Eguna ilun esnatu arren, argia ikustea gero eta gertuago duten itxaropenarekin elkartu ziren atzo Gipuzkoako Stop Kaleratzeak elkarteko kideak, Donostiako Bulebarrean. PPk etxegabetzeak gelditzeko herri ekinaldi legegilea onartzearekin bat, balorazio bat egin zuten. Kritiko agertu ziren Espainiako Diputatuen Kongresuaren azken ordura arteko zalantzengatik, baina begi onez hartu dute neurria. Dena den, «erne» ibili beharra daukatela uste du plataformako kide Carlos Molinak (Donostia, 1978), ekinaldia alda ez dezaten: «Ontzat jotzen dugu erabakia, baina kezkatuta ere bagaude, PPk, beste hainbat alderdiren babesarekin, proposamena urardotu dezakeelako».
Herri ekinaldi legegilearen aurka bozkatuko zuela ziurtatu zuen PPk. Ordu batzuk geroago, ordea, atzera egin zuen. Ustekabeko ona izango zen zuentzat, ezta?
Zalantzarik gabe. Kongresuko PPko eledun Alfonso Alonsoren hitzak entzutean, asko poztu ginen. Halere, orain ezin dezakegu esan Alderdi Popularrak zuzen jokatu duenik. Pertsonen dramari buruzko gaiaz ari garela kontuan izanda, ez dute batere duintasunik erakutsi. Ezin daiteke iritzi aldaketa horiekin ibili.
Zergatik uste duzu aldatu duela iritzia PPk bat-batean?
Herritarron mobilizazioagatik eta kale zein sare sozialetan sorturiko presioagatik. Guk badakigu haien iritzia zein den eta zer pentsatzen duten gaiari buruz. Haiengatik balitz, orain arte bezala segituko genukeen. Baina ez diegu utzi. Atzo bertan, jende ugari pilatu zen Kongresuko atarian, Madrilen, eta Euskadin ere protesta ugari ari gara egiten. Herri ekinaldia tramiterako onartu ez balute, ziur nago oso giro txarra sortuko zela eta istiluak ere izango zirela. Beldurragatik ere egin du atzera PPk.
Ia milioi eta erdi sinadura biltzea ez da edozer.
Ez, noski. Azken bederatzi hilabeteetan jendeak gogor egin du lan sinadurak biltzeko. Herritarren %90ek babestu dituzte gure aldarrikapenak. Demokrazia funtzionatzen ari da, behintzat.
Dena den, ez zarete askorik fio...
Ez, batere ez. Ezin gara erlaxatu garaipen txiki-handi honekin, eta, orain, abiadura eman behar diogu gaiari. Ekinaldi legegilea tramitatzean, PPk gehiengo osoa baliatuko du, ziurrenik, beste formazio politiko batzuen laguntzarekin lege proposamena aldatzeko. Zerbaitetan ari diren itxurak egingo dituzte, baina ezer egin gabe. Orain, guri dagokigu lanean jarraitzea, ekinaldian proposatzen diren gaiak berehala martxan jar daitezen. Proposamenean, koma bat bera ere aldatzen ezin diegu utzi politikariei.
Hipoteka legea erreformatzeko gutxieneko jotzen duzue ekinaldi legegilea tramiterako onartzea. Zer gehiago eskatzen duzue?
Ezeren gainetik, bidean geratu diren pertsona guztiak erreskatatzea. Hori premiazkotzat jotzen dugu. Kongresuak neurria hartu duen arren, kaltetutako pertsona asko eta asko daude, eta ondorio guztiak onartu behar izan dituzte. Zorrarekin geratu dira, etxerik gabe, eta horientzako konponbide bat eskatzen dugu. Azken datuen arabera, EAEn hamabost pertsona geratzen ari dira egunean etxerik gabe. Hori moztu beharra dago. Oraindik, arnasa lasai hartzeko modurik gabe daude familia asko. Guk dakigula, epaitegietan daude hainbat kasu, epailearen erabakiaren zain. Halere, bankuak esana du kasu batzuetan etxe kaleratzea gauzatzeko.
Kaltetutako pertsonak aipatu dituzu. Suizidio kopurua ere gora egiten ari da.
Suizidioek pisu handia izan dute PPren erabakian. Penagarria da jendeak bere buruaz beste egin behar izatea lege proposamen bat onartu ahal izateko. Guk Amaia Egañaren kasua ezagutu genuen lehenik [iazko azaroan bere burua leihotik bota zuen, Barakaldon, Bizkaian]. Politikariek egoera lasaitu zuten pare bat astez, baina berriz ere lehengo martxa berbera hartu zuten. Atzo [herenegun], beste kasu bat ezagutu genuen, Basaurin, Bizkaian. Espainian ere suizidio dezente gertatu dira. Ikusiko dugu zer jarrera hartzen duen alderdi popularrak, baina egoera tristea da. Tristea eta lotsagarria.
Zeharka bada ere, Europari begira ere bazaudete.
Europan itxaropen handia daukagu jarrita. Europako Justizia Auzitegiko abokatuak kritikatu egin du Espainiako Gobernuaren sistema. Esan zuen Espainiako prozedura eragilea ez dagoela legearen barruan eta ez dituela onartzeko gutxieneko eskubideak. Auzitegiaren erabakiaren zain gaude.
Bitartean, lanean segituko duzue.
Etxe kaleratzeak gelditzeko eskatzeko manifestazioa egingo dugu etzi, Donostian, 12:00ean [Iruñean eta Gasteizen ere egingo dituzte manifestazioak].
Carlos Molina. Gipuzkoako Stop Kaleratzeak elkarteko kidea
«Ezin gara erlaxatu garaipen honekin; abiadura eman behar diogu gaiari»
Kaleratzeak eteteko egitasmoa PPk tramiterako onartu izana ontzat jo du Stop Kaleratzeak elkarteak; «erne» jokatu behar dutela esan du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu