Ezagutzan «murgiltzeko» deia egin du UEUk udarako

Ekainaren 27tik uztailaren 20ra arte izango dira UEUren udako ikastaroak Eibar, Baiona eta Iruñean

UEUko zuzendari Karmele Artetxe, udako ikastaroen arduradun Irati Itziar eta Nafarroako UEUko arduradun Edurne Koch. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Iruñea
2011ko ekainaren 3a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
«Udako ikastaroetan murgiltzeko eta bertan sortzen den giro eta harreman berezietan murgiltzeko gonbidapena egin nahi dugu». Karmele Artetxe UEUko zuzendariak murgildu hitzaren polisemia erabili zuen atzo 39. UEUren udako ikastaroak aurkezteko. Ikastaroak ekainaren 27an hasiko dira Eibarko Markeskua jauregian (Gipuzkoa), eta, Baionatik igaro ondoren, Iruñean amaituko dira uztailaren 20an. Guztira 35 ikastaro izango dira, hiru ataletan banatuta: ikastaro espezializatuak, dibulgazioko ikastaroak eta garapen pertsonaleko ikastaroak. Izena emateko epea ekainaren 19ra arte egongo da irekita.

«Ez dira samurrak bizi ditugun garaiak». Argi du Artetxek. Hortaz, krisi ekonomikoagatik kalean dauden edo lan baldintza txarretan dauden langileei ikastaroetan parte hartzeko deia egin die. Langileak ikastaroen zati garrantzitsua direla nabarmendu du: «Ikastaroek trebakuntzak handitzeko edo arlo batean espezializatzeko aukera ematen dute; ikasten jarraitzeko aukera». Lagunak, lankide berriak edo lan kontaktuak lortzeko aukera ere badirela gaineratu du.

Krisi ekonomikoak udako ikastaroetan eragina izan duela ezin du ukatu Irati Itziar UEUren udako ikastaroen arduradunak ere. Ikastaldion ezaugarri nabarmena aurrekontuak jasan duen murrizketa izan da. «Azpiegitura eta antolaketa kostuak murriztu behar izan ditugu. Kalitatea, berriz, betikoa da». Ikastaroak 15 laguneko taldeetan egingo dira, «irakaskuntzan hobe delako».

35 ikastaroak hiru atal nagusitan banatuta izango dira. Espezializatuek aurretik gaiari buruzko ezagutzak izatea eskatzen dute.Dibulgaziokoak edo interes orokorrekoak eta garapen pertsonaleko ikastaroak irekiagoak dira. Gizarte zientziak, psikologia, soziologia, osasun zientziak, zientzia aplikatuak eta abar aurki daitezke. «Ezin ditut bakar batzuk aukeratu. Ama bati zein ume maite duen gehiago galdetzea bezala da». Izen ematea ekainaren 19ra arte irekita egongo da UEUren webgunean. Zenbait udaletan diru laguntza ematen dituztela gogorarazi du Itziarrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.