Nazioarteko prozesu subiranistak eta estatu berrien sorrera sakon aztertu ditu Jason Sorens (New Haven, Amerikako Estatu Batuak, 1976) Buffaloko Unibertsitateko politika zientzietako irakasleak. Aztertutako dozenaka kasuetatik ondorioztatutakoak aurkeztu ditu Donostian, Erabakitzeko eskubidetik sezesiora, Estatu berrien sorrera Europan EHUko udako ikastaroan.
Sezesioa: ametsa edo errealitatea?
Sezesioa sarri gertatu da azken urteetan; Hego Sudan, Eritrea, Ekialdeko Timor, Montenegro…eta gehiago sortuko dira datozen urteetan. Galdera da nola egingo dieten aurre estatuek etorkizuneko erronka sezesionistei, autogobernurako eskariak beti egongo baitira.
Gobernu zentralek bilatu behar dute eskari horiek kudeatzeko modu baketsua, legala eta demokratikoa. Finean, gobernu zentralek autodeterminazio eskubidea aitortzen badiete gutxiengo sezesionistei, horietako oso gutxik gauzatuko lukete banaketa, oso gutxik lortuko bailukete herritar gehienen babesa. Agian euskal herritarrek, katalanek, eskoziarrek…baina, oro har, oso gutxi izango dira. Izan ere, alderdi sezesionistak dauden lurralde gehienetan, herritarren gutxiengo batek ematen die botoa alderdi horiei. Beraz, estatuek ez dute kezkatu behar independentziarako eskubidea aitortzeaz.
Uste duzu Kataluniako eta Eskoziako prozesuak mugarri izango direla erabakitzeko eskubidearen inguruko nazioarteko araudian, Quebecen kasuan gertatu zen bezala?
Ez dut uste, nazioarteko zuzenbidean autodeterminazio eskubidea deskolonizazio prozesuei lotuta dago, eta, nire eta nazioarteko hainbat abokaturen uste arbitrarioaren arabera, itsasoa egon behar da metropoliaren eta koloniaren artean.
Erresuma Batuak, ordea, Eskoziari independentziaren bidea hartzeko baimena ematea aukeratu du, eta, beraz, ez luke beste inorentzat balioko, ez baita aldebakarreko prozesua.
Kosovok aldebakarreko independentzia aldarrikatu zuen. Hego Osetia, adibidez, ez da onartua izan estatu independente gisa. Zenbaterainoko garrantzia du Realpolitik-ak sezesio prozesuetan?
Garrantzia handia du. Amerikako Estatu Batuek Kosovoren independentzia sustatu zuten, baldintzarik jarri gabe. Eta jakina da hori horrela egin zuela, Serbiak sezesiorako eskubidea eskaini ziolako Kosovori gehiengo serbiarreko herriak Serbiaren esku geratzearen truke. Harreman taldeko kideek baztertu egin zuten aukera hori, Errusiak ezik. Beraz, kanpo aktoreak izan ziren Kosovoko independentzia eragin zutenak, Errusiak ardura duen bezala Hego Osetiaren eta Abkhaziaren independentzia aldarrikapenean eta aitortzan.
Estatu berrien sorrera gertakari ziklikoa da?
Iruditzen zait zikloena gehiago dela antzemate bat lege bat baino. Soviet Batasuna eta Jugoslavia une bertsuan desagertu ziren, arazo politiko eta ekonomiko antzekoak zituztelako eta federazioek ezin zietelako aurre egin arazo horiei.
Nahiz eta Eskozian eta ziur aski Katalunian galdeketak egingo dituzten, egungoak ez dira unerik errazenak mugimendu sezesionistentzat. Azken hamar urteetan apur bat jaitsi da independentziaren aldeko jarrera Eskozian, apur bat egin du behera Euskal Herrian ere [Euskal Autonomia Erkidegoaz ari da] eta asko jaitsi da Quebecen. Krisi ekonomikoa ondorio ezberdinak izaten ari da hainbat herrialdetan. Eskozian, adibidez, krisiak eragin du askok SNPri botoa ematea, baina SNPri emandako botoak ez dira nahitaez sezesioaren aldekoak. Beraz, oro har, boto sezesionista eta independentziaren aldeko jarrera ez datoz bat.
Zure hipotesietako bat da ezaugarri kulturalak ez direla nahikoa sezesionismoaren aldeko jarrera orokortzeko; beharrezkoa dela "interes" bat, statu quo-an galtzaile edo kaltetua izatearen sentipena izatea. Zein izan daiteke "interes" edo katalizatzaile hori Euskal Herrian?
Esango nuke euskal herritarrek oraindik baduzuela autodeterminaziorako nahikoa motibazio. Nahiz eta foruen hondarrak gorde, Euskadik autonomia fiskala mugatua du oraindik. Ezin du esan Barne Produktu Gordinaren %8 Espainiara doanik; esan dezake, ordea, ez duela lurraldearen garapenerako behar dituen tresnen gainean erabakitzeko baimenik.
Zein faktore nagusik oztopa dezake Euskal Herrian estatu propioaren aldeko jarrera orokortzea?
Merkataritzarako kokapen geografiko ona du, eta ez du mendekotasun handirik Espainiako merkatuarekin. Hortaz, ekonomikoki ez litzateke alde handirik egongo.
Bestalde, ideologikoki, Euskadi gaur egun ez dago hain urrun Espainiatik, kontuan izanda gobernu autonomoko alderdia zentro-eskuinekoa dela eta ezker-eskuin ardatzean antzerako puntuan daudela. Hala ere, bigarren dimentsio ideologiko bat erabiliz gero (liberalismoa-autoritarismo/populismoa dei dizaiokeguna), uste dut emaitza oso ezberdina dela, liberalismo klasikoa askoz indartsuagoa baita Euskadin Espainian baino.
Beste oztopo bat lurraldetasuna da. Hemen bezala, antzerako auzia zuten Quebecen eta dute flandiarrek Bruselarekin. Ez dituzte atzean utzi nahi euren kide etniko eta linguistikoak, baina Bruselak gehiengo frankofonoa du eta horrela ez dute Flandriaren independentzia lortuko. Gizabanako bakoitzak bere kabuz erabaki dezakeen zerbait da: noiz arte zaude itxaroteko prest? Prest al zaude itxaroteko abertzaleak Nafarroan gehiengo izan arte? Edozein aukera da errespetagarria.
Nabarmentzen duzu hauteskunde sistema ere garrantzitsua dela mugimendu sezesionistetan. Azal dezakezu zergatik?
Hauteskunde sistema proportzionalak dituzten herrialdeetan, sezesionismoak hainbat hautagaitza aurkez ditzake; erradikalagoak, moderatuagoak eta abar. Gehiengo sistemetan, ordea, alderdi sezesionistek zentro politikorantz jotzen dute boto bila, eta aldarrikapenak lausotu egiten dituzte.
Parlamentuan bi alderdi abertzale izateak ahalbidetzen du jende gehiagok alderdi abertzaleen alde bozkatzea. Adibidez, Eskozian kontserbakorra den batek errazago joko du Alderdi Kontserbakorrera edo Alderdi Liberal Demokratara, baina ez SNP abertzalera, alde ideologikoarengatik. Katalunian eta Euskal Herrian, ordea, ezker nahiz eskuineko herritarrak eroso senti daitezke alderdi abertzaleren batean.
Zein paper jokatzen dute gizarte mugimenduek eta gizarte zibilak prozesu subiranistetan?
Kasu askotan oso garrantzitsua da haien lana. Izan ere, askorentzat, autogobernuaren muinean dago euren burua gertukoen komunitate batean gobernatzea, urruneko gobernu batek esan beharrean zer egin behar duen. Mugimendu horiek indartsu egiten dute gizarte zibila, eta Katalunian bereziki ikusi da oso garrantzitsuak izan daitezkeela. Gainera, ezinbestekoa da prozesu subiranista babestuko duten eragileak sektore guztietan egotea; negozioetan, merkataritzan, sindikatuetan… Politikaz interesik ez duten herritarrak prozesuarekin engaia daitezke horrela.
1991n, Allen Buchanan filosofoak argudiatu zuen sezesioa "bidezko kausa" batean baino ezin zela gertatu, kalte batzuk saihesteko “erremedio” gisa soilik. Akademian, gaiari buruzko eztabaida piztu zuen teoriak. Estatu ugari sortu dira hogei urtean. Uste duzu teoria hori zaharkitua geratu dela?
Bere azken liburuan, Buchananek bideratu egin zuen autodeterminazio eskubidearen nazioarteko legeria, eta baztertu egiten du bidezko kausaren teoria. Edonola ere, ez dut uste zentzu handirik duenik; izan ere, nork interpreta dezake kausa bat bidezko adela? Noski, ezingo litzateke gobernu zentrala izan, gerta litekeelako genozidioa egiten duen gobernu batek esatea ez dagoela bidezko kausarik.
Hortaz, beste irizpide batzuk behar dira. Nire ustez, sezesiorako irizpide nagusia da banandu nahi duen lurraldearen gobernuak eta gobernu zentralak negoziatzea, Eskozian gertatu den bezala. Adibide horrek erakusten du Eskoziako eta Erresuma Batuko gobernuak gai izan direla adosteko erreferendum sezesionistaren inguruko hainbat gai. Hala, apenas dagoen ziurgabetasunik prozesu horretan.
Kontzeptualki, eraldaketa bat gertatu da autodeterminazio eskubidetik erabakitzeko eskubidera eta, azkenik, sezesiora. Zer dago eraldaketa horren atzean?
Autodeterminazioa mugimendu antikolonialaren parte zen, eta mugimendu sezesionistek erabili eta egokitu egin dute. Ez dut uste garrantzitsua denik gauzei nola deitzen diegun, baina bai nola definitzen ditugun. Sezesioa askoz zehatzagoa da. Autodeterminazioaren ideala da herritarrek gaitasuna izatea erabakitzeko euren estatus politikoa, baina kontzeptu horrek ez du estatu propioa edo autonomia esan nahi. Sezesioak, aldiz, independentziari edo nolabaiteko subiraniari egiten dio erreferentzia.
Ulertzen dut, baita ere, erabakitzeko eskubidearen kontzeptua erabili nahi izatea, sezesioarekin zalantzak izan ditzaketen batzuen botoak lor baitaitezke erabakitzeko eskubidearekin. Baina arrisku bat du: nork du erabakitzeko eskubidea?