Maria de los Reyes Jimeno Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzarako epailea atzera botatzen ari da euskal presoek Euskal Herrira gerturatzeko egin zituzten eskaerak. Presoen eskubideak bermatzea dagokio Espetxe Zaintzarako epaileari, eta EPPK-ko presoek horregatik jo zuten harengana, sakabanaketaren bidez haien eskubide asko urratzen ari direla argudiatuta.
Epaileak, aldiz, presoen eskubideak ez daudela urratuta esan du kexak atzera botatzeko autoan. Komunikazio, bisita, defentsa, osasun zein hezkuntza eskubideak bermatuta dituztela dio, baina presoetako bakoitzak salatutako urraketak aztertzera sartu gabe.
Epaileak argudiatu duenez, bide administratibotik eskatu behar dira espetxe aldaketak; eskubide urraketak egotekotan soilik jo daiteke beregana. Eta, Jimenoren hitzetan, ez denez eskubiderik urratzen ari, presoen eskaerak aztertzea ez dagokio berari. Horrela bota ditu atzera kexak.
Presoek aurrez heldu zioten bide administratiboari, Euskal Herriratzeko eskaerak nork bere espetxeetan egin zituztenean. Proposamenei ezezkoa eman zieten orduan ere.
Hedabideek zabaldu duten informazioaren arabera Auzitegi Nazionalak 30 euskal presori ukatu diete Euskal Herrira ekartzeko eskaera. Presoen abokatuek BERRIAri esan diotenez, ordea, oraingoz, hamar bat notifikazio besterik ez dituzte jaso.
Abokatuak, kexu
"Filtrazio etengabeek eragindako babes gabezia eta kaltea" salatu dute abokatuek, azalduz zenbait komunikabideri helarazi dizkietela auto judizialak abokatuei baino lehenago. Presoen eskariak atzera botatzeko erabakiaz, abokatuek nabarmendu dute ez datozela bat, eta iragarri helegitea jarriko dutela. Balorazio juridikorik ez dute egin, ebazpenak aztertu behar dituztela argudiatuta.