1990eko hamarkadan hasi zen Patricia Martinez Redondo (Vallecas, Madril, 1976) droga mendekotasunaren alorrean lanean, artean emakumeentzako berariazko baliabiderik ez zegoenean. Antropologo eta gizarte hezitzaile gisa, irmo defendatu du genero ikuspegia aplikatzea andreen arretan: «Feminismoak irakatsi diguna tratamenduetara eraman behar dugu: eraginkorragoa da eta artatzen ditugun pertsonen bizitzak hobetzen ditu». Bilbon izan da berriki, La Sinsorga kulturgune feministan, gaiari buruzko ikastaro bat ematen.
«Drogak ez dira ez onak ez txarrak; haiekin erlazionatzen gara». Zer esan nahi duzu horrekin?
Kontsumoaren beraren gaineko estigma kentzean datza. Drogak gizadiaren parte izan dira beti, kultura eta garai historiko askotan. Jendeak esan ohi du droga guzti-guztiak direla txarrak, neurri berean, baina substantzia batzuek erabilera terapeutikoak dituzte, beste batzuk plazerez har daitezke... Egiaz, drogak onak ala txarrak diren pentsatzerakoan, substantziari baino gehiago, abaguneari erreparatu beharko genioke: garai historikoa, norbere egoera pertsonala, kontsumo mota, erabilera...
Baina droga batzuek besteek baino ospe txarragoa dute...
Noski. Alkohola legezkoa da, eta kontsumoa normalizatuta dago, baina elementu materialari erreparatuz gero, ez dago hari lotutako erabilera terapeutikorik. Kontrara, beste substantzia batzuek estigma handia dute, batez ere, abagune historiko eta sozialagatik. Izan ere, kontsumo guztiak dira kontestualizatuak: ez da berdin heroina kontsumitzea orain edo 1980ko urteetan; eta ez da berdin klase altukoek kontsumitzen duten heroina, kalitate handikoa baita, edo jende pobretuak hartzen duen heroina nahastua.
Mutilentzat eta gizonentzat harremanetarako mekanismo bat da droga. Neskentzat eta emakumeentzat beste gauza bat al da?
Adinaren aldagaia sartu behar dugu hor, eta testuingurua. Alkohola eta tabakoa legezko substantziak dira, eta helduarora igarotzeko prozesuan normalizatuta daude; beraz, horiek harreman mekanismo gisa funtzionatzen dute. Baina kontsumo dinamikak generoaren arabera aztertzean, ikusten da mutilentzat erretzea eta edatea haien artean erlazionatzeko modu bat dela, eta neskentzat, berriz, nabarmentzeko modu bat, beste neskek egiten ez duten zerbait egiteko modu bat. Eta segituan agertzen da zigorra: «Ez zait gustatzen nire neska lagunak erretzea», eta halakoak. Gainera, estatistiken arabera, neskek lehenago ekiten diete kontsumo arriskugarriei, genero sozializaziorako mekanismoen eraginez: mutil zaharragoekin ibiltzen dira, kontsumo dinamika horiek dituztenekin.
«Berez, kontsumoak ez du errurik; arazoa da kontsumitu duen emakumea sexurako eskuragarriagotzat jotzen dela, eta hori genero sistemarekin lotuta dago»
Eta helduaroan?
Gizonentzat, kontsumoa erlazionatzeko modu bat da helduaroan ere, eta ez dago estigmarik horretan, baina emakumeentzat ez da hainbeste harremanetarako mekanismo bat —ez bada espazio feminista batean—, eta gehiago kontsumitzen dute bakarrik. Izan ere, gizarteak bikotekidera eta familiara gidatzen ditu emakumeen harremanak, horiek hartzen dute denbora gehien; gizonek, aldiz, bikotekidea eta familia izan arren, eremu propioak izaten jarraitzen dute, eta hor kontsumitzen dute. Genero barneko itunarekin lotuta dago: gizonek berdintzat dituzte beste gizonak, eta berdinen arteko harreman mekanismoetako bat da kontsumoa.
Zer alde dago beste droga batzuen alorrean?
Emakume gazte asko heltzen dira kokainara edo speedera jai giroaren bitartez, baina zigor elementuak agertzen direnean —«nire mutil lagunari ez zaio gustatzen»—, edo ezustekoren bat badute, erretiratu egiten dira. Izan ere, jai giroan kokaina hartu duten emakume askok sexu erasoez hitz egiten dute kontsumoari lotuta. Eta, berez, kontsumoak ez du errurik; arazoa da kontsumitu duen emakumea sexurako eskuragarriagotzat jotzen dela, eta hori genero sistemarekin lotuta dago. Madrilen marrajale esaten diete: tipo batek lerro bat hartzera gonbidatzen zaitu, eta haren ikuspegi maskulino heterosexualetik, espero du trukean zu berarekin oheratuko zarela; ez bazara harekin oheratzen, marrajale bihurtzen zara, doan hartu baituzu substantzia emakumea zarelako. Emakumeak zigortzen dituzte, baina ez da hausnartzen nondik datorren gizonaren gonbita.
Bestalde, heroinari dagokionez, nik 30 urteko lan ibilbidean ikusi dudanez, emakume gehienak gertuko gizonen bidez hasi dira kontsumitzen, bai bikotekideen bidez, bai kontsumitzen edo trafikatzen zen eremu batean bizi zirelako. Gizonak, berriz, beste leku batetik hurbiltzen dira heroinara, haien kabuz, kontsumitzeko helburuz.
Emakumeen kontsumoan autokontrol gehiago al dago?
Bai, gerta dakiekeenaren beldur. Esaten da emakumeek arriskuaren pertzepzio handiagoa dugula, baina indarkeriaren arriskuaren inguruko pertzepzioa da: ez dugu hainbeste pentsatzen substantziak berez dakarren arriskuaz, koma etilikoaz, hipotermiaz, baizik eta sexualki eraso ahal digutela asko kontsumitzen badugu.
«Esaten da emakumeek arriskuaren pertzepzio handiagoa dugula, baina indarkeriaren arriskuaren inguruko pertzepzioa da»
Droga mendekotasuna tratatzeko emakumeentzako zentroetan ohikoa al da tokiak ez betetzea?
Oro har, emakume gutxiago iristen dira baliabide espezifikoetara zein mistoetara, eta gutxiago irauten dute. Zer gertatzen da, andreak ez daudela prestatuta ala sistemak ez diela eskaintzen haiek behar dutena? Genero ikuspegia txertatuta daukaten baliabide guztiek dute itxaron zerrenda: lekuarekin, tratamenduarekin, prozesuarekin atxikimendu bat sortzen bada, geratu egiten dira; bestela, alde egiten dute.
Zergatik?
Adibidez, droga mendekotasuna duen emakume bati esaten badiozu zentro batera sartzeko indarkeriaren gaia landu behar duela, agian ezetz esango du, ez diolako bere buruari tratu txarren etiketa gehitu nahi. Eta alderantziz: indarkeriaren aurkako babes sarean dauden emakume batzuek kontsumo arazoak dituzte —ez beti adikzioak—, baina kontsumo hori tratatu ezean tokia galduko dutela mehatxu egiten diete. Emakume askok alde egiten dute, bai, baina haiek kanporatzeko dinamika batzuk daudelako tartean.
Ikuspegi integrala falta da?
Guztiz. Emakume horien egoera eta premiak onartuko dituen lan integrala egin behar da. Ezin da abstinentzia baldintza moduan jarri indarkeriatik babesteko eta osatzeko lekuetan egoteko. Askotan kontsumitzeak laguntzen die zutik iraunarazten, eta hortik ezin dira atera segurtasun espazio bat sortu gabe, edo hori sortuta ere, bestelako traumak landu gabe. Oso egoera konplexuak dira.
«Kontsumoa berez problematikoa balitz bezala hartzen da, eta tratamenduetan oso gutxitan hartzen da kontuan indarkeriak emakumeen bizitzan eta adikzioetan daukan rola»
Indarkeriaren eta kontsumoaren arteko harreman hori ez al da lantzen?
Ez beti. Kontsumoa berez problematikoa balitz bezala hartzen da, eta tratamenduetan oso gutxitan hartzen da kontuan indarkeriak emakumeen bizitzan eta adikzioetan daukan rola. Tratamendu zentroetara heltzen diren emakume gehien-gehienek bortizkeria jasan dute, baina haien artean oso zabaldua dago emakume txarraren ideia: uste dute merezia dutela jasaten duten bortizkeria. Eta justifikatze hori interferentzia asko eragiten ari da tratamendu prozesuetan. Andreek indarkeria handia jasaten dute, eta, aldiz, oso babes familiar eta sozial txikia dute, emakume txar gisa ikusten dituztelako; bakarrik iristen dira, edo euren bikotekideek ere kontsumitzen dute. Gizonek, ordea, alboan izaten dituzte kontsumitzen ez duten emakumeak, babesten.
Ohikoa da osatu behar duten pertsonei zera esatea: «Zentratu zeure buruan». Zer gertatzen da hori emakumeei esaten zaienean?
Emakumeei asko kostatzen zaigu geure buruan zentratzea, hain justu, besteei begira egoteko hezten gaituztelako, besteen beharrizanak norberaren premien gainetik jartzeko. Baina tratamenduen oinarria da zeure buruan zentratu ahal izango duzula, emakumeentzat erraza balitz bezala; ez da kontuan hartzen hori ere ikasi egin behar dugula. Demagun sei hilabete egon behar duzula zentro batean: gizon batentzat errazagoa izango da, baina emakume askorentzat pentsaezina da, familiako rolek eta zaintzak lotuta egongo dira eta. Tratamenduan dauden andreak zentratuta daude ingurukoekiko harremanetan eta haien premietan, eta horren arabera hartzen dituzte erabakiak, nahiz eta beren oneratzearen kalterako izan.