Aintzane Ezenarro, Mikel Basabe eta Oxel Erostarbe Aralarreko legebiltzarkideek ez dute kargua uzteko asmorik, uste dutelako «kontzientziaz» eta «koherentziaz» jokatu zutela joan den ostiralean bakerako lantaldearen alde eginda. Osoko bilkuran izandako jarrera «bere osotasunean» berretsi dute hiru legebiltzarkideek, Aralarren ideologiari jarraitzen diotela argudiatuta: «Gure botoak beti egon garen lekuan jarri gaitu, eta ez gaitu mugitu gure printzipioetatik. Lantalde honek aurrera egiteko konpromisoa daukagu, eta bete egingo dugu, ardura politikoagatik». Hori bai, alderdiaren zuzendaritzaren esku utzi dute beren aurkako zigorrak ezarri edo ez erabakitzea.
Alderdiko zuzendaritzak lantaldearen inguruan erabakitakoari muzin egin zioten hiru legebiltzarkideek ostiraleko osoko bilkuran, eta, ondorioz, kargua itzultzeko eskatu zien zuzendaritzak. Halakorik egiteko asmorik ez dutela agerian utzi zuten atzo Ezenarrok, Basabek eta Erostarbek, hartutako erabakiaren alde sutsu eginbaitzuten prentsaurrekoan. Haien ustez, lantaldeak «ez du ezer txarrik», eta elkarrizketa sustatzeko «potentzialtasun handiak» ditu. Areago, Aralarreko parlamentariek uste dute lantaldea babesteak bat egiten duela Aralarren «praxi politikoarekin»,alderdiak beti aldeztu duelako bazterketarik gabeko elkarrizketa. Hala, azpimarratu dute ideario politikoa «pragmatismo politikoarekin» uztartzen jakin dutela Legebiltzarreko ekinbidearekin.
Lantaldeak ez du bermatzen ezker abertzalearen parte hartze iraunkor eta normalizaturik, baina hala ere Aralarreko hiru legebiltzarkideek uste dute «denei» ematen zaiela aukera bertan egoteko. «Aralarren proposamena ezker abertzaleari ateak irekitzen dizkion lehenengo ekimena eta bakarra da», Ezenarroren esanetan. Haren ustez, proposamena «zintzoa» da, eta arrakastatsua izango da, baldin eta alderdi guztiek elkarrizketaren aldeko ahaleginak egiten badituzte.
Hori horrela, Aralarreko legebiltzarkideek alboratu egin dituzte jasotako kritikak. Haien ustez, lantaldearen aurka agertu direnak gehiago geratu dira testuaren «semantikan», edukian baino. Izan ere, ziur dira onartutako azken testuak Aralarren jatorrizko proposamenaren «espirituari» eusten diola, bazterketarik gabeko elkarrizketa bultzatzen duelako, haien iritzian. Ildo horretatik, ezker abertzaleari dei egin diote«urteetan aldarrikatutako pragmatismo politikoarekin lan egiten hasteko».
Alderdi barruko desadostasunak aztertu eta bideratzeko asmoz, gaurko bilera egiteko proposamena egin zien zuzendaritzak hirurei, baina agenda kontuengatik Aste Santuaren ondotik bildu nahiago dutela jakinarazi dute. Batzar hori Legebiltzarrean egiteko eskatu diote zuzendaritzari, haien arabera auziak alderdiarekin baino gehiago «Legebiltzarrarekin duelako zerikusia».
Aralarren zuzendaritzak, baina, komunikabideetara igorritako ohar batean jakinarazi du ez duela bilera eguna aldatuko, «egoeraren larritasunak ez duelako opor edo luzapenetarako aukerarik uzten».
Aralarren «balioak»
Hiru legebiltzarkideen prentsaurrekoaren aurretik, Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaile nagusiak Euskadi Irratian adierazi zuen politikan «balioak» direla oinarrizkoenak eta alderdi batek «serio» izan nahi badu ezin dituela onartu «bere balioak hausten duen jokabiderik». Aralarreko buruaren irudiko, hiru legebiltzarkideek «gehiago entzun diete PSEri eta PPri», alderdiko zuzendaritzari baino.
Lantaldearen inguruan galdetuta, berriz, Zabaletak adierazi du«hilda» jaio dela eta ez dela «duina» eta ez dagoela giza eskubideetan oinarrituta.
Ezenarrok, Basabek eta Erostarbek ez dute karguak uzteko asmorik
Aralarren zuzendaritzak gaur egin nahi du bilera haiekin, «egoeraren larritasunak» hala eskatzen duelako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu