Pako Aristi: «Ez zuten Iñaki hil nahi, Etxabe abizena baizik»

'Iñaki bota daue' ikerketa liburua aurkeztu zuen ekainean Pako Aristik. Iñaki Etxaberen hilketa eta garai hartako beste zenbait kasu aztertu ditu. Aristik uste du Etxaberen hilketa egun berean izandako atentatu baten «mendekua» izan zela.

Pako Aristi, ekainean Donostian, liburuaren aurkezpenean. GORKA RUBIO / FOKU
Pako Aristi, ekainean Donostian, liburuaren aurkezpenean. GORKA RUBIO / FOKU
Donostia
2025eko abuztuaren 17a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Gizon on bat, inongo parte hartzerik ez zuena ETAn, hamazazpi balaz josi zuten bere tabernan». Hori adierazi du Pako Aristi (Urrestilla, Gipuzkoa, 1963) idazle eta kazetariak Iñaki Etxaberi buruz: 1975eko urriaren 5ean hil zuten, Kanpazarren (Elorrio, Bizkaia). Ekainean aurkezturiko Iñaki bota daue liburuan, Iñakiren erailketa eta garai hartako beste zenbait kasu aztertu ditu. Gure Bazterrak kultura elkarteak aurkeztu zion proiektua, eta idazleak uste du Etxaberen hilketa «Euskal Herriaren historiaren pasarte garrantzitsu bat» dela, «ezkutatua» egon dena. Etxaberen hilketa «estatu terrorismoaren belaunaldi berriaren lehen ekintza» izan zen Iñigo Iruin abokatuaren arabera, Aristik gogorarazi duenez. Etxabek bi anaia izan zituen ETAn: Juan Jose Etxabe eta Joakin Etxabe. Juan Jose ETAko buruzagitzan ibili zen 1971ra arte, eta 1978an hura ere hiltzen saiatu ziren, Donibane Lohizunen (Lapurdi). Aristik argi du: «Ez zuten Iñaki hil nahi, Etxabe abizena baizik».

1975eko irailaren 27an, Franco hiltzear zegoela, erregimenak azken fusilamenduak egin zituen. Jon Paredes Manot Txiki eta Angel Otaegi etakideak fusilatu zituzten, FRAPeko hiru kiderekin batera. Aristik azaldu du hasieran ETA «mugimendu zabala» eta «kulturala» zela, eta gizartean «babes handia» lortu zuela. Nabarmendu du frankismoa «erregimen oso basatia, errepresiboa eta totalitarioa» zela, eta adierazi du testuinguru horretan euskal gizarteak, orokorrean, ETA «oso begi onez» ikusten zuela. Aristik dioenez, Txiki eta Otaegiren fusilamenduen ondoren, Poliziak «erantzun bat» espero zuen.

Urriaren 5eko goizean, hiru guardia zibil hil zituen ETAk Arantzazun (Oñati, Gipuzkoa). Guardia zibilak Aitzabal muinoaren gainean jarritako ikurrin bat kentzera joan ziren, eta beherakoan lehergailu batek eztanda egin zuen haien autoaren aurka. Inguruko herrietako biztanleek «ustezko mendeku bat usaintzen» zutela irakur daiteke Aristiren liburuan. Etxabe familia ere urduri zegoen.

Iñaki, bigarren aukera

«Etxabe hil baino lehenago, Juan Zelaiarengana joan ziren». Aristik kontatu du Iñaki Etxaberen hilketa ikertzen ari zirenean konturatu zirela egun hartan Etxabe «bigarren aukera» izan zela. Lehenengoa Juan Zelaia izan zen. Enpresaria eta «euskal kausaren aldeko mezenas» bat zela azaldu du Aristik: «Ia jende guztiari ematen zion diru laguntza: EAJri, ezker abertzaleari, sortzen ari ziren egunkariei, ETAri ere laguntza ematen zion...».

1970eko hamarkadaren hasieran, Zelaiaren Larraintzarko (Araba) etxea zelatatzen hasi ziren. Poliziak jomugan zuen Zelaia, baina «inoiz ez zuten haren aurkako froga erabatekorik eduki», liburuan dioenez. Urriaren 5 hartan, 18:00 aldera, Zelaiaren etxe ingurura auto bat gerturatu zen. Aristik adierazi du jende gehiagorekin zegoelako ez zutela hil Zelaia. Egun gutxi barru Ipar Euskal Herrira joan zen, urte eta erdiz ez itzultzeko. Denbora horretan, Zelaia bigarren aldiz hiltzen saiatu ziren, Donibane Lohizunen.

