Eba Blanco. EAko idazkari nagusia

«Ezinbestekoa da hitz egiten hastea»

Izendapenaren zurrunbiloaren erdian, Blancok beharrezkotzat jo du hitz egitea EAren barneko egoera konponbidean jartzeko. Ohar bat egin du: «Nik gauzak behar bezala egin ditut».

JUANAN RUIZ / FOKU.
jon olano
<i>Gasteiz</i>
2019ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Une batez sakelakoa albo batera utzi du Eba Blancok (Amurrio, Araba, 1973), baina etengabe dardarka du telefonoa. Astelehen arratsaldea da Eusko Legebiltzarrean; erakundeko lehendakariordea da Blanco, eta gai bakarreko osoko bilkura egiten ari dira merkataritzaz; goizean goiz, Eusko Alkartasuneko Hauteskundeen Antolaketa Batzordeak idazkari nagusi izendatu du, baina alderdi barneko sektore kritikoak ohartarazi du oraindik ezin dela proklamazio hori egin. Ez du lurreratze samurra izan.

Zer moduz?

Sentimendu ezberdinak ditut. Ilusioz beteta nago, nik ere bizi izan dudalako nola sortu zen Eusko Alkartasuna nire etxean, nire herrian. Ilusionatuta eta arduratuta; sentitzen dut daramadala kristoren motxila, erantzukizunez betea. Kezkatuta ere banago, batez ere azken bi asteetan asko hitz egin delako hedabideetan. Barne kohesioa apurtu da. Haustura dago, eta nire lehenengo helburua izango da alderdia barrutik indartzea; zenbat eta indartsuago izan, orduan eta emankorragoak izango gara.

Indartu, nola? Nondik hasi?

Hitz egiten. Elkarrizketa da lehen gauza. Konfiantza lortuz. Horretarako, ezinbestekoa da alderdikideekin egotea, hitz egiten hastea.

Maiorga Ramirezek esan du ez duzula zilegitasunik idazkari nagusi izateko, bozketarik ez badago. Baduzu?

Nahiago nukeen bizpahiru hautagai egotea, baina erregelamenduari jarraitu diot. Batzar Nazionalean zuzenketak onartu ondoren, onartutako erregelamenduari jarraitu diot. Uste dut zilegi dela. Nik nire bermeak ditut, berak ez ditu bete araudiaren arabera bete behar ziren baldintzak, eta, ondorioz, hautagaitza bakarra geratu zen. Baina hori ez da nire errua; nik ongi egin ditut gauzak. Nahiago nuen eztabaida eta bozketa egin; hautagaitza aurkeztu nuenean hori nuen buruan, baina gauzak behar bezala egin ditut, eta bakarrik geratu naiz.

Eta eztabaida hori egin daiteke aurrerantzean? Zer eremutan?

Ondo legoke elkarrizketa hori izatea; denon artean bilatu beharko dugu zer-nolako ideiak, proiektuak eta helburuak adostu daitezkeen hemendik aurrera gauzatzeko. Baina horretarako elkarrizketa beharko da, eta orain arte ikusi duguna hedabideetan ateratzea izan da; ez da egon inolako borondaterik nirekin hitz egiteko. Agian ez naiz ni bozeramailerik egokiena, eta agian ezta Maiorga ere; agian bilatu beharko genituzke beste pertsona batzuk.

Berme Batzordeak oraindik ez du ebatzi Ramirezen helegitea.

Asteartean [atzo zortzi] idatzi bat bidali nien, esanez bost kideek neutraltasuna erakutsi behar dutela, eta, nire ustez, bi pertsona konprometituta daude; Maiorgari baino lehen, niri erantzun behar didate, eta oraingoz ez dut erantzunik jaso.

Ezer aldatuko luke batzordeak Ramirezen helegitea onartzea?

Ez dakit zer esango duen. Hauteskunde Batzordea bertan behera geratu da gaur [astelehenean]; erregelamenduaren arabera, bozketaren epeak errespetatu behar ziren hautagai bakarra egon arren. Automatikoki proklamatzen da idazkari nagusia, eta hori gertatu da gaur. Hori bakarrik. Hauteskunde Batzordea deseginda, ez dakit zer esango duen Berme Batzordeak, baina niri ez dit ezer erantzun.

Zer egin dute gaizki bi aldeek?

Nik ez dut esango zer egin duen berak gaizki. Horretarako daude araudia, Hauteskunde Batzordea, alderdiaren organoak... Berak jakingo du zer egin duen gaizki; nik badakit nola jokatu dudan, eta araudiaren arabera aritu naiz. Alderdiko organoek berretsi dute erregelamendu hori, eta prozesu osoan zehar gauzak behar bezala egin ditut. Orain arte ez dut ezer esan, ez dut hitz egin, errespetuagatik; barne prozesuak beti errespetatu behar dira, eta ez kutsatu hedabideetan.

Nola antzematen dituzu kideak alderdiak bizi duen egoeraren aurrean?

Esaten da bi alderdi edo bi ildo daudela: sektore kritikoa eta ofiziala. Ez dut uste hain sektore argiak daudenik; baina bai, sentsibilitate ezberdinak daude. Hitz egin beharko dugu non dauden adostasunak, horiek gauzatzeko, eta non desadostasunak, horiek konpontzeko. Ez dut uste haustura hain argia denik; agian horrela irudikatu da, baina denok gara alderdikideak, denok dakigu zer nahi dugun egin Eusko Alkartasunan, EH Bildun eta herri honetan. Hori guztia kontuan hartu beharko dugu, eta aprobetxatu behar dugu, baditugulako kapital politikoa eta giza kapitala hemendik aurrera ere lan egiteko.

Zer ildo politiko izango du idazkari nagusi berriak? Orain artekoari jarraitzea?

Kontuan hartu behar dugu Eusko Alkartasuna zer izan den, zer den eta zer izango den. Ezin da ukatu EA izan dena; zer izan den eta zer egin duen herri honetan. Baina begiratu behar diogu etorkizunari. Gogoan izan behar dugu zer egin genuen; Bildu sortu genuen, eta gu ere bagara EH Bildu. Hor badugu marko bat, EH Bilduren estatutuak, denok onartutakoak, antolaketa hori, eta horren barruan lan egin beharko dugu, betiere EH Bilduren barruko aniztasuna errespetatzen eta sustatzen. Baina markoa argi dago.

EAren kongresua 2021ean izango da; 2017koan, txosten bat adostu zen, baina lehia estua izan zen bi idazkarigai nagusien artean. Zer deritzezu dituzu bi urte hauei?

Konpondu behar ditugu alderdi barruko konfiantzarik ezak; josi behar ditugu zubi guztiak. Alderdiaren %80 inguru ados egotea da asmoa, txostenak onartzeko.

Zer rol jokatzen du EAk EH Bildun? Esan da EA koalizioan desegingo dela.

Hori gezurra da. Nik ez dut hori inoiz esan, eta ez da nire asmoa, noski. Kontu asko ditugu EH Bilduren barruan lan egiteko, eta ekarpenak egiteko moduan gaude. Etorkizunari begira, marko horretan [EH Bilduko estatutuek ezarritakoan] lan egin behar dugu, eta ez dut uste beste formularik dagoenik. Daukagun markoaren barruan mugitu behar dugu; lan egin beharko dugu aniztasun hori errespetatzen, hori balio bat delako EH Bildun; hainbat alderdi gaude, eta independenteak ere bai. Hori guztia batu behar da, eta horretarako joko arauak ezarrita daude.

Politikoki, ordea, zer ekarpen egin behar dio EAk EH Bilduri?

Sozialdemokraziaren inguruko mezua; horren adibide argia da Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta. Garai batean, guk landu genuen alderdian; orain pil-pilean dago, eta EH Bilduk botatzen duen mezua Eusko Alkartasunarena ere bada. Guztiz identifikatuta gaude. Bakegintzan, justizia sozialean, independentzian... Identifikatuta gaude EH Bilduk gai horiez dituen mezuetan.

Kargua hartu berritan, zenioen «burujabetza politikoaren eta justizia sozialaren» alde lan egitea izango duzula lehentasun. Nolako baldintzak nabari dituzupausoak emateko?

Justizia sozialaren alorrean, legebiltzar hau lantzen ari da DSBEa; asko dago egiteko, eta gure ekarpena ezinbestekoa izango da. Burujabetzaren eta independentziaren arloan, adibide ona da ostiralean Bartzelonan gertatu zena[Euskal Herriko, Herrialde Katalanetako eta Galiziako hamar indar subiranistak agiri bateratu bat aurkeztu dute]: batu beharra dugu indar politiko ezberdinek, bai Euskal Herrian, baita Euskal Herritik kanpo ere, helburu bera dugunok, are eta indartsuago izateko.

Eusko Legebiltzarreko legealdia azken urtean dago. Zer eman dezake?

Itxaroten ari gara autogobernu lantaldean egiten ari diren lanari. Azaroaren 30ean etorriko da adituen txostena. Ikusiko dugu zer adostu duten. Oinarriak eta printzipioak behintzat adostuta daude, eta hori oso inportantea da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.