«Ezin itzulizkoa». Hala definitu dute Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak, Pasaiako Portu Agintaritzak eta Espainiako Gobernuak atzo Madrilen sinatutako protokoloa. Bertan, Pasaiako badiaren biziberritzea (Gipuzkoa) eta kanpoko kaiaren eraikuntza sustatzeko konpromisoa hartu dute. Alde guztiak «oso pozik» daude akordiorekin. «Gaur hasi gara Pasaiarekin urteetan izan dugun zorra kitatzen», nabarmendu du Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olanok.
Sinatzaileen arabera, ekonomiaren ikuspegitik «estrategikoa» da Pasaiako kai berriaren eraikuntza, eta badiaren biziberritzea lortzeko, «ezinbestekoa» ikusten dute egungo kaiaren jarduera kanpora eramatea. Hala, konpromisoa hartu dute elkarlanean bai biziberritzea eta bai kanpoko kaiaren eraikuntza sustatzeko. Bi gauzak lotuta daudela uste dute. «Ezin da kanpoko kaia eraiki arte itxaron biziberritzea hasteko. Baina garbi dago biziberritzea ez dela erabatekoa izango kanpoko kaia eraikitzen ez bada». Bertan ezarri beharreko jardueren artean, «garrantzi handikoa» iruditzen zaie zentral termikoarena. Finantzaketa publiko-pribatua lortzeko beharra ere ikusten dute.
Kanpoko kaiaren eraikuntzaz gain, biziberritzerako erabakigarria iruditzen zaie beste plataforma logistiko intermodal bat eraikitzea Lezo-Gaintxurizketan. Trenak Pasaia, Errenteria eta Donostiako hirigunetik ez igarotzeko, Sustapen Ministerioak tren ingurabide bat eraikiko du Astigarragatik plataformaraino. Aldi berean, GipuzkoakoForu Aldundiak egingo du plataformaren eta Donostiako bigarren ingurabidearen arteko lotura; baita egun Lezo-Gaintxurizketa korridorean dauden azpiegitura logistikoakberriekin nahiz kanpoko kaiarekin batuko dituenak ere.
Kanpoko kaira iristeko sarbideak eraikitzeaz ere aldundia arduratuko da. Tunel bidez egingo da. Tunel horiek Jaizkibelgo iparraldea eta Lezo-Gaintxurizketako plataforma intermodala lotuko dituzte. Tunel horietako bat kanpoko kaiaren eraikitze lanak hasi aurretik eraikitzea espero dute.
Finantzaketari dagokionez, Jaizkibiaren edo horretarako propio sortuko duten beste erakunde baten bidez Portu Agintaritzaren eraikinak eta lurrak erosteko konpromisoa hartu dute. Ondoren, horiek saldu, eta hortik lortuko duten diruarekin finantzatuko dute kanpoko kaia. Sustapen Ministerioak, gainera, baimena eman dio Pasaiako Portu Agintaritzari, beharrezkoa balitz, mailegu bat eskatzeko. Finantzaketan parte hartze pribatua sustatzeko asmoa ere badute.
Akordioan jasotzen denez, Pasaiako badiaren biziberritzea bost alditan egingo da. Herrera iparraldeko eta mendebaldeko lurrak garbitzen eta egokitzen hasiko dira, eta egungo kaiaren jarduerak kanpora eramanda amaitu.
Hitzetatik ekintzetara
Olanoren arabera, egun «pozgarria» izan zen atzokoa. «Legegintzaldi hasieran geure buruari ezarritako erronketako bat da hau». Behin protokoloa sinatuta, hitzetatik ekintzetara pasatzeko unea dela iritzi dio. «Protokoloan esaten dena betetzeko atsedenik gabe egingo dugu lan, Pasaia inguruko herritarrak nekatuta baitaude konpromisoak entzuteaz».
Adegiko presidente Eduardo Zubiaurreren arabera, Pasaiako kanpoko kaiaren inguruko akordioa «giltzarria» da Gipuzkoaren etorkizuneko ongizate eta garapen ekonomikorako. «Pozgarria da erakundeak ados egotea halako proiektuak sustatzeko».
Ezker abertzalearen salaketa
Pasaiako ezker abertzalearen arabera, «alderdikeriaz» egindako akordioa da, eta hauteskundeei begira dagoena. «Akordio honek ez du inondik inora gure herria biziberritzeko balioko, betikoek negozioa egiteko baizik». Akordioan udalak baztertu egin dituztela ere salatu du. Dena den, ez dutela etsiko berretsi du Pasaiako ezker abertzaleak. «Gero eta gehiago gaude astakeria honen aurka. Ez dugu nahi inork guregatik erabakitzea. Garbi dugu biziberritzea lortzeko ezin direla iraganean egindako akatsak errepikatu, horiek ekarri baitute egungo egoera. Benetako eraldaketa bat egin behar da, dauden beharrak kontuan hartuta betiere».
«Ezin itzulizko» itun bat egin dute Pasaiako kanpoko kaia egiteko
Erakundeen arteko elkarlana sustatzea hitzartu dute erakundeek, Madrilen sinatutako akordioan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu