Olatz Barrenetxea psikologoa da (Sopela, Bizkaia, 1966), eta Eusko Jaurlaritzaren enkarguz torturari buruz eginiko ikerketan txosten perizialak egitearen taldeko arduraduna izan zen; Nafarroako Gobernuak agindutakoa ixten ari dira orain. Torturatuen erreparazioari buruzko gidalerroak argi ditu: «aitortzarekin» hasten da.
1980tik izan diren torturatuen genealogia egingo zeniguke?
Guk aztertu ditugu 1980ko hamarkadatik aurrerakoak. Salaketa asko izan ziren Espainiako Estatuan Euskal Herriko pertsonen kontra egindako torturengatik. Tortura existitzen zela jakina zen, eta txostenak egiten genituen salaketak jasota. Baina gertatu zena izan zen tortura asumitu egin zela. Errealitate bortitz bat eman zen, baina enpatia emozionala geratu zen anestesiatuta torturarekin. Konturatu ginen enpatia hori lortu behar genuela.
Nola heldu zenioten horri?
Bi arlotan, batez ere: zientifikoki frogatuz errealitate hori horrela zela; eta torturaren eragina eta horrek ekar zitzakeen ondorioak gizarteratuz. Egia da gero torturatu asko isildu ere egin direla.
Zer dago isiltze horren atzean?
Hainbat faktore. Batetik, gizarteak eta torturatuek eurek ere egin dute bereizketa bat. Torturak askotarikoak ziren: elektrodoak, poltsa, kolpeak, baita beste zenbait metodo ere. Egin zen klasifikazio bat, barneratu zen zenbat eta metodo latzagoak izan, torturatuagoa zela pertsona, eta hori ez da zuzena.Torturatuek eurek ere barneratu zuten hori, eta horrek eragin du torturak suposatzen duen guztia ez azaleratzea.
Isilean asko geratu da, beraz.
Bai, eta beste askotan justifikatua ere izan da. Euskal Herrian biolentziaren testuingurua oso gogorra izan da, eta atentatu asko zeuden garaian tortura justifikatu ere egin da. Beste askori oso gogorra egiten zaio torturari buruz hitz egitea, oso muturreko egoera baita. Politikoki, giza eskubideen arloan salaketa hori bazegoen, baina zaintza psikosoziala ez zegoen barneratuta; jende askok nahiago du ez kontatu. Isiltasuna zen babes neurri bat.
Beldurra ere egon da, ezta?
Bai. Preso zegoen jendeak salatzea errezagoa zen. Kalean uzten zuten pertsonak torturak salatzen bazituen, berriz ere atxilotuz gero gerta zitekeenaren beldur ziren. Ez zuten kontatzen Guardia Zibilak, Espainiako Poliziak edo Ertzaintzak zer egin zieten, berriz atxilotuz gero hauskortasuna askoz handiagoa zelako.
Laguntza psikosozialean eman dira pausoak orduan?
Bai, pixkanaka. 2010ean heldu genion horri. Kontatzen zuten zer jasan zuten inkomunikatuta zeuden artean, baina gero ez zuten sentimendu horiei buruz hitz egiten, eta hor jarraipen bat behar zen.
Zer patroi ikusi dituzue hor?
Era basati batean tratatua izan den pertsona batek jasan dezakeen esperientzia mingarrienetakoa da, eta horrek eragiten du identitatearen zati bat apurtzea. Beldurra, alerta, amets gaiztoak... horiek denak dira sintomak, baina zauria sakonagoa da. Pertsona torturatua izan baino lehen eta gero ez da berdina, eta ez da izango. Horrek ez du esan nahi ez duenik gaindituko.
Emakumeetan beste patroi batzuk ikusi dituzue, ezta?
Funtzionarioak gehienbat gizonak dira eta atxiloketa zentroak sistema patriarkalean daude eraikita. Emakume izateagatik bakarrik jasan zituzten umiliazio gehiago, eraso matxistak, bortxaketak... horiek horrela ziren torturaren gidoian. Ahalduntzea suntsitzen zieten. Esaten zieten gizonen mendeko zirela, haiek engainatuta zeudela, ama txarrak zirela, alaba txarrak... gizartean dagoen patroi matxista erabiltzen zuten. Errudun sentimendu handiarekin atera izan dira. Eta azterketa hau egiterakoan ikusi dugu gizonezkoengan ere tortura are bortitzagoa zela homosexuala zela identifikatzen zenean. Ezkutuan mantentzen zuten, ahal bazuten, homosexualak zirela, identifikatuz gero torturak latzagoak izango zirela bazekitelako.
Nola egiten da horren peritajea?
Milaka testigantza zeuden fidagarritasun handia zeukatenak, eta gure erronka zen zientifikoki hori frogatzea. Nazioartera eraman genuen euren balioztatzea lortzeko. Ikerketari indarra, forma eta fidagarritasuna eman genion. Eta ikusi dugu torturatuek kontatu duten hori dena informe perizial batean ikusteak lagundu duela erreparazioan.
Bidearen hasieran gaude?
Lehenik aitortza behar da. Nafarroan torturatuen sarea sortu da, eta oso garrantzitsua da, beraiek jarri behar direlako erdigunean. Gero, diziplina askotako profesionalek egin behar ditugu ikerketak, eta gizarteratu. Eta gizartea kontzientziatzea da hirugarren pausoa. Memoria kolektibo bat egin behar da, errealitate guztiak sartuta. Ezin da erreparazio prozesu bat martxan jarri aitortza bat eman baino lehenago.
Aitortza, nork?
Aitortza estatuak ez du egingo gizartea aurrean jarri arte. Beraz, gizarteak egin beharko du, erakundeekin. Errealitate asko egon dira, oso bortitzak, baina batzuk ezin dira justifikatu beste batzuekin, memoria historiko zintzoa egin nahi badugu, minak erreparatu behar ditugu, eta belaunaldi sanoago utzi datozenei.