«Estatu terrorismoak bi helburu ditu: batetik, etsaia eliminatzea, eta, bestetik, etsaiari laguntzen diotenak beldurtzea»

Lehenengo planak huts egin ondoren, 23:00 aldera, Iñaki Etxabe hil zuten Kanpazarreko Etxabe-Enea ostatuan. Aristik uste du «Arantzazukoaren mendekua» izan zela Etxaberen hilketa, eta estatu terrorismoko kasu bat dela. Horren helburuak azaldu ditu: «Estatu terrorismoak bi helburu ditu: batetik, etsaia eliminatzea, eta, bestetik, etsaiari laguntzen diotenak beldurtzea».

Aristik liburuan azaldu du «inoiz» ez dela jakingo nork hil zituen Iñaki Etxabe eta German Agirre —Etxaberen hilketatik astebetera, Legutioko (Araba) kuarteletik gertu hilda agertu zen 38 urteko taxilaria—, baina bai zer erakundekoak ziren: «Espainiako segurtasun zerbitzuetako agenteak izan ziren, Barne Ministerioaren aginduetara zeuden Guardia Zibileko agenteak, agian ultraeskuindar eta mertzenario batzuen laguntzarekin».

Etxabe hil zuten egun berean, Josefi Sagastizabal atxilotuta zegoen Gernikako kuartelean. Sagastizabalek adierazitakoaren arabera, egun hartan, gauerdi aldera, Francisco de Burgos guardia zibila kuartelera iritsi zen; metraileta bat mahai gainean utzi, eta «bat gutxiago» esan zuen. Ikertu duen horretan oinarrituta, Aristik hipotesi nagusi bat garatu du: Juan Atares Guardia Zibilaren V. Barrutiko ofizial jeneralak «erantzun bat emateko» agindu zion Manuel Hidalgo Gernikako kuarteleko agintari nagusiari, hark «konfiantzazko gizon bati» deitu zion, De Burgosi, eta hark, beste bi gizonekin, «ekintza gauzatu» zuen.

Zigorgabetasun osoa

Aristik uste du frankismoko segurtasun indarrek «zigorgabetasun osoa» zutela. Arantzazuko atentatuaren ondorengo egunetan Oñatin gertatutakoa azaldu du: hamabost egunean ehun pertsona baino gehiago atxilotu zituzten. Garai hartan jendea «epaile baten baimenik gabe» atxilotu zitekeela esan du Aristik, eta atxilotutako gehienak «torturatu» egiten zituztela.

«Frankismoan ez zen inoiz polizia bat epaitu egindako astakeriengatik. Eta frankismo ondoren ere, oso gutxi»

Oñatin atxilotu zituzten haietako batzuk Donostiara bidali zituzten. 15 urteko mutiko bat aipatzen du Aristik liburuan: zazpi egunez eduki zuten Intxaurrondoko kuartelean, eta bertan, besteak beste, bainuontziaren tortura egin zioten. Honela azaltzen da liburuan tortura hori: «Burua azpilean sartzen zizuten, eta dardaraz zinenean ateratzen zizuten. Pixa egiten zuten uretan, zigarroak jaurtitzen zituzten, janari hondarrak, tu egiten zuten... Botaka egiten zenuen, eta berriro sartzen zizuten burua azpilean». Giza Eskubideen Europako Auzitegiak hainbat aldiz egin dizkio ohartarazpenak Espainiako Estatuari, atxilotutakoen tortura salaketak ez ikertzeagatik.

«Frankismoan ez zen inoiz polizia bat epaitu egindako astakeriengatik. Eta frankismo ondoren ere, oso gutxi», adierazi du Aristik. Idazleak kontatu du gaur egun ez dagoela Etxaberen hilketaren autopsiarik, ez Guardia Zibilaren atestaturik eta ez sumariorik. Edo ez dagoela esaten dutela. Aristiri «oso zaila» iruditzen zaio Etxaberen hilketa berriz ikertzea, eta uste du horrelakoetan Espainiako Estatuak estrategia jakin bat erabiltzen duela: «ahanzturan hiltzen uztea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.