarako», kontatu du Diaz de Espadak. «Gaur egun pentsaezina litzateke halako elkartasuna», iritzi dio Barrerak, eta ados daudela adierazi dute gainerakoek.

Sarraskiaren atarikoa

Greben eta mobilizazioen oroitzapenen artean, laurek gogoan dute nola hasi zen martxoaren 3 hura: eguzki betearekin. «Aurretik jada sumatzen zen egun hartako greba orokorra bereziki indartsua izango zela». Bat dator Ferreira Duranen hitz horiekin: nabarmena zen «urduritasuna» eta «ezinegona» gasteiztarren artean. «Europa jauregiaren aurrean izan ziren lehen borrokak Poliziarekin, baita lehen zaurituak ere», jarraitu du kontatzen Duranek. Gasteizko industrialdeetatik erdialdera zetozen langileen zutabeak ditu gogoan Diaz de Espadak; Mevosako langileen zutabean parte hartu zuen. Hark ere gogoratzen ditu lehen tiroak: «Generalisimoaren etorbidean [gaur egun Gasteiz etorbidea dena] tiroka hasi zitzaizkigun, eta hor izan ziren lehen zaurituak».

San Frantzisko elizako sarraskiaren aurrekaritzat jo daitezke tiro horiek. Barrera izan zen lauretatik elizara iristen lehena. Goiza alaba jaioberriarekin itzuli bat egiteko aprobetxatu zuen —zortzi hilabete zituen haurrak— eta, arratsaldean, umea gurasoekin utzita, elizara joan zen, «laurak aldera-edo». Apur bat geroago iritsi zen Ferreira, lau eta erdiak aldera, Frantzia kaletik zetorren langileen zutabe batekin. «Beldurra» ere sumatzen zen bildutakoen artean, Espainiako Polizia Armatua eliza inguratzen hasia baitzen. Duran eta Diaz de Espada iritsi zirenerako, arratsaldeko bostak baino zertxobait lehenago, eliza «erabat setiatuta» omen zegoen. Duranek oroitu du «sartzen azkenetarikoak» izan zirela, orduantxe blokeatu baitzuen Poliziak elizako sarrera.

Lasaitasunetik kaosera

Egoera ikusita, eliza barruan zeuden bi mila edo hiru mila pertsona gero eta urduriago zeuden. Ferreirak ongi gogoan du etorkizuna beltz ikusi zuen unea: «Leihotik begiratu nuen, eta gris bat ikusi nuen, gas jaurtigailua eskuan. Orduan ohartu nintzen kontua gaizki amaituko zela». Hala ere, barruan zeudenek ez zuten uste Polizia eliza indarrez hartzen saiatuko zenik. «Eraikina husteko eskatzen ziguten kanpotik, baina ez genuen uste sartzera ausartuko zirenik», esan du Duranek. Diaz de Espadak kontatu du Poliziak sarrera blokeatzen zuela, eta langileak seguruago sentitzen zirela eliza barruan kanpoan baino: «Grisak kanpoan zain genituen, eta ez genuen uste elizari eraso egingo ziotenik. Horregatik erabaki genuen barruan geratzea eta ordezkariei itxarotea, batzarra hasteko».

«Leihotik begiratu nuen, eta gris bat ikusi nuen, gas jaurtigailua eskuan. Orduan ohartu nintzen kontua gaizki amaituko zela»

ESTIBALIZ FERREIRAIkaslea, Martxoak 3ko lekukoa

Tentsio handia zegoen eliza barruan, eta lasaitasun hura, ordea, minutu gutxian hautsi zen, tupustean. «Halako batean, bi polizia agertu ziren atean. Batek zapi zuria zeraman eskuan, bakea negoziatzera baletor bezala», oroitu du Diaz de Espadak. Barrerak ere gogoratu du une hura, eta «guztiak harritu» egin zirela poliziak ikusita: «Pentsatu genuen: zer egiten dute polizia horiek hemen, kasko eta guzti?». Laurek gogoan iltzatua dute polizien ultimatuma: «bi minutuan» eliza husteko exijitu zieten agenteek. 17:15 izango ziren. Orduan lehertu zen kaosa, poliziek emandako epea bera agortu baino lehen: tiro hotsek eta gas poteek apurtutako kristalen hotsek urratu zuten giroa.

Tiroak eta kolpeak

«Oso azkar» jazo zen dena, «eztanda bat izan balitz bezala»: horretan bat datoz lau lekukoak. Ferreirak kontatu du ke poteak erortzen hasi zirenean ordezkari sindikalek esan zietela «lasai egoteko, makurtzeko eta ahoan zapiak jartzeko». Leihotik begira jarri zen Duran, kanpoan zer gertatzen ari zen jakiteko, eta ikusi zuenak izutu zuen: «Barruan geratu behar dut; kanpora irteten banaiz, hilko naute!», pentsatu zuen. «Mundu guztia zutitu zen», esan du Diaz de Espadak. Orduantxe, «kaosa» sortu zen elizan, bakoitza ahal zuen irtenbidearen bila.

«Pentsatu nuen: 'Barruan geratu behar dut; kanpora irteten banaiz, hilko naute!'»

SANTI DURANSanchiz Bueno enpresako langilea, Martxoaren 3ko lekukoa

Zutabeetako baten ondoan, sakristiatik hiru metro ingurura zegoen Barrera. Elizako jende asko bezala, sakristiara bertara sartu zen, han abaroa topatuko zuelakoan. Hantxe aurkitu zituen Ferreira eta Diaz de Espada. Duranek ere sakristiara jo zuen, baina ez zuen lekurik aurkitu. 30 pertsona kabitzen dira gela txiki horretan, baina «200 bat pertsona» pilatu ziren bertan. Diaz de Espadak esan du «ume txikiak ere» bazeudela, gurasoekin batzarrera joandako langileen seme-alabak, «8 edo 10 urtekoak». Gas lainopean eta tiro hotsen artean, Duran bezala sakristian babesik topatu ez zutenak leihoetatik ihes egiten saiatu ziren, atean Polizia baitzuten zain.

Eliza iparraldeko azken leihoa hautatu zuen Duranek ihes egiteko. «Hori izan zen nire akatsa», deitoratu du. «Lehenengo leihoa aukeratu izan banu, onik irtengo nintzatekeen, ez baitzegoen han poliziarik». Leiho gehienen kanpoaldean, ordea, poliziak bi ilaratan jarrita zeuden, korridore bat eginda, irteten zirenak borrekin astintzeko. Horixe bera topatu zuen aurrez aurre Duranek leiho borobiletik atera zenean. Poliziaren jaurtigailuen keak eta gasak erasanda, aurrera egitea besterik ez zuen izan. Odola hozteko modukoa da haren ihesaren kontakizuna.

San Frantzisko de Asis elizako leiho hautsiak, poliziak erabilitako gas potoen hondakinekin. LUIS ZIARRUSTA / MARTXOAK 3 ELKARTEA
San Frantzisko Asiskoaren elizako leiho hautsiak, Poliziak erabilitako gas potoen hondakinekin. LUIS ZIARRUSTA / MARTXOAK 3 ELKARTEA

«50 bat metroko korridorea osatu zuten, poliziak albo banatan, borrekin gu astintzen. Jada gasak lelotua nengoen, eta korrika hasi nintzen. Poliziek borraz jo gintuzten; gogoratzen dut nola ikusi nuen jendea ahotik bitsa zeriola. Haiek borraz joka, eta nik ‘putakumeak, putakumeak!’ oihukatuz aurrera jarraitzea besterik ezin nuen egin. Ilea luze neraman garai hartan, eta, korridorearen amaierara iritsi nintzenean, polizia kankailu batek adatsetik oratu eta lurretik altxatu ninduen. Orduan galdu nuen konortea; oroitzen dudan hurrengoa inguruko etxe batean esnatzea da, kamamila ematen zidan etxekoandrea alboan nuela».

Zorte hobea izan zuten Diaz de Espadak eta Ferreirak. Duranen ostean atera ziren, leihoetatik haiek ere, eta gaur egungo Iparraldeko gizarte etxea dagoen orubean zegoen hiltegirantz egin zuten ihes. Patuaren ironia makur horietako batean, hiltegi hartako horma gainetik jauzi eginda lortu zuten egun hartan askok elizako sarraskitik onik ihes egitea. Hegoalderantz jo zuten, eta bidean begien aurrean azaldu zitzaien paisaia erabat apokaliptikoa zen: «Frantzia kaleak gerralekua zirudien», Ferreiraren hitzetan.

Barrera izan zen irteten azkenetarikoa. Sakristiatik atera zenean, bazirudien Poliziak alde egina zuela. Tronpaturik ziren, ordea: «Leihotik irten nintzenean, bi furgoneta zeuden elizaren aurrean. Polizia batekin egin nuen topo aurrez aurre. Fusila zuen eskuan. Arma sorbaldara eraman, eta niri tiro egiteko keinua egin zuen. ‘Ez tiro egin arren! Alaba txikia daukat etxean zain’, esan nion. Ez dakit horrekin errukitu zen edo, baina fusila jaitsi zuen, eta ez zidan tiro egin».

Hildakoen berriak

Heriotza hurbil ikusi zuen orduan Barrerak, baina zortea aldeko izan zuen. Alta, beste batzuen patua makurragoa izan zen egun hartan. Berehala hasi ziren hildakoen inguruko berriak Gasteizen zabaltzen. Artean ohetik altxa ezinik, Durani ere iritsi zitzaizkion albisteak: «Auzoan [Zaramagan] zabaldu zen lehenengotariko berria izan zen Paquito hil zutela». Horrela deitzen zioten auzokideek Francisco Aznar Clementeri. Poliziak tiroz elizan bertan hil zituenetako bat izan zen. Ez da harritzekoa auzotarrek Paquito deitzea, Aznarrek 17 urte baino ez baitzituen. Ikaslea zen oraindik, eta okindegi batean lan egiten zuen familia aurrera ateratzen laguntzeko. 17:20 aldera hil zuten, gaur egun Martxoaren 3ko biktimei eskainitako oroitarria dagoen lekutik gertu.

«Ciudad Jardinera joan nintzen, Forjas Alavesaseko gerentea bizi zen tokira. Gora igo, txirrina jo, eta esan nion: ‘Ocio hil dute, pozik egongo da berori’, eta alde egin nuen»

PILAR BARRERAForjas Alavesaseko langilea, Martxoaren 3ko lekukoa

Forjas Alavesaseko langileei ere fite iritsi zitzaizkien berri txarrak. Barrerak ongi gogoan du orduan sentitu zuten «amorrua». Elizatik irten zirenean, «Ocio hil» zutela jakin zuten. Forjaseko langilea zen Pedro Maria Martinez Ocio, haren bi anaiak bezala. Bizkarrez tiro egin zioten San Frantzisko elizatik korrika aldentzen ari zela, eta bertan hil zen 27 urteko langilea. Haserreak bultzatuta egin zuen «erokeria» kontatu du Barrerak: «Ciudad Jardinera joan nintzen, Forjas Alavesaseko gerentea bizi zen tokira. Gora igo, txirrina jo, eta esan nion: ‘Ocio hil dute, pozik egongo da berori’, eta alde egin nuen».

Artean kalean zirenek manifestazioa egin zuten. Diaz de Espadak oraindik gogoan ditu manifestarien kantuak: «Bi langile hil dituzte!», oihukatzen zuten Gasteizko kaleetan. Hala ere, laster amaitu ziren manifestazio horiek ere, eta «19:00etarako Gasteizek basamortua zirudien, ez zegoen inor kalean». Izuak eraginda, etxera joan ziren manifestariak, eta hiria Polizia Armatuaren esku geratu zen.

Ahanzturak eta aztarnak

Duranek gorputzean ditu egun hartako erasoaren arrastoak. «Biriketako fibrosi kronikoa» eragin zion gasa arnastu izanak, eta ordutik nozitu ditu gaixotasunaren ondorioak. «Gaur egun, bigarren pisu batean bizi naiz, eta etxera heltzeko lehenengoan deskantsatu behar dut, arnasa ikaragarri estutzen zait eta». Berehala nabaritu zituen elizan bizitakoaren ondorioak. Izan ere, hurrengo egunean, martxoaren 4an, lanera joatekoa zen, baina ezin izan zuen. «Ezin nintzen gerritik behera mugitu, eta Aranako erresidentziari eraman ninduten. Gorputz enborra hautsirik nuen eman zizkidaten borra kolpeengatik».

Aranan ospitaleratuta zegoela, Manuel Fragak Gasteizera egindako bisitaren lekuko izan zen. Orduan Espainiako Barne Ministro zenak langileei egotzi zien gertatutakoa, eta ahanztura eta ukapen ofizialen kate luze baten lehen katebegia ezarri zuen horrela. Diaz de Espadak gogoan ditu ministroaren hitzak: «Gertatutakoak balioko ahal du eskarmentuan sartzeko!», erran zuen Fragak sarraski hari buruz. Poliziak soilik airera tiro egin zuela adierazi zuen ministroak, eta Barrerak azaldu du gasteiztarrek horri emandako arrapostu ironikoa: «Esaten genuen euskal herritarrok hegan egiten genuela, airera tiro eginda lau hil zituzten eta». Izan ere, ordurako Romualdo Barroso Chaparro eta Jose Castillo Garcia hilak ziren, jasotako zauriengatik. Handik gutxira hilko zen Bienvenido Pereda Moral ere.

«Benetako terrorismoa izan zen hura, estatu terrorismoa. Zer da bost pertsona hil eta ehundik gora zauritzea, terrorismoa ez bada?»

SANTI DIAZ DE ESPADAIkaslea, Martxoaren 3ko lekukoa

Diaz de Espadak argi dauka: «Benetako terrorismoa izan zen hura, estatu terrorismoa. Zer da bost pertsona hil eta ehundik gora zauritzea, terrorismoa ez bada?». Bat datoz gainerakoak ere. Langileei «eskarmentua» emateko prestaturiko ekintza bat zela uste du Barrerak, aurretiaz planifikatutako zerbait; izan ere, Burgostik eta Errioxatik Gasteizera Polizia Armatuko kideak ekarri zituzten. «Aurretik prestaturiko zerbait izan zen», ez du horren inguruko zalantzarik Diaz de Espadak.

Biktimak hasieratik saiatu ziren justizia lortzen, egia jakin zedin, baina, urte askoan ahanztura ofizialarekin egin zuten talka. Duran «45 urte» egon zen UGTn militatzen: «Sindikatukoek ez zidaten kasurik ere egin; 30 urte igaro ziren Martxoaren 3a omentzeko sala bat jartzea lortu genuen arte». Hasierako «isiltasuna» tristuraz gogoratzen du Barrerak. Egia osoa, biktimen erabateko aitortza eta justizia dituzte helburu, baina ez dakite lortuko ote dituzten. «Sarraski horren erantzuleak hil dira, eta inork ez ditu epaitu», deitoratu du Barrerak. Ironiaz arrapostu egiten dio Duranek: «Agian lortuko dugu noizbait erabateko aitortza, baina baliteke nire ordez semeak jasotzea, ni ez bainaiz jada bizirik egongo».

Hala ere, baikor izateko arrazoiak ikusten dituzte. «Urteroko manifestazioa egiten dugunean, Frantzia kale amaierara iritsi eta atzera begiratzean hainbeste jende eta hainbeste gazte ikusten ditudanean, bihotza berotzen zait», hunkitu da Ferreira. Bat egiten du Duranek sentimendu horrekin: «'Zerbait ariko gara ongi egiten', pentsatzen dut orduan». Diaz de Espadak argi dauka: Martxoaren 3ko langileen borroka eta gaur egungo gizartearen borroka berdinak dira, «bizi baldintza duinen eta askatasunaren aldeko borroka».

Eta borrokak ez du etenik. Asteartean 50. urteurrena beteko bada ere, egun hartako sarraskiaren erantzukizunak ez dira osoki argitu, hainbat dokumentu oraindik frankismo garaiko Sekretu Ofizialen Legearen menpean gordeta baitaude. Biktimek ez dute aitortza osorik, eta San Frantzisko eliza bera injustizia luze horren erakusgarria da: zatika erortzen ari da, baina patronatuak oraindik ez du lortu elizbarrutiak eraikina hustea, berritze lanak egin eta bertan gertakarien inguruko memoria gunea eraikitzeko. Gaurko lau lekukoek argi dute: borrokan jarraituko dute, «ez ahaztea» baita, haien hitzetan, gaur egungo gizartearen betebeharra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.