Jaurlaritzako Lehendakari Juan Jose Ibarretxek "beste behin ere" gezurra esan duela uste dute Batasunakoek. Izan ere, Ibarretxek atzo esan zuenez, Batasuna ere Udaletan egotea nahia du berak. Batasunak salatu egin ditu hitzok ohar batekin, eta Ibarretxek hori esan arren, "alderantziz" jokatzen duela azaldu dute. Gogorarazi dutenez, Lizartzan akordioa lortzeari ezetz esan zion Ibarretxe kide den EBBko zuzendaritzak, eta, Euskal Herrian "ez dagozkien ehunka zinegotzi kargu mantentzen" dituztela azpimarratu dute.
Horrela, Ibarretxek eta EAJk, Espainiako Alderdien Legearen ondorioak ez jasateko "ez dutela ezer egin" uste du Batasunak. "Egin duten bakarra Udal antidemokratikoak kudeatzea izan da", diote.
Batasunaren irudiko, Ibarretxek atzo adierazpen horiek egin izanak bazuek beste helbururik: "bere planari hegoak ematea". "Plan horretan, euskaldun guztien borondatea errespetatua izango dela dio, baina Ibarretxek ez du sinesgarritasunik euskaldunon borondatea errespetatzerakoan, bere alderdia bozetan azaldutako herritarren borondatea zapaltzen ari baita".
Beraz, "Apartheid politikoa gainditu eta herritarren borondatea errespetatzeko"apostua egiteko eskatu die Ibarretxeri eta EAJri.
Politika