Ezkabako Franken memoria berreskuratu dute

Ignacio Francisco Caneda gazte anarkista 36ko gerran hil zuten, eta haren gorpuzkiak familiari bueltatu dizkio Nafarroako Gobernuak. Ezkaban espetxeratu zuten Caneda, eta beste 23 gazterekin batera fusilatu.

Francisco Caneda gazte anarkistaren gorpuzkiak senideei itzuli dizkie Nafarroako Gobernuak, Berriozarren. IÑIGO URIZ / FOKU
Francisco Caneda gazte anarkistaren gorpuzkiak senideei itzuli dizkie Nafarroako Gobernuak, Berriozarren. IÑIGO URIZ / FOKU
Iruñea
2025eko abuztuaren 21a
18:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ignacio Francisco Canedaren gorpuzkiak etxera bueltatuko dira azkenik. 86 urtez ezkutuan egon ondoren, senideek haren gorpua jaso dute, malkotan. Galiziatik eta Connecticutetik (AEB) etorri dira Berriozarrera (Nafarroa), ezjakintasunez eta minez betetako historia bati amaiera emateko. Hain zuzen, Berriozarko herri zaharrean «ekitaldi gazi-gozo bat» eginda eman diote amaiera, gaur.

Oroimen historikoari lotuta, gertaera ezaguna da 1938ko Ezkabako ihesa, baina hura ez zen izan espetxe frankista hartatik eskapo egiteko saialdi bakarra. Bi urte lehenago, 1936ko azaroaren 1ean, 24 preso hil zituzten Ezkabatik ihes egiten saiatzeagatik. Horien artean, 18 urteko gazte galiziar bat, Ignacio Francisco Caneda.

Ana Ollo Nafarroako Gobernuko lehendakariordeak esan duenez, fusilatu gehienak oso gazteak ziren, anarkistak denak: «Deserosoa zen talde bat sarraskitu zuten». Gorpu horiek lurpean egon ziren ia 90 urtez, harik eta 2022an, Canedaren eta beste hogei lagunenak hobitik atera zituzten arte. «[Fusilatu zituztenek] indarkeria basatiz jokatu zuten, eta, hori gutxi balitz bezala, eginikoa ezkutatzen saiatu ziren», esan du Ollok. 

«[Fusilatu zituztenek] indarkeria basatiaz jokatu zuten, eta, hori gutxi balitz bezala, eginikoa ezkutatzen saiatu ziren»

ANA OLLO Nafarroako Gobernuko lehendakariordea

Identifikazio genetikoaren bidez jakin dute lurpetik aterako gorpuzki horietako batzuk Canedarenak zirela. Nafarroako Gobernuko DNA bankuak egin duen laugarren identifikazioa izan da, eta, horri esker, gazte galiziarrak «duintasuna eta memoria» berreskuratu ditu, Ollok adierazi duenez. «Hasi behar ez zen istorio baten amaiera da hau», gaineratu du. Rosa Gonzalez Canedak, Francisco Caneda zenaren ilobak, eskerrak eman dizkie, hunkituta, prozesuan parte hartu duten norbanako eta instituzio guztiei, eta izandako «profesionaltasuna, zorroztasun zientifikoa eta giza sentikortasuna» azpimarratu ditu.

Berriozarko alkate Iker Mariezkurrena eszenatokira igo denean, euria hasi du. Egiaren, justiziaren eta memoria historikoaren garrantziaz mintzatu da: «1936. urtean bizitzak eta izenak ezabatu nahi izan zituzten, eta gaur frogatu dugu ez zutela lortu». Canedaren gorpuzkiak dira horren froga: hobi komunetik atera, eta haren familiaren babespera bueltatu dituztelako. 

«1936. urtean bizitzak eta izenak ezabatu nahi izan zituzten, eta gaur frogatu dugu ez zutela lortu»

IKER MARIEZKURRENA Berriozarko alkatea

Neska gazte batek aurreskua dantzatu du, familiari errespetua adierazteko. Iñigo Agerri musikariak ere omendu nahi izan ditu, osabarekin «berriro elkartu» diren honetan. Bi abesti interpretatu ditu galizieraz: Lela eta Negra Sombra —azken hori, Rosalia de Castroren poemetan oinarritua—.

Canedaren anai-arrebek Frank esaten zioten, eta haren oroimena bizirik iraunarazi dute urteetan, familiartean kontatuz zer gertatu zitzaion. Horixe egin du gaur Rosa Gonzalezek: osabaren historia azaldu. Garai hartako beste gazte askok bezala, emigrazioa izan zen haren historiaren oinarrietako bat. Canedaren gurasoak AEBetara joan ziren XX. mendearen hasieran, eta Bridgeporten (AEB) izan zituzten seme-alabetako hiru. Tartean Frank: «AEBetako lurretan jaio zen, baina galiziar odola zuen».

Franken ama ezustean hil zen, 1920ko hamarkadaren hasieran, eta familiak Galiziara bueltatu behar izan zen. 1934ko uztailaren 11n, Pontevedrako (Galizia) auzitegiak lau urte eta zazpi hilabeteko espetxe zigorra jarri zion, anarkista izateagatik. «Gogoan ditugu gure birraitonaren mina eta sufrimendua, semea topatu ezinik zebilela», esan du, hunkituta. 

«Gogoan ditugu gure birraitonaren mina eta sufrimendua, semea topatu ezinik zebilela»

ROSA GONZALEZ CANEDA Senidea

AEBetako enbaxadak berak ere esku hartu zuen auzian. Caneda estatubatuarra izanik, ezin zuten preso politiko gisa atxilotu: «Baina nire birraitona Pontevedrara iritsi zenean, itxaropena bihotzean, semea ez zegoen han». Inork ez zion informaziorik eman, eta, hilda zegoela jakinik ere, ez zuen inoiz jakin semearen gorpuzkiak non zeuden: «Edozein gurasok jasan dezakeen minik handienarekin hil zen». 

Canedatarrentzat oso garrantzitsua izan da gaurko ekitaldia. Lore sorta hori batekin batera gorpuzkiak jaso dituztenean, atertu egin du kanpoan, haien bihotzetan bezala: «Eguzkia atera da azkenik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.