Aranzadi zientzia elkartea eta Nafarroako Gobernuaren arteko elkarlanari esker, dagoeneko Ezkabatik ihes egindako 84 presoren gorpuak topatu dituzte, azken hirurak asteburu honetan bertan. Etulaingo hilerrian topatu dituzte hiru gorpuak, Anue bailaran, Nafarroan.
Fermina Iraizozen lekukotzari esker egin dute aurkikuntza. Hark azaldu du 1938ko maiatzaren 27an falangistek hiru iheslari eraman zituztela herrira. Inguruko mendietan harrapatu zituzten. Iraizozek gogoan du zein datatan gertatu zen, bere urtebetetze eguna zelako. Burutaingo (Anue, Nafarroa) Lucia Larramendik ere gogoan du egun hura, jateko eta edateko eman zielako atzemandako hiru iheslariei.
Gazteek 20 eta 23 urte artean zituzten, eta Bilbokoak zirela esan zuten. Fusilatu zituzten toki berean lurperatu zituzten falangistek. 1999an aurkitu zituzten haien hezurdurak, Olagueko saihesbideko lanak egiten ari zirenean. Ondoren, Etulaingo hilerriko hezurtegian lurperatu zituzten.
Gorpuzkiak laborategira eraman dituzte, ikerketa egiteko.