Sortu-ren erregistroa

Ezker abertzaleak dio Lopezen jarrera aldaketa "positiboa" dela

Marian Beitialarrangoitiak esan du Jaurlaritzako lehendakariak "lehen aldiz Sortu legeztatzearen aldeko hitzak" egin dituela. 21 eurodiputatuk legeztatzea eskatu dute. Egigurenek dio Zapaterok ulertu egin dituela bere azalpenak. PPren kexuen ondoren, bertan behera utzi du PSEk Eusko Legebiltzarrean aurkeztekoa zen Sorturen aldeko proposamena. Astelehenean hasiko da Auzitegi Gorena Sorturen helegiteak aztertzen.

2011ko martxoaren 17a
19:29
Entzun

Ezker abertzaleak Sortu alderdi berriaren legeztatzearen alde dauden eragile politiko, sindikal eta sozialak "txalotu eta zoriondu" egin ditu, Marian Beitialarrangoitiak gaur azpimarratu duenez, eta adierazi du Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak jarrera aldatu duela, "lehen aldiz Sortu legeztatzearen aldeko hitzak izan dituelako". Beitialarrangoitiak uste du Lopez, horrela, euskal gizartearen gehiengoarekin dagoela. "Positiboa da hori. Hala ere, Lopezek gehiago egin dezake".

Madrilen izan zen atzo Lopez, hitzaldi batean, eta esan zuen ezin dela egunero baldintza berri bat asmatu legeztatzeari buruz. Beitialarrangoitiak iritzi dio alderdi politiko batzuetako buruzagiak ohartu direla "jarrera inmobilistan" jarraitzea ezinezkoa zaiela.

"Ezker abertzalea agenda politikoa baldintzatzen ari da", haren ustez, "eta herri honetan martxan dagoen mugimendua atzerabueltarik gabekoa da".

Eskaria Europatik

Europako Parlamentuko 21 diputatuk Sortu alderdia legeztatzeko eskatu diote Espainiako Estatuari, ez dezala trabarik jarri horretarako. Beitialarrangoitiak nazioarteko lana ere nabarmendu du.

Egigurenek dio Zapaterok ulertu egin dituela bere azalpenak

Jesus Egiguren PSE-EEko presidenteak adierazi du berak gutun batean Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburuari "ausardia politiko eza" leporatu izana "akatsa" izan dela, baina jakinarazi du atzo Zapaterorekin hitz egin zuela eta honek "ulertu" dituela emandako azalpenak. Bien artean arazorik ez dagoela ziurtatu nahi izan du, eta "polemika itxita" dagoela adierazi du gaur, Eusko Legebiltzarreko pasilloetan.

Egigurenek eskutitzean zioenez, Euskal Herria ezagutzen duen edozein politikari "seriok" ezin du ukatu Batasunak "armei agur" esan diela, egoera berriari erantzun egin beharko lioke Espainiako Gobernuak, baina honek jarrera "pasiboa" hartu du PPren oposizioaren aurrean, eta Zapaterok eskuina ez gogaitzea erabaki du, "ausardia faltagatik".

PSEk erretiratu egin du Sorturi buruzko proposamena

PSE-EEk bertan behera utzi du Eusko Legebiltzarrean Sorturen alde aurkeztekoa zen proposamena. Antonio Basagoiti EAEko PPko presidenteak aurreratu du sozialisten asmoa goizean, eta erabakia bere deia jaso ondoren hartu dutela gaineratu du. Sortuk biolentzia errefusatzen duela txalotzeko ekimena zen PSErena, baina Basagoitiren deiaren ondoren berriro pentsatu eta bertan behera uztea erabaki dutela esan du Basagoitik berak.

Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritza bozeramailea baieztatu du Basagoitik aurreratutakoa gaur goizean. PSE-EEk, aurretik igorritako ohar batean, euren asmoa ez zela inor mintzea esan du, eta Jaurlaritzan mantentzen duen alderdiaren kexuen ondoren, "egoera bideratzeko prest" daudela.

"Gauza bat da PPk sozialistak egiten ari diren adierazpeneki bat ez etortzea, okerreko norabidean ari direla pentsatzen dugulako, eta beste bat da egin behar ez diren gauzak egitea", adierazi du Basagoitik. PP ez dela PSErekin batera gobernatzen ari nabarmendu du Basagoitik, eta modu horretan hitzartutako betetzeko exijitzeko "eskuak libre" dituela esan du.

Astelehenean auzi saioa Gorenean

Auzitegi Gorena astelehenean hasiko da Sorturen erregistroaren gainean erabaki bat hartzen. Patxi Lopezek atzo ezin dela egunero legalizaziorako baldintza berriak asmatu salatu zuen eta lehendakariaren jarrera "erosoa" dela salatu du Iñigo Urkulluk gaur goizean. Sorturi egunero baldintza berriak ezin zaizkiola jarri esan eta ondoren epaileek esaten dutena errespetatuko dutela gaineratuz, Lopezek ezer ez duela esaten azaldu du.

Sortu lehenbailehen legeztatzearen alde agertu da EAJko presidentea, eta modu horretan gatazkaren konponbidea ere azkartuko delako itxaropena agertu du. Ezker abertzalean "tentsioa" ikusten duela esan du, eta ez lukeela nahi orain politika egin nahi dutenek atzera pausorik ematea. "34 urteko estrategia baten porrota barneratzea ez da erraza".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.