Aitziber Laskibar Lizarribar.

Ez zela istripua izan oihukatu dute Cabacas hil eta urtebetera

2013ko apirilaren 14a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
«Ez zen istripua izan! Hilketa izan zen!». Ozen; behin eta berriz errepikatu dute Bilboko kale nagusienetan hiru bat mila herritarrek. Ez zen istripu bat izan idatzia zuten txartelak erakutsi dituzte, ordubete baino gehiagoz; «Ares gezurti», nekatu gabe, Ertzaintzaren gomazko pilota batek buruan jota hil zuen Iñigo Cabacasen heriotzetik urtebete igaro denean auziak ez duela argirik ikusi salatzeko atzo egindako manifestazioan, eta ondoren Justizia Auzitegi aurrean egindako ekitaldian.

Urtebeteren ondoren, mina ez dela baretu argi geratu zen atzo Bilbon. Haserrea nabari zen, isilunerik izan ez zuen manifestazioaren ibilbide osoan. «Herriak ez du barkatuko!» oihukatu zuten manifestariek behin eta berriz. Haserre oihuak ziren. «Iñigo Cabacas, justizia!» sarri errepikatu zuten protestaren abiapuntutik helmugaraino, epaitegiaren aurrean aldarria ondo entzunarazteko geldialdia eginda. «Polizia hiltzailea!» etengabe entzun zen. «Iñigo Cabacas, gogoan zaitugu!».

Iñigo Gogoan herri plataformak eginiko deialdia izanik, plataformako kideek eta hildako gaztearen lagunek eraman zuten lelo nagusia: Xake polizia ereduari! Iñigo gogoan zaitugu zioen pankarta. Horien atzean lagun gehiago ziren, eta senideak, gaztearen gurasoak lehen lerroan zirela.

Manifestaziora ia lehenak joan zirenak gurasoak izan ziren, eta mina ezin ezkutatu egon arren, baiezkoa eman zieten adierazpenak egiteari. «Orain arte lotan egon gara; orain ari gara esnatzen», adierazi zuen Fina Lizeranzu amak, dardarka. «Lehen uste nuen Ertzaintza laguntzeko zegoela, baina orain konturatu naiz ezetz, hiltzera doazela. Istiluren bat dagoenean, ez datoz zu defendatzera, hiltzera baizik, semearekin egin zuten bezala». Semea nork eta noren aginduz hil zuen argitzeko eskatu du.

Gogor hitz egin du aitak ere, azken dezepzioa jaso berri duela. Atzo Estefania Beltran de Heredia Segurtasunerako sailburuak semearen heriotzari buruz esandakoak irakurri dituenean harri eta zur geratu da Manuel Cabacas. Eta mina haragi bizian du berriz. «Auzia argitzeko asmorik izan dezakeen esperantza guztiak galtzen ari naiz. Nola baieztatu dezake istripua izan zela? Nola daki hori? Ertzainen buruetan sartzeko gaitasuna du? Niri han zeudenek kontatu didate hiltzera zihoazen jarrera zutela ertzainek. Estefaniak lagunduko zidala esateko deitu zidan, baina orain badakit ezin dudala ezer espero».

Iragarritakoa baino ia ordu erdi geroago abiatutako martxak babes ugari jaso zituen: hiru bat mila herritarrena, Kataluniatik etorritako Stop Bales de Goma elkarteko hainbat kiderena, Plaza Biribilean haien protesta egiten ari ziren SOS Haur Lapurtuak elkarteko kideena, eta kaleko zarata entzunda leihoetara irten ziren zenbait pertsonarena.

Ordubeteko ibilbidearen ondoren EAEko Auzitegi Nagusiaren aurrera iritsitakoan, Jare musika taldeak Cabacasi egindako kanta zuten zain manifestariek. Txalaparta doinuen eta bertsoen ondoren, Iñigo Gogoan plataformako kideek hartu zuten hitza, «beste behin egia eta justizia eskatzeko». Cabacasi gertatutakoa edozein herritarri gertatu ahal zitzaiola ohartarazi, eta ez dutela «beldurrez bizitzea onartuko» abisu eman zuen plataformak. Polizia eredua aldatzeko eskatu zuen hargatik; «ez direlako istripuak».

Aitak bertaratutakoei eskerrak eman, eta Cabacasen omenezko kantarekin amaitu zen ekitaldia, gaztearen lagunak, burumakur, kanta abestu edo negarretan lehertzen ziren. Hura amaituta, manifestariek eskuetako txartelak auzitegiko hesiaren barrura bota zituzten espontaneoki, hango lurra protestez bete arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.