Garaipenaz hitz egin du Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak Madrilen eskainitako hitzaldian. «Gaur, pozbidez, esan dezakegu ETAren terrorismoa garaitu dugula eta denbora berri bat ireki dugula», esan zuen atzo Patxi Lopez lehendakariak, Europa Press albiste agentziaren foroan. Ohiko diskurtsoari eutsi dio egungo egoera azaltzeko: «ETAk amore eman du, amore ematera behartu dugulako. Mundu biolentoak onartu behar izan du legea, ez bat-bateko konbertitze bategatik, baizik eta instituzio demokratikoen presioagatik». Hala ere, Eusko Legebiltzarrean sortzekotan den elkarbizitzarako lantaldeari buruz galdetuta, aitortu du beldur dela, azkenean, ezker abertzaleak irabaziko duela bataila politikoa. «ETA garaitu dugu, baina ezker abertzaleak irabaz diezaguke politikoki bataila, eta ez genuke onartu behar». Hori dela eta, Lopezek ukatu egin du lantaldea sortzearen asmoa «Batasunaren agenda politikoa» tramitatzea dela, etaziurtatu du ez dela Batasunari protagonismoa emateko edo bertatik iragan dadin. Ostiraleko osoko bilkura baino lehenago lantaldea onartzeko akordioa egotea espero duela gaineratu du.
Beste kezka bat plazaratu du Patxi Lopez lehendakariak. Aldarrikapen abertzaleak itzul daitezkeela ohartarazi du. PSE-EE Eusko Jaurlaritzara iritsi aurreko garaia eta oraingoa alderatu ditu. «Gaur egun Euskadi lasaiago, anitzago, eta askeago batean bizi gara. Instituzioak, pixkanaka, zilegitasun handiagoa irabazten ari dira herritarren arten». Lopezen ustez, duela urte batzuetako eztabaida publikoaren gaiak «terrorismoa, subirotasuna eta independentzia» ziren. Gaur egun, ordea, «krisiaz, enpleguaren arazoaz, zerbitzu publikoei buruz eztabaidatzen dugu». Hala ere, ez fidatzeko ohartarazi du, «iraganeko konfrontaziora» itzultzeko asmoa dagoelako abertzaletasunaren proposamenetan. EAJk urtarrilean egindako batzarrean, Iñigo Urkulluk Ebro eta Aturri arteko independentzia aldarrikatu zuela gogora ekarri du Patxi Lopez lehendakariak.
«Ezker abertzaleak bataila politikoa irabaz diezaguke», aitortu du Lopezek Madrilen
Eusko Jaurlaritzako lehendakariak uste du independentziaren inguruko eztabaida itzul daitekeela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu