Ezker abertzalea bozetan ez badago Gernikako Ituna giltzarria izango dela diote

NUPen emandako hitzaldian, Maiorga Ramirezek eta Xanti Quirogak Gernikako Akordioaren garrantzia azpimarratu dute

joxerra senar
Iruñea
2010eko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Zer gertatuko litzateke datozen udal eta foru hauteskundeen atarian ezker abertzaleak legez kanpo jarraituko balu? Galdera hori proposatu zitzaien atzo Maiorga Ramirez Nafarroako EAko koordinatzaileari eta Xanti Quiroga ezker abertzaleko kideari Nafarroako Unibertsitate Publikoan emandako hitzaldian. «Guztiok inplikatu beharra dugu», erantzun zuen Ramirezek. Egoera hori gertatzen bada Gernikako Akordioa «giltzarria» izango dela azpimarratu zuen Maiorga Ramirezek. Izan ere, gutxieneko demokratikoen inguruko akordioak, besteak beste, Alderdi Politikoen Legea indargabetzeko exijitzen du. Horregatik, ezker abertzalealegeztatzen ez badute Gernikako Akordioaren sinatzaileek horren arabera jokatuko dutela azaldu du Ramirezek.

Ildo beretik jo du Quirogak. «Badakigu Rubalcabak zer nahi duen, badakigu Zapaterok zer nahi duen». Haren ustez, legeztatzearen auziari aurre egiteko oraindik ere «nahikoa denbora» badago, eta horren baitan indarrak metatzea funtsezkotzat jo du Quirogak. «Jakin behar dugu noren aurka egin behar dugun eta noren alde», azaldu du, eta gaineratu du horregatik Gernikako Akordioa sinatu dutenen artean ezadostasunen gainetik alde komunak azpimarratu behar direla. Beste ziklo politiko bat hasi nahi den honetan «beste era batera» erantzun behar dela iritzi dio, eta, hala, Quirogak nabarmendu du Gernikako Akordioa oso tresna garrantzitsua dela.

«Gertaera errealak falta dira»

Azkenaldian Zapaterok egindako adierazpenei buruz ere galdetuzioten Quirogari. Duela bi aste ezker abertzalearen pausoak ez zirela alferrik izango esan zuen Espainiako gobernuburuak, eta herenegun Senatuan gaineratu zuen mugimenduok ez dutela balio, baina ondorioak izan ditzaketela. «Aldaketa objektiboak onartu beste erremediorik ez du izan», esan zuen Quirogak. Zapaterokesandakoa errepikatuz, orain hitzok «gertaera erreal ukigarri» bihurtzea falta dela gaineratu zuen. Alde bakoitzak urratsak nahikoak ez direla pentsatu arren, ikuspuntuak hurreratzea beharrezkotzat jo du Quirogak: «Hauteskundeen Legea are gehiago gogortzea edo torturen praktikarekin jarraitzea ez doaz norabide horretan». Harenustez, Espainiako Gobernuak «erantzukizun handia» du horretan.

UPN eta PSOE

Maiorga Ramirezek hizpide hartu zuen baita ere herenegun Espainiako Senatuan onarturiko mozioa. Bertan, «alderdi demokratikoek ETArekin lotutako erakundeekin akordioak egin ahal izatea» gaitzetsi zuten. Ramirezek «zinismoa» leporatu die PSOEri eta UPNri mozio horren alde egin dutelako. «Jose Blancok UPNrekin Madrilgo bulego ilunetan Sanz gobernuan betikotzeko ituna egin zuen, Nafarroako herritarren borondatea traizionatuz; orain, berriz, erabat gardena, publikoa eta mundu guztiaren eskura dagoen akordio bat kritikatzen dute». Ramirezek, haserre, galdetu zuen nola den posible independentzia gauzatzeko «bide soilik baketsu, demokratiko eta politikoen alde» egiten duen akordio bat kritikatzea: «Ala nazionalismo espainiarraren arazoa da batzuk independentistak garela?».

Ramirezen ustez, Gernikako Akordioa «mugarri historikoa»da, eta nazionalismo espainiarra «tokiz kanpo» utzi du. «Akordio horren muinaren aurka ez dute kritika sakonik egin». Ramirezen arabera, «statu quo-a betikotzeko abertzaletasunaren aurka eraikitako arkitekturak aro berrian ez du balio». Ramirezen arabera, Gernikako Akordioak «demokrazian sakondu» nahi du, eta oinarri demokratiko horri aurre egiteko PSOEk, PPk eta UPNk «zaila» izango dute.

Nafarroako errealitatea kontuan izanda, Eusko Alkartasunak eta ezker abertzaleak Nafarroako aldaketa politiko eta sozialerako hamar oinarri hitzartu zituzten irailean. Behin dekalogoa aurkeztuta, orain ehun neurri zehatz proposatuko dituztela jakinarazi dute Quirogak eta Ramirezek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